Azken erailketa matxista salatu dute

Ataria 2026ko apirilaren 14a

Atzo arratsaldean Tolosako Triangulo plazan egin zuen elkarretaratzea Tolosaldeko Itaiak. Euskal Herrian azken hamar egunetan bi erailketa matxista eta saiakera bat izan direla salatu dute.

Iruñean gertatutako erailketa matxista gaitzesteko atzo arratsaldean elkarretaratzea egin zuen Tolosaldeko Itaiak, Tolosako Triangulo plazan. Emakumea etxe bateko hirugarren solairu batetik erorita hil da, gizon batek berarengandik urruntzeko agindua urratu ondoren. Iruñeko Udaltzaingoak gizonezkoa atxilotu du, eta zer gertatu den ikertzen ari dira. 

Itaiatik salatu dute Euskal Herrian hamar eguneko epean bi erailketa matxista eta erailketa saiakera bat izan direla: «Indarkeria matxista egunero jasaten dugu emakumeok: erasoak, irainak, gutxiespenak... Eta erailketak ere errealitate gordinaren parte dira». Horren aurrean, beharrezkotzat jo dute indarkeria matxistaren aurka «irmoki posizionatzea» eta eraso orori aurre egiten jarraitzea.

Elkarretaratzean seinalatu dute gizonezkoak urruntze agindua urratu izanak agerian uzten dituela instituzioetako «babes neurrien» mugak eta emakumeen babesgabetasun egoera. Eta hari berari tiraka adierazi dute kalera ateratzeko unea dela: «Emakumeok bizi dugun zapalkuntzaren eta bortizkeriaren aurka kalera ateratzeko unea da: indarkeria matxista jasan duten emakumeak defendatzeko, erasotzaileek sentitzen duten inpunitateari aurre egiteko eta matxismoa ukatzen duten diskurtso erreakzionarioei ateak ixteko».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!