Tolosako Foro Errepublikanoko kideek eta tolosar independente batek eskaera egin, eta udalbatzak onartu ondoren, gaur egungo Nafarroa etorbidearen esanahia aldatu eta jatorrizko izenari aipamena egiten dioten bi plaka jarri dituzte, horren lekukotza geratu dadin. Errepublikaren Eguneko ekitaldien artean egin dute, eta Foro Errepublikanoko kideak nahiz udalbatza ordezkatzen duten alderdi politikoetako zinegotziak izan dira bertan, baita zenbait herritar ere, tartean Garbiñe Biurrun epailea.
Plaka bana jarri dute Nafarroa etorbidearen alde bakoitzean, eta bi testu ditu bakoitzak, bat euskaraz, eta bestea gaztelaniaz: Errepublika kalearen oroimenez. Hori izan zen etorbide honen lehen izena, 1931ko uztailaren 21etik 1936ko abuztuaren 21era.
1931ko uztailaren 21ean, Errepublika indarrean sartu eta lau hilabetera, erdigunean sortutako kale berria Errepublika kalea izendatu zuen udalak. Handik bost urtera, 1936ko abuztuaren 21ean, indar frankistak Tolosan sartu eta hamar egunera, ilegalki sortutako udalbatza berriak gaur egun duen izena jarri zion, nafar matxinoen omenez. Orain, etorbidearen izenaren historia ezagutzera eman eta izenak jatorrian izan zuen esanahia aldatu eta Euskal Herriaren muina den Nafarroarekin lotu dute.
Foro Errepublikanoko kideek udalbatza eskertu dute aitortza instituzionala egiteagatik. «1931n bataiatu zen izen demokratikoa maitasunez gogoratu dugu, eta duela 90 urte indar frankistek egindako bidegabekeria konpondu dugu. Tolosar guztien artean izen ezaguna den arren, herriaren memoria historikoan konpondu gabeko arazoetako bat zen», adierazi dute.
Bihar, liburu aurkezpena
Errepublikaren Egunean, ekitaldi gehiago egin dituzte Tolosan. Udaletxeko balkoian Errepublikako bandera altxatu dute; hilerrian, berriz, lore-eskaintza egin dute. Bi saioetan, musikak presentzia izan du: lehenean, Riegoren ereserkia jo dute; bigarrenean, berriz, Internazionala abestu dute.
Bihar beste ekitaldi bat izango da. 19:00etan, Cecilia G. De Guillarte Reportera de guerra y escritora. 1931-1939 Segunda República y Guerra Civil liburua aurkeztuko dute udaletxean. Julen Lezamiz eta Ana Urrutia idazleak eta liburuaren egileak egongo dira aurkezpenean, eta Ana Maria de Izaskun Ruiz de Guillarte Ceciliaren alabak gidatuko du saioa.