ELKARRIZKETA

«Gure egitasmoen atzean proiektu pedagogiko oso-oso indartsuak daude»

Jon Miranda Labaien 2026ko apirilaren 25a

Maite Asensio Iparragirre. J.M.

Aisialdi hezitzaile euskaltzalean lan egiten duen elkartean koordinatzaile orokor dabil azken zazpi urteetan Maite Asensio Iparragirre. Hizkuntza eta pedagogia ardatz hartuta, heziketa ez-formaleko espazioak eraikitzen dihardute Heztenen.

Aste Santua deskantsurako baliatu du Maite Asensio Iparragirrek (Tolosa, 1980), hemendik eta uztaila bitarteko hilabeteak lan askokoak izaten baitira Heztenen. Udan hainbat aisialdi egitasmotan begirale izateko 300 gazte baino gehiago kontratatzen dituzte. Haien hautaketa prozesuan murgilduko dira datozen asteetan.

Haur Hezkuntzan gradua duzu, baina behin ere ez zara aritu hezkuntza arautuan. Zergatik?

Ez naiz eroso sentitu izan. Ez dut helburu akademikoei begirako metodologia horretan sinesten. Kontrara, iruditzen zait hezkuntza ez-formalak asko duela emateko, haur eta gazteengan eragiteko potentzial handia duela, eta batez ere, ez duela inor atzean uzten. Justuagoa da.

Euskalgintzatik iritsi zinen zu hezkuntza ez-formalera?

Haur nintzela hasi nintzen Kazkabarra aisialdi taldean, eta koskortu ahala, begirale jarraitu nuen. 18 urte nituela galdu xamar nenbilen, ez nekien zer ikasi, eta Gasteizera joan nintzen ingeles filologia egitera. Han nenbilela, begirale titulua atera nuen Urtxintxa eskolan —gerora Hezten izango zen horretan—, eta handik gutxira hots egin zidaten bertan lanean hasteko. Orduan erabaki nuen, nire formazioa osatzearren, irakasle titulua ateratzea, baina ez naiz inoiz eskola arautuan aritu; nire ibilbide osoa Heztenen egin dut.

Hezten zer da? Hezitzaile eskola bat?

Irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, baina eskola ere badu. Heztenen egitasmo asko dauzkagu martxan, eta guretzat ezinbestekoa da pertsona prestatuak eta tituludunak edukitzea, gero egitasmo horietan aritzeko. Begirale eta Zuzendari titulu ofizialak ematen ditugu.

Zein berme du titulua Heztenen ateratzeak?

Gurea elkarte euskaltzalea da, aisialdi hezitzailearen eremuan aritzen dena. Hortaz, oinarri-oinarrizkoa iruditzen zaigu gero hemen lan egingo duten hezitzaileek formazioa Euskal Herrian jasotzea. Ikusi dugu nola joan den jendea kanpora titulu azkar bat ateratzera, baina ez zaigu konparagarri iruditzen han jasotzen duten formazioa eta hemengo eskoletan jasotzen dutena.

Aisialdi euskaltzalea bultzatzen duzue. Zein egitasmo lantzen dituzue arlo horretan?

Guretzat lehentasunezkoa da hizkuntza-normalizazioa. Gure egitasmoen bidez euskara erabileran eragitea bilatzen dugu, eta ahalegintzen gara adin-tarte desberdinetako pertsonengan hizkuntza ohitura berriak sortzen. Titulua ateratzera etortzen diren gazteak, adibidez, soziolinguistikan trebatzen ditugu; horretarako, 150 ordutik 30 enplegatzen ditugu. Aisialdi hezitzailean ez da nahikoa jolasak euskaraz egitearekin; hezitzaileak jakin behar du zer egin gazteak euskarara erakartzeko.

«Ahalegintzen gara adin-tarte desberdinetako pertsonengan hizkuntza ohitura berriak sortzen»

Orain lehen baino zailagoa da hori?

