Euskaldunen eguneroko hizkuntza-jardunari erreparatu, eta eguneroko euskarari astindu bat emateko helburuarekin, Euskaraz ganoraz doako ikastaroa emango du Xabier Euzkitzek. Tolosako Udalak antolatu du, Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkartearen laguntzaz. Hiru asteartetan izango dira saioak, apirilaren 21ean, eta 28an, eta maiatzaren 5ean, 18:30etik 20:00etara, Galtzaundiren Plaza Berriko egoitzan.
Zer da 'Euskaraz ganoraz' ikastaroa?
Ni, gehienbat, euskarak narabil; nire inguru osoa euskalduna da, eta euskaraz lan egiteko zortea dut. Belarriak tente izaten ditut beti, nire inguruan den jendeak zer hizkuntza darabilen eta nola darabilen entzuteko. Zalantzarik gabe, garrantzitsuena euskara erabiltzea da, baina nik argi frogatua dut euskaraz ondo egiteak hobeto komunikatzeko baliabideak ematen dizkigula.
Zabartzen garenean, eta darabilgun euskarari batere arretarik eta axolarik jartzen ez diogunean, adierazkortasuna kamustu egiten da, eta askoz errazagoa da erdaretara jotzea. Gauza hauek asko kezkatzen naute. Gutako bakoitzak darabilgun euskara erreparatu beharrekoa da. Konturatu gabe zabartzen gara, inguruko erdarek asko eragin eta kutsatzen gaituzte, eta, askotan, gure hizkuntzaren naturaltasunak ere zehar-kalteak izaten ditu.
Ni ez noa inoren irakasle gisa. Begirale erne bat naiz, eta baditut hainbat gauza identifikatuak, euskara hobeto erabiltzeko gakoak izan daitezkeenak. Ditudan mila zalantza mahai gainean jarriko ditut, eta denen artean saiatuko gara erantzunak aurkitzen. Darabilgun euskarari gainbegiratu edo astindu bat eman, guztion artean gogoeta egin eta zerbait ikasteko parada izango da.
Ez al da nahikoa euskaraz egitea? Hobeto ala okerrago egin, eragina al du erabileran?
Bai, zalantzarik gabe. Euskaraz maila ona baldin badaukazu, adierazkortasuna handiagoa izango duzu, hobeto komunikatuko duzu, eta askoz ere premia txikiagoa izango duzu erdaretara jotzeko. Euskaraz erraz eta egoki egiten duenak, solaskidea euskalduna duelarik, zeren premia dauka beste hizkuntza batera jotzeko? Aldiz, komunikazio gaitasunez kamuts samar bazabiltza, eta erraztasunik ez baduzu, joera handiagoa izango duzu erdaretara jotzeko.
Ez da obsesionatu beharreko zerbait. Hala ere, askotan, modek eta esamolde traketsek oharkabean eramaten gaituzte erdaretara. Berehala barneratzen ditugu, gaizki daudenik ohartu ere egin gabe. Behar besteko iragazkirik gabe erabiltzen diren hainbat hitz eta esamolde daude, oharkabean irensten eta erabiltzen ditugu, egokiak direlakoan.
Nori dago zuzenduta?
Ez da irakasleentzat edo C2 azterketa prestatzen ari direnentzat espresuki egina; denoi etorriko zaigu ondo. Lehenago, Azkoitian eta Zarautzen egin nuen, eta askotariko jendea joan zen ikastaroetara: euskaraz asko zekitenak nahiz maila praktikoan bakarrik erabiltzen dutenak. Oso gustura nago ikastaroak bi herrietan izan zuen harrerarekin. Zarautzen, esaterako, erabat harritu ninduen, eta asko poztu, jendearen profilak. Gehienbat, herritar xumeak joan ziren, kaleko jende arrunta, eta oso esperientzia aberasgarria izan zen. Hortaz, Tolosan edo Tolosaldean bizi eta euskararekiko eta euskararen erabilera egokiarekiko kezka, ardura nahiz axola pixka bat duen edonorentzat izan daiteke.
Zein izango da dinamika?
Ordu eta erdiko hiru saio izango dira; ez dut inor aspertu nahi, eta saiatuko naiz saioak ahalik eta dinamikoenak izan daitezen. Besteak beste, zenbait hitz eta esamolderi buruzko gogoeta egingo dugu, esamoldeak landuko ditugu, denon artean ordain egokiak bilatzen saiatuko gara eta guztiok oso ezagunak ditugun kantuak abestuko ditugu. Saioen amaieran, hitanoaren erabilerari buruz ariko gara eta hika ganoraz eta zuzen hitz egiteko arauak errepasatuko ditugu. Ez gara gramatikaren ur sakonetan barneratuko. Jostagarria izango da, eta ikasteko balioko digu.
Euskaraz ganoraz egiten ez duten euskaldunen artean, zeintzuk izaten dira akatsik ohikoenak?
Asko daude, esate baterako, bota aditzaren erabilera. Hegoaldeko euskaldunok, gaztelaniaren eraginez, bereziki trakets erabiltzen dugu, eta zenbait erabilera oso barneratuak dauzkagu: faltan bota, andregaia bota, zigarroa bota, siesta bota... askoz gehiago ere badaude. Halako kasuetan, zalantzak plazaratu eta ordain egokiak proposatuko ditugu.
Zer espero duzu Tolosan?
Uste dut jende dezente joango dela, euskararekin interesatutako herritar asko dagoelako Tolosan. Elkarrekin ikasteko oso plaza aproposa izan daiteke, eta ilusio handia dut. Lauzpabost urte nituenean, tarteka, Tolosako hizkeran aritzen nintzen amarekin jolasean, hura iruditzen zitzaiolako garbiena edo eredugarriena. Beti izan du aura hori.
Azken urtean, Tolosako kaleetan gaztelania gehiago entzun da euskara baino. Horrek zer pentsatua ematen dizu ikastaroaren aurretik?
Bai, zalantzarik gabe. Euskara interesatzen zaigunok beti ematen dizkiegu bueltak datuei. Nik sekulako zortea izan dut. Familia arras euskaldun batean sortua naiz, eta herri euskaldunenetan bizi izan naiz. Tolosan bilakaera biziki interesgarria izan du euskararen erabilerak; irauli handia eman zaio soziologikoki. Orain, berriz, joera aldaketa ageri da.