Larunbat arratsaldean jokatuko duten azken jardunaldia falta zaio futboleko 3. Federazio Mailako Tolosa CFri liga amaitzeko. Aurreko jardunaldian Reala C taldearen aurka galdu zuen, eta liga irabazteko aukerak galdu zituen, orain Arratia eta Athletic C lau puntutara baitituzte sailkapenean. Izan ere, igoera fasea jokatzeko aukera bakarrik lehen postuak ematen du.
Aritz Elorza entrenatzaileak azaldu duenez, «nik beti jokalariei esan diet helburua argi izan behar dugula, hau da, partida guztietan borrokatzea eta nortasun horrekin aurrera egitea». Aurreko urtetik taldeak kalitate salto handia egin duela nabarmendu du: «Klubak esfortzua egin du jokalariak ekartzeko, eta denok batera arraunean egin dugu korronte berean. Helburua zen goian ibiltzea, goian bukatzea, eta Tolosa ez da sekula horrelako mailan aritu. Jokalariek lortu dute hori eta oso pozik eta harro nago egin dutenaz».
Lehen postu hori lortzeko amets egiten egon dira azken asteotan. «Guretzako ametsa goian ibiltzea zen, eta uste dut ametsa eta helburua erabat lortuta daudela, beti ere ahaztu gabe asteburu honetan Añorga datorrela, eta lehia biziko partida izango dela», zehaztu du Elorzak. Tolosa CF hirugarren doa sailkapenean 42 punturekin, eta postu horretan amaituko du, laugarren dagoen Añorgak 36 puntu baititu.
Denboraldia «itzela» izan dela esan du Elorzak eta jokalariek «sekulako meritua» dutela: «Batzuk lanetik etortzen dira, beste batzuk ingeleseko klaseetatik korrika batean entrenamenduetan parte hartzeko. Azkoititik bi jokalari etortzen dira astean hiru aldiz entrenatzera. Elkartu eta ikusi behar duzu nola aritzen diren eta zer talde osatzen duten». Aurten zer talde igoko den ez dela jendea gogoratuko esan du Elorzak, baina Tolosa CFko kideak elkartzen badira denbora hori igarota, bizitutako bizipenak segituan gogoratuko dituztela dio.
Bestalde, Elorzak nabarmendu du azken partidetara ez direla fin iritsi, lesionatu asko izan dituztelako. Besteak beste, hiru jokalarik lotailu gurutzatuan lesioa izan dute. Hain justu, liga amaitu ondoren Euskal Kopa jokatuko da, eta ikusita zer egoeran dauden lesioen aldetik, ez dute garbi parte hartuko duten ala ez txapelketa horretan. «Jarraituko dugu entrenatzen, baina beste modu batean, modu ludikoago batean», esan du entrenatzaileak.