Giro ederrean egin dute zikloturismo martxa

Leyre Carrasco 2026ko apirilaren 19a

La Olano 8 Tontor martxa zikloturista egin dute goizean eskualdean; espero baino parte hartzaile gutxiago izan dira aurtengo edizioan, baina antolatzaileak pozik agertu dira probarekin.

Txirrindulariak 08:30ean abiatu dira Usabal kiroldegitik. Tolosa inguruko bideak ezagutu eta horietaz gozatzeko aukera izan dute parte hartzera animatu direnek. Guztira, 8 tontor igo dituzte eta bi ibilbide izan dituzte aukeran; batetik, 133 kilometroko ibilbide luzea, eta bestetik, 90 kilometroko ibilbide motza.

Tolosako Oriako Txirrindulari Eskola da probaren antolatzailea, eta orokorrean balorazio positiboa egin dute, «giroak lagunduta eta inongo ezbeharrik gabe». Hala ere, parte hartzaile kopuruari dagokionez, espero baino baxuagoa izan dela aipatu dute: «Askotan, ez dakigu zergatik, baina Gipuzkoa mailan ikusten dugu proba batzuetan jendeak apuntatzeko erraztasun handia duela eta beste batzuetan kostatu egiten da. Aurten, ez da jende asko apuntatu, eta ziur aski atzoko futbol finalak horretan eragin duela, baina apuntatu diren txirrindulariekin oso gustura gaude eta oso ondo joan da».

Martxak Usabal kiroldegian izan du amaiera. Helmuga puntu horretan parte hartzaileek jan-edana postua izan dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!