Bai. Guri txikitan euskaraz egiteko esaten ziguten, eta obeditu egiten genuen, baina gaur egun euskaraz egin dezaten eskatzea ez da nahikoa. Gipuzkoan bertan ikusi dugu D ereduan ikasi duten gazte batzuk badituztela zailtasunak: aurrena hitz egiteko ohitura galtzen dute, gero hitz egitekoa, eta, azkenerako, euskara ulertu ezinean ibiltzen dira. Ume horiek euskaraz ikasten dute eskolan, baina ez dute nahikoa. Uste dut badela garaia gauzak mahai gainean jartzeko: alferrik ari gara, gazteek inguruan euskarazko ekosistema bat ez badute.

Aisialdi hezitzaileak zein funtzio bete dezake ekosistema horretan?

Funtzio garrantzitsua. Aisialdiak eskaintzen digun espazio informal horrek ahalbidetzen digu gazteengan eragitea: bizipen positiboak sortzen ditugu, haien gozamenerako ekitaldiak antolatu, talde identitatea sortu... Horregatik diogu garrantzitsua dela hezitzaileek soziolinguistikan ezagutza edukitzea haur eta gazteak euskarara inguratzeko: jakin behar dute datuak aztertzen, eta metodologia eta estrategiak prestatzen.

Aisialdiaren eremua zabala da, ordea, eta haur eta gazteek askotan jasotzen dituzte inputak beste hizkuntzetan.

Egia da. Aisialdia gauza askok osatzen dute, eta gurea aisialdi antolatua deitzen diogun hori da. Dena den, berriro diot, ekosistema guztian jarri behar da begirada. Ume batek euskararekin duen harreman bakarra eskola bada, eta gero familia, lagunak, eskolaz kanpoko kirola, pantailak, denak gaztelaniaz jasotzen baditu, nekez izango da euskal hiztun.

Sinesten duzu aisialdi hezitzaileak duen gaitasun eraldatzailean?

Bai, noski. Uste dut hizkuntza normalizazioan eragiteko gai garela, eta, horregatik, ari gara lanean. Gurea beti izan da beste arlo batzuekin konparatuta oso aurreratua. Gizartean boladan zer dagoen begiratzen aritzen gara, gero gure egiteko moduetan txertatzeko. Hezkuntza ez-formalean norberaren behar zehatzak kontenplatzen dira, eta inklusioa oinarri hartuta, espazio seguruak sortzen dira inor atzean gera ez dadin; zailtasunak dituenak ere gara ditzake bere gaitasunak, balioak, usteak, interesak eta kezkak.

«Hezkuntza ez-formalean norberaren behar zehatzak kontenplatzen dira, inklusioa oinarri hartuta»

Uste duzu jendartean gero eta presenteagoa dagoela mundua ulertzeko modu hori?

Beste espazio bat ematen zaie gai hauei, baina batzuetan zalantza sortzen zait. Aniztasunaz asko hitz egiten da, baina zenbait espaziotan, behintzat, aniztasunak gero eta toki gutxiago du. Badaude oso galduta dauden haur eta gazteak, eta enkajatzen ez dutenak.

Zuek lantzen duzuen ikuspegia minorizatua da?

Bai, zoritxarrez. Futbolari, adibidez, gizartean garrantzi izugarria ematen zaio, eta iruditzen zait bestelako balioak sustatzen direla espazio horietan. Ume horiek bizi duten agresibitatea izugarria da, eta etxean edo aisialdi esparruan hezitzaileek haiekin lanketa egiten ez badute, etorkizunean agresibitate hori erreproduzitzen bukatuko dute.

Alde horretatik, gaitasunak indartzeko eremua da aisialdi antolatuta, presiorik gabekoa, eta esango nuke beharrezkoa dela estimu baxuarekin edo gutxietsita sentitzen direnentzat. Gure egitasmoetan ez dago lehiarik, irabazle edo galtzailerik, dinamika guztiak dira kooperatiboak, eta helburuak baino gehiago balio du prozesuak. Gure egitasmoen atzean proiektu pedagogiko oso-oso indartsuak daude, argi dugu gauzak zergatik eta zertarako egiten ditugun. Dena den, askotan ez dakit hartzaileek fokua horretan jartzen ote duten.

