Voith Paperrek hamabost langile kaleratu nahi dituela salatu dute

Ataria 2026ko apirilaren 18a

Enpresako langile batzordeak salatu du Voith Paper konpainiak kaleratzeak egin nahi dituela aldi baterako erregulazio espedientea negoziatzen ari diren bitartean. 

186 langile aritzen dira Voith Paper Tolosako enpresan, eta momentu honetan urte bukaerara arte ezarri nahi duten aldi baterako erregulazio espedientea ari dira negoziatzen. Enpresa batzordeak –ELAk bost ordezkari ditu eta lau LABek– esan du ERTEa negoziatzeko lehen bileran enpresak hamabost lanpostu suntsitu nahi dituela adierazi duela. Pasa den urtean ere zuzendaritzak ERTE bat ezarri zuela gogoratu dute, eta gero adostu gabe luzatu zuela. Enpresa Hitzarmena berritu behar dela gaineratu dute.

Enpresa batzordeak uste du Voith taldeak irabaziak handitu nahi dituela Tolosako lanpostuen eta baldintzen kontura, enpresa berak onartu baitu irabazien aldea % 7tik % 10era igo nahi duela. 

Voith Paper Tolosako Apatta Industrialdean dago, eta papergintza industriarako ekipamendua eta zerbitzuak eskaintzen ditu. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!