Amarozko eta Usabalgo biribilguneen arteko bidegorri tartea osatuko du Aldundiak

Ataria 2026ko apirilaren 16a

Diputatuen Kontseiluak bultzada eman die Tolosan bidegorri tarte berri bat egiteko eta Amasa eta Villabona artean oinezkoentzako bide seguru berria eraikitzeko proiektu banari.

Diputatuen Kontseiluak onartu du Tolosako Usabal eta Amarozko biribilguneen artean bidegorriari jarraipena emateko tarte berria eraikitzea, eta Amasa eta Villabona arteko oinezkoentzako bide babestua egiteko proiektuak gauzatzea.

Batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Tolosako Udalaren arteko hitzarmen bat sinatzea onartu du Kontseiluak, Usabal eta Amarozko biribilguneen arteko oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbideari jarraipena ematea ahalbidetuko duen proiektua gauzatu eta finantzatzeko. Tarte hori Txarama arteko bidegorri berriarekin lotuko dute. Hala, Eider Mendoza diputatu nagusiak esan du «esku-hartze puntuala dela, baina ezinbestekoa, oso erabilia den ibilbidea osatzeko eta Tolosako bidegorriei jarraipena emateko, segurtasuna eta erosotasuna bermatuz». Gaur egun, biribilguneak espaloi batek lotzen ditu. Proiektuak 4,5 metroko zabalerako zati berri bat eraikitzea aurreikusten du, 2,5 metro zabalerako bidegorri bat, eta 2 metroko espaloi bat. Ibilbide berri hori, gainera, ibilgailuen zirkulaziotik babestuta egongo da. Esku-hartzearen barruan euri-urak drainatzeko sistema hobetzea eta argiztapen berria instalatzea sartuko dira.

Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 339.045,07 eurokoa da (BEZa barne), eta gauzatzeko aurreikusitako epea hiru hilabetekoa da. Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzaketaren % 53 bere gain hartuko du, Tolosako Udalarekin partekatutako proiektu baten esparruan.

Amasarako errepidean oinezkoentzako bide berria
Bestetik, Amasa eta Villabona artean oinezkoentzako ibilbide berri bat egiteko eta GI-3751 errepidea zabaltzeko proiektua ere onartu dute. Helburua bide-segurtasuna eta bi guneen arteko komunikazioa hobetzea da. Proiektuarekin batera, hitzarmen bat sinatuko da Amasa-Villabonako Udalarekin. Gaur egun, Amasara igotzeko errepideak zabalera txikia du, eta ia ez du oinezkoentzako lekurik uzten. Horrek zaildu egiten du ibilgailuak eta oinezkoak seguru mugitzea. Obrei esker, oinezkoentzako espaloi segurua, jarraitua eta argiztatua eraikiko da, Amasara igotzeko errepidearen paraleloan, Iberdrolaren azpiestazioraino, eta galtzada bera ere zabalduko dute.

Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 1.079.168,51 eurokoa da (BEZa barne), eta gauzatzeko aurreikusitako epea 10 hilabetekoa da. Finantzaketa bi erakundeek partekatuko dute: Villabonako Udalak kostuaren % 60,74 hartuko du bere gain (655.486,95 euro), eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, gainerako % 39,26 (423.681,56 euro). Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamendua arduratuko da obrak gauzatzeaz, eta, lanak amaitutakoan, errepidea udal-titulartasunekoa izango da.

Era berean, jarduketari esker, telekomunikazio-kanalizazio berriak ezarri eta gas naturala banatzeko sarea hobetu ahal izango dutela esan dute. Aurreikuspenen arabera, obrak aurten bertan lizitatu eta hurrengoan egingo dira. N-I errepidearen lotune horretan bertan, Foru Aldundia jarduketa osagarri bat egiten ari da Amasarako errepidearen hasieran (GI-3751). Bertan, oinezkoentzako espaloi bat eraikitzen ari dira, 2 metroko zabalerakoa. Obra hori aurreratuta dago, eta maiatzaren amaierarako bukatzea aurreikusten da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!