Zergatik diozu hori?

Ez dakit aisialdiko egitasmo bat aukeratzerakoan askotan gurasoek zeri begiratzen dioten. Kontziliazioari soilik? Heziketa ikuspegitik egia da gurasoak garai batean baino presenteago daudela gaur egun, baina babesetik aritzen dira asko eta asko. Gure lanean kudeatzen zailena egiten zaiguna zenbait gurasoen jarrera da: badira seme-alabentzat lan eske deitzen digutenak, edo haserre etortzen zaizkigunak haien umeek ikastaroa gainditu ez dutelako. Oso orokorretik ari naiz, baina ikusten dugu gazteek geroz eta autonomia gutxiago dutela, eta ezustekoren baten aurrean ez dakitela erreakzionatzen. Badugu kezka hori, eta iruditzen zait gizarteak egin beharko lukeela horren inguruko hausnarketa.

«Gurasoak garai batean baino presenteago daude gaur egun, baina babesetik aritzen dira asko eta asko»

Gure ustez, hezitzaileok akonpainamendu lana egin behar dugu, alboan egon behar dugu laguntzeko, baina haur eta gazteei utzi egin behar zaie beren bidea egiten.

Entzuten al da gazteen ahotsa?

Arlo askotan isilarazi egiten da gazteen ahotsa. Gizarte oso antolatuan bizi gara, askotan gauzak nola egin behar diren esaten digute. Testuinguru horretan ez da erraza iritzia ematea, gazteak ez daude horretara ohituta. Euskarari dagokionez, adibidez, ikusi dugu nola ari diren ugaritzen kontrako diskurtsoak. Hezitzaileek heldulekuak behar dituzte jarrera horiek kudeatu eta gazteak motibatzeko. Hori bai, dinamika horiek aldatzen direnean eta gazteei hitza ematen zaienean, agerian geratzen da zeinen aberasgarria den.

«Arlo askotan isilarazi egiten da gazteen ahotsa. Gizarte oso antolatuan bizi gara»

Zein egitasmotan jartzen duzue hori proban?

Saiatzen gara gure egitasmo guztietan parte hartzeari lekua egiten. Orain, adibidez, Asteasuko gaztelekua kudeatzen hasi gara, parte hartze prozesu baten ondoren. Gazteak ez dira hara joaten geldirik egotera. Haiek dira programazioa diseinatzen dutenak, ekarpenak egin, eta adostutako ekintzak aurrera eramateko ardurak hartzen dituztenak. Egitasmo horretan, eta beste hainbatetan egindako lanari esker, nabari dugu ari garela gazte arduratsuak sortzen.

Beste egitasmoren bat baduzue martxan Tolosaldean?

Bai. Tolosaldea Garatzenekin batera Gazteak Ongi Etorri programa kudeatzeko bi hezitzaile ditugu. Eskualdera azken bi urteotan iritsi diren haur eta gaztetxoentzat astean bi orduko dinamizazio bat egiten dugu, beste modu batera euskarara hurbil daitezen. Eskolan euskara jasotzen dute, baina gure laguntzarekin, jolasen bitartez, hizkuntzara modu atseginago batean gerturatzen dira.

Aisialdi hezitzailearen eremuan zuena bezalako elkarte asko dabiltza?

Bai, eta hori guretzat poztekoa da. Guk herri askotan dauzkagu egitasmoak, baina ikusten badugu herriren batean bertako eragileren bat lanean ari dela, bigarren maila batean geratzen gara, eta haiei ematen diegu protagonismoa. Lehentasunez euren herrietan haiek aritu behar dutela uste dugu.

Tolosaldean aisialdi elkarte asko dago?

Bai, eta Tolosan bereziki. Ez da ohikoa hainbeste talde topatzea tamaina horretako herri batean. Aberasgarria da.

Lehen baino osasuntsuago daude aisialdi talde horiek?

