Bizilagunak egitasmoaren bidez, mahaiaren bueltan elkartu nahi dituzte, beste urte batez, hemen jaiotako familiak eta kanpotik hona bizitzera etorritakoak. Maiatzaren 10ean, igandean ospatuko dute aurten, Etxean edo parkean, harremanak elikatzen! lelopean.
Atzo aurkeztu zuten egitasmoa Tolosako Bidaiarien Txokoan, eta bertan izan ziren, besteak beste, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea, Cristina Fernandez SOS Arrazakeriako ordezkaria, Amaia Iturri Tolosaldea Garatzeneko ordezkaria, Igor Agirre Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkarteko ordezkaria, Irati Azpiroz Jatorkineko ordezkaria, Ndene Diop Boolo Senegal elkarteko ordezkaria eta eskualdeko beste hainbat alkate.
Egitasmo honen helburu nagusia da eskualdeko familia edo lagun talde bat eta kanpotik hona bizitzera etorritako beste familia edo lagun talde bat elkartzea bazkaltzeko, dinamizatzaile baten laguntzarekin. Otordua elkarrekin egiteaz harago, elkar ezagutzeko eta harreman berriak sortzeko aukera izango dute parte hartzaileek, beste kultura batzuetara hurbiltzeko aukera izateaz gain.
Duela lau urte inguru hasi zen egitasmoan parte hartzen Jeyson Zelaya, eta esperientzia ikaragarria dela dio «beste pertsona, kultura eta bizipen batzuk ezagutzen dituzulako, eta egitasmo oso lagungarria da gaur egun gizartean entzuten diren estereotipo guztiak hausteko».
Jone Gurrutxagak, berriz, aurten egitasmoan parte hartzen duen lehen aldia izango du eta gogotsu dagoela aitortu du: «Uste dut gure ingurua ezagutzeko aberasgarria izango dela, izan ere, gaur egun gure inguruan kanpotik hona bizitzera etorri diren pertsona asko daude eta horien historia ezagutzea garrantzitsua iruditzen zait. Kulturak nahasteko momentu aproposa eta polita izango da, non elkar ikasi eta erakustea daukagun, aurreiritziak alde batera utziz».
Espazioak zabalduz
Parte hartzeko espazioak zabaltzen jarraitu ahal izateko, etxeez gain, ekimena parkeetara eta elkarte gastronomikoetara ere irekia dela jakinarazi du Fernandezek, parte hartzea askotarikoagoa, malguagoa eta eskuragarriagoa izan dadin. «Helburua da parte hartzea erraztea eta topaketa hauek modu malguagoan eta eskuragarriagoan sortzea, izan ere, leloak dioen bezala, harremanak elikatzea da kontua, bazkari baten hasten diren harremanak baina hortik harago jarraitu dezaketenak».
Fernandezek gaineratu du, gaur egungo testuinguruan, non desberdintasunak, gorroto diskurtsoak eta diskriminazio egoerak geroz eta presenteagoak dauden beharrezkoa dela topaguneak eta benetako harremanak sortzea. «Batzuetan arrazakeriari aurre egiteko modurik eraginkorrena ez da diskurtsoetan oinarritzen keinu txikietan baizik, bazkari bat partekatzea bezalako keinuetan». Horretarako, gazteriaren parte hartzea ere sustatu nahi izan dute.
Martinez de Rituertok bere aldetik Tolosaldean bizi diren herritar guztiak eskualdearen parte direla azpimarratu du, «izan bertan jaiotakoa edo kanpotik etorritakoa». Azken aldian kanpotik etorritako jendearengan mezu ezkor asko entzuten direla aipatu du eta eskualdeko alkate guztien izenean ozen eta argi aldarrikatu du: «eskualdera zatozten guztiak bizi hobe baten bila zatozte eta gure gizartea aberastera, eta zer hoberik elkarbizitza hori indartzeko elkar ezagutza indartzea baino? Hori egiten du ekimen honek; estereotipoak eta aurreiritziak gainditu eta elkar ezagutza horretatik abiatuta elkarbizitza sendotu eta hobetzen ditu».
Tolosaldean ez ezik Bizilagunak egitasmoa Gipuzkoako beste eskualde batzuetan ere egingo dute, hala nola, Donostialdean, Buruntzaldean, Oarsoaldean, Bidasoan, Debagoienean eta Urola Garaian. Iaz, Gipuzkoa osoan 430 pertsonak parte hartu zuten eta 30 bazkari egin ziren guztira, eta Tolosaldean, 84 pertsonak parte hartu zuten 12 bazkaritan banatuta. Interesdunek hilabete amaiera bitarte eman dezakete izena, dinamizatzaile zein familia gisa, tolosaldea@sosracismo.eu helbidera idatzita edo egitasmoaren webguneko formulario beteta.