Adinekoen erorketak saihesteko gomendioak emateko saioa antolatu du Mugi Tolosak astelehenerako, apirilaren 20rako alegia. Egunerokotasunean askotariko esparru eta unetan izan daitezkeen arrisku eta arazoak identifikatu eta horiei aurre egin edo horiek saihesteko gomendioak emango dituzte. Kultur etxean izango da, 10:30ean hasita, eta bi ordu iraungo du. Saio irekia da; beraz, interesa duen herritar orok parte hartu dezake.
Bi ardatz nagusi izango ditu saioak. Lehenengo atalean, erorketen prebentzioari buruz ariko dira Tolosako anbulatorioko fisioterapeuten eta erizainen laguntzarekin. Bertan landuko dituzte, besteak beste, etxe barruko eta kaleko arriskuen identifikazioa, erorketak prebenitzeko jarraibideak, erorketa baten aurrean izan beharreko jokabidea eta lurretik altxatzeko ariketak, egoera horietan autonomia eta segurtasuna handitzeko.
Bigarren atalean, berriz, lapurretak saihesteko ikastaroa egingo dute, Maria Luisa Oyarzabal Tolosako udaltzainaren eskutik. Telefono bidezko eta bankuko iruzurrak ez gertatzeko gomendioak emango ditu, baita kalean modu seguruan ibiltzeko aholkuak ere, herritarren segurtasuna indartzeko helburuarekin.
Jardunaldiaren helburua da adineko herritarrek egunerokoan izan ditzaketen arriskuak identifikatzen laguntzea eta horiei aurre egiteko tresnak ematea, betiere, osasuna eta segurtasuna zaintzea ardatz hartuta.