Egia da orain arte eutsi diotela. Talde hauek euren jarduna boluntarioen lanarekin ateratzen dute aurrera, eta badakigu borondatezko lana azkeneko urteetan gainbehera datorrela. Heztenetik saiatzen gara ekosistema hori bizirik mantentzen, eta askotan ematen diegu aholkularitza, edo, beharrezkoa dutenean, laguntza ere bai.

Administrazioak geroz eta estuago hartzen al ditu taldeok?

Bai. Eusko Jaurlaritza orain ari da aisialdiko egitasmoen dekretua berritzen. Zorionez Heztenetik ekarpen batzuk egiteko aukera izan dugu, baina, hala ere, kezkatzen gaitu egoerak. Dekretua bere horretan onartzen bada, baldintzak gogortuko zaizkie talde txikiei, eta horietako asko desagertzeko arriskuan geratuko dira.

Zure eguneroko lanean gai hauen kudeaketak tarte handia hartzen al du?

Urte asko daramatzat Heztenen, eta ia atal guztietatik pasa naiz. Jaizkibelgo Piraten Etxean hezitzaile hasi nintzen, Mari Pirata bezala. Gero, begirale titulua ateratzeko eskoletan tutore bezala aritu naiz, eta beste urte dezente eman ditut soziolinguistika atalean. Azkeneko urteetan bezeroen arretan egon naiz, eta hori ere gustura egin dut; aisialdiaren eremuan dauden hutsuneak eta beharrak diagnostikatu, eta haiei erantzuteko proposamenak landu izan ditut udaletxe eta ikastetxeekin. Oraindik ere jarraitzen dut lan horretan, nahiz eta duela zazpi urtetik elkarteko koordinatzaile orokorra naizen.

Zeintzuk dira zure funtzioak koordinatzaile orokor bezala?

Azkeneko urteetan asko handitu da Hezten, eta urtean zehar, 35 langile aritzen gara hainbat lantaldetan banatuta. Lantalde bakoitzak bere koordinatzailea du, eta haiekin elkarlanean aritzea eta lantalde bakoitzari begirada jartzea dagokit. Eginkizun hauetan hasi nintzenean ez nuen arlo honetako formazio berezirik, baina esperientziarekin asko ikasi dut.

Zein alde on eta zein alde txar ditu zure lanak?

Egia esan eroso nabil. Gauzak ondo doazenean oso atsegina eta eskertua da nire lana. Etxe barruari begira ez dugu gatazka handirik izan, eta tentsioak, izatekotan, kanpora begira izan ditugu, batzuetan geure hanka-sartzeengatik, eta besteetan gaizki ulertuengatik. Pertsona lasaia naiz eta gauza horiei patxadaz egiten diet aurre, gaizki egindakoetatik ikasi eta aurpegia eman behar denean aurpegia eman. Horixe tokatzen da.

Askotariko harremanak ditu Heztenek. Denetan egokitzen zaizu ordezkaritza lanak egitea?

Ez, ezinezkoa litzateke. Koordinatzaileen artean banatzen ditugu ordezkaritza horiek. Guretzat garrantzitsua da beste eragileekin harremana edukitzea, eta geure txikitik, sare horiek indartzen laguntzea. Soziolinguistika Klusterreko zuzendaritzan hartzen dugu parte, Oinherriren parte gara, eta Kontseiluko bazkide. Gainera, Astialdi sarean ere bagaude.

«Lankideon artean konfiantza handia dugu, eta denok konpartitzen dugu mundu ikuskera bertsua»

Noiz arte jarraituko duzu Heztenen koordinatzaile orokor?

Ez dakit esaten. Uste dut koordinazio orokorra bezalako ardurek epe mugatua behar dutela. Nik zazpi urte daramatzat eta badakit iritsiko dela unea erreleboa emateko. Oso ekipo indartsua dugu elkartean, lankideon artean konfiantza handia dugu, eta denok konpartitzen dugu mundu ikuskera bertsua. Erraza da horrela lan egitea. Garaia heltzen denean nire lankideetako edozein egongo da prest nik egiten dudana egiteko. Haize berria sartzea beti da positiboa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!