Manuela Carmena elkarrizketatuko dute Uzturre 
Foroak antolatutako solasaldian

Ataria 2026ko apirilaren 14a

Iturria: Wikipedia

Ekitaldia apirilaren 22an izango da, 19:00etan, Tolosako Topic-en, eta sarrera librea izango da aretoa bete arte. Jaime Otamendi kazetariak gidatuko du saioa.

Uzturre Foroak seigarren ekitaldia antolatu du. Apirilaren 22an izango da, eta Manuela Carmena izango da gonbidatua. Lan arloko abokatua da Carmena, hain zuzen, 1977ko Atochako sarraskia pairatu zuen bulegoaren sortzaileetako bat da. Espetxe-zaintzako epailea ere bada, eta Madrilgo Espetxeratuen Zaintzako 1 zenbakiko Epaitegiko burua izan zen. 1993an Madrilgo epaile dekano izendatu zuten, eta 1996an Senatuak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bokal izendatu zuen. Jueces para la Democracia elkarte aurrerakoiaren sorreran parte hartu zuen, eta Nazio Batuen Erakundeko Atxiloketa Arbitrarioari buruzko Lantaldeko presidente-kontalaria ere izan zen. Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritu zen biktimen eta giza eskubideen arloan. 2015 eta 2019 artean Madrilgo alkate izan zen.

Gaur egun, konpromiso handia du berak sortutako irabazi asmorik gabeko Zapatelas elkartean. Elkartearen helburua da gizarte-bazterkeriari aurre egitea, ehungintzaren sektorean lan aukerak sortuz kalteberatasun edo langabezia egoeran dauden pertsonentzat, erdi-askatasuneko erregimenean dauden presoak barne. Hainbat produktu egiten dituzte, hala nola zapatilak, panpinak, jostailuak eta arropa.

Gizartearen erronkak eta lehentasunak
Uzturre Foroak gogoratu du topaketetan egungo gizartearen erronka eta lehentasunei buruz hitz egitea nahi duela, «elkarrizketa, aniztasun eta errespetu giroan», eta Carmenak bat egiten duela helburu horrekin. «Zentzu horretan, Manuela Carmenaren hitzaldiaren izenburuak, Larritasunaren aurrean erronkak, gai ugariri buruzko gogoetak entzuteko aukera eskainiko du. Nazioarteko egoera geopolitiko nahaspilatutik hasi, eta Estatuko errealitate korapilatsuraino, hain esperientzia luzea duen pertsona baten giza eta bizi-dimentsioa alde batera utzi gabe». Manuela Carmenarekin egingo den topaketak elkarrizketa formatua izango du, galdera eta erantzunekin, eta Tolosaldeko Jaime Otamendi kazetariak gidatuko du. Sarrera librea izango da aretoa bete bitarte.

Carmenarena foroak antolatzen duen seigarren topaketa izango da. Lehenengoan Aitor Esteban EAJko presidentea izan zen gonbidatua; bigarrenean Arantxa Gonzalez Laya tolosarra eta kanpo gaietarako ministro ohia; hirugarrenean Euge Arrizabalaga Gipuzkoako Buru Batzarreko presidentea,  Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusia, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Maribel Vaquero Eusko Legebiltzarreko bozeramailea eta Oihane Agirregoitia europarlamentaria; laugarrenean Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua; eta bosgarrenean Jon Sarasua idazle eta Mondragon Unibertsitateko irakaslea. Ekitaldi horien grabazioak osotasunean ikus daitezke Uzturreforoa.eus webgunean edota Youtube kanalean.

Uzturre Foroaren Adiskideak
Elkarteak Uzturre Foroaren Adiskideak figura sortu duela gogorarazi nahi izan du. Apirilaren 22ko ekitaldian informazio diptikoak banatuko dituzte, nahi duenak izena eman dezan. Helburua da Uzturre Foroarekin harremanetan egon eta Tolosaldean dituen helburuak babestu nahi dituzten guztiei erakunde berria irekitzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!