Elurra urruti izan arren, iraupen eskian bikain dabiltza

Ataria 2026ko apirilaren 16a

June Aranburu eta Libe Curras.

June Aranburu eta Libe Curras Alpino Uzturreko iraupen eskiatzaile tolosarrak gazteen mailako nazioarteko probetan lehiatu dira denboraldian zehar.

Iraupen eskiko Alpino Uzturre taldeko kideak dira June Aranburu (Tolosa, 2009) eta Libe Curras (Tolosa, 2011). Emaitza oso onak lortu dituzte bukatu berri den denboraldian, eta horiek ahalbidetu diete nazioarteko probetan parte hartzea.

Aranburu 18 urtez azpiko mailan lehiatzen da, baina kategoria horretan egonik absolutu mailakoekin lehiatzen da. Iraupen eskian Euskal Herrian lehenengoa izan da bere mailan eta hirugarrena absolutuan, bai esprintean eta bai distantzian. Espainiako Txapelketan, berriz, bere mailan bigarren izan da bai distantzia luzean skatin modalitatean eta bai esprintean klasiko modalitatean. Absolutuan, esprintean bosgarren eta distantzian zazpigarren postuak lortu ditu. Curras 16 urtez azpiko mailan lehiatzen da, eta Espainiako Txapelketan distantzian hirugarren izan da eta esprintean bigarren. Espainiako Kopan lehenengo postua lortu du, eta Euskal Herriko txapelketetan ere lehen postuak lortu ditu.

Oraindik elurrik ez dagoenean, gurpil gaineko eskietan edo rolleskian aritzen dira Alpino Uzturrekoak. Aranburuk absolutu mailan Espainiako Txapelketan esprintean seigarren egin zuen eta distantzian bigarren; Euskal Herrikoan, berriz, bigarren izan zen absolutu mailan. Bere aldetik, Curras Espainiako Txapelketan bigarren izan zen esprintean eta lehenengoa distantzian; Euskal Herrikoan esprintean lehenengoa izan zen.

Gustura daude biak lortutako emaitzekin. «Beti dago zerbait hobetzeko, baina kontuan izan behar da Espainiako Txapelketan senior mailakoekin lehiatzen naizela eta zailagoa egiten zaidala emaitza onak lortzea nire kategorian baino», esan du Aranburuk. Currasek gaineratu du emaitza horiek lortzeko lana egiten dutela: «Junek esan duen moduan, beti geratzen zara zerbait hobeto egin zenezakeenaren sentsazioarekin, baina ez nago kexatzeko». Tolosan bizi eta eskiatzen goi mailan aritzeko erronka nabarmendu du Aranburuk: «Nahiko zaila dugu urtetik urtera eskiatzera joateko. Aurten Belaguan elur dezente egon da, baina urteak izan dira elur asko ez dena egon. Beti egin zaigu zaila eskiatzea. Lortu dugun emaitzak lortuta pozik gaude, eta horrek aukera eman digu Espainiako selekzioarekin nazioartean lehiatzeko, eta hori ere baloratzekoa da».

Aldea beste eskiatzaileekin

Nazioarteko bi probatan izan da Curras, eta horietako bat herrikoia izan da, Skiri Trophy izenekoa. Bestea Fesa Cup izenekoa da, eta bertara Espainiako selekzioarekin 16 urtez azpiko bi neska eta bi mutil eta 18 urtez azpiko bi neska eta bi mutil joaten dira. Horra ere Aranburu joan da. «Europako Kopa moduko bat, eta hor jende gutxiagoa izaten da, eta maila altua dago Skiri Trophyrekin alderatuta», esan du Currasek. «Espero nuena baina handiagoa izan zen. Azken finean, eskiatzea beraien egunerokotasunean sartuta dago. Guk bi ordu pasa behar ditugu eskiatzera joateko». 29. postua lortu zuen bere mailan, eta Aranburu 35.a izan zen 18 urtez azpikoetan, eta erreleboka lehen hamabosten artean sartu zen. «Ni nahiko gustura geratu nintzen», esan du Aranburuk. «Azkenean esperientzia berri bat bizitzera joaten gara bertara, eta horrelakoetan ondo pasatzen dut. Ikusten da alde handia dagoela hemengo eta hango mailen artean».

Erronka handia da eskiatzeko lekuak hain urruti izatea beraientzat, eta alde handia dagoela diote Europan zehar dauden herrialdeko eskiatzaileekin alderatuta. «Gustatuko litzaidake beraiek bezainbeste egunetan eskiatu ahal izatea, eta beraien baliabideak izatea», esan du Aranburuk. «Guk egiten dugunerako noraino iristen garen ikusita, pozik sentitzen naiz». Currasek ere modu berean pentsatzen du: «Gu ahal dugun postu onena lortzera joaten gara, baina ez gara postu jakin bat egitera joaten. Bai pentsatzen duzula beste aurkarien maila izatea nahi duzula, baina dena ez da proban zer emaitza lortzen duzun, ikasten duzuna eta bizitzen duzun esperientzia da balio duena».

Ekainean hasten dira nahiko serio entrenatzen, eta udan gurpil gaineko eskian, bizikletan, korrika eta gimnasioan aritzen dira. Elurra hasten denean, asteburuetan eskiatzera joaten dira, eta astean zehar jarraitzen dute gurpil gaineko eskiekin, korrika egiten eta gimnasiora joaten. Bizikletan ez dira aritzen. Denboraldia martxo bukaeran amaitu zuten, eta apirilean atseden pixka bat egiten dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!