Egiptoko Sharm el Sheik herriraino joan dira Igarondo Urpekoak taldeko beteranoak, master mailako Munduko Txapelketan parte hartzera. 19 herrialdetako partaideak izan dira, lau kontinentetatik joandakoak. Patxi Mongek eta Gregorio Manzisidorrek 50-59 urte arteko kategorian lan ederra egin dute txapelketa horretan.
Manzisidorrek 200 eta 400 metro ur gainekoan eta Mongek 50 metro apnean urrezko dominak lortu dituzte, eta, beraz, munduko txapeldunak izan dira proba horietan. Mongek bi zilar lortu ditu ere, 50 eta 100 metro ur gainekoan, eta Manzisidorrek proba berberetan brontzezko dominak. Podiuma elkarbanatzea polita izan dela esan dute igerilariek. «Izugarrizko txapelketa taldeko beteranoena», esan du klubak. «Gure igerilarientzat esperientzia ederra izan da ere, mundu guztiko igerilariekin bere kirola gozatu dutelako».