HAPOa puntualki aldatzea onartu dute, ospitale publikoa eraikitzeko

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko apirilaren 14a

Ospitalea eraikiko duten eremua; 2028an hasiko dira eta 2031rako amaitzea aurreikusten dute. J. A. D.

Udalbatzaren behin betiko onespena jaso ondoren, udalak bere jabetzakoak ez diren bi orube erosteko prozedura abiatuko du, lursaila Jaurlaritzari utzi aurretik.

Tolosako udalbatzak aho batez onartu du Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 24. Iurre esparruko aldaketa puntuala, lursail horretan Osasun Sailak ospitale publiko berria egin dezan.

2025eko iraileko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak lehen aldiz aldaketa puntuala, eta dokumentazioa bideratu zitzaien sektoreko eskumenak dituzten herri-erakundeei, haiek ere txostenak egin zitzaten. Abenduan jaso zituen udalak EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordearen, Ura Agentziaren, Lurralde Antolamendurako Batzordearen Gipuzkoako Hirigintza Plangintzaren Atalaren eta Kantauriko Kondeferazio Hidrografikoaren txostenak. Lau txosten horietako informazioarekin aldaketa puntualaren dokumentazioa osatu zuen udalak, eta hilabete beranduago, otsailaren hasieran, jaso zuen behin betiko dokumentua.

Txosten horietan, besteak beste, mugikortasunaren plan espezifiko baten beharra azpimarratzen da; trafiko handiko eremua izanik, azpiegitura berriak arazoak areagotuko ditu. Barneko diseinuari ere egiten zaio aipamena, autobidearen gertutasunagatik legezko soinu muga handituko denez, neurri osagarriak hartu beharko direla azpimarratzen baitu. Hondakin uren kasuan ere, konponbide bat beharko duela azpimarratzen dute txostenek, Adunako iragazte zentrora eraman ahal izateko.

Udalbatzak aho batez onartu du HAPOko '24. Iurre' esparruko aldaketa puntuala

Udalaren jabetzakoak ez diren bi orube ere badaude esparru horretan, eta, orain, horiek eskuratzeko lanak abiatuko ditu, lursaila Jaurlaritzari uzteko prozesua errazagoa eta azkarragoa izan dadin. Lagapena izapidetu ondoren, Osasun Sailaren esku geratuko da lursaila.

17.000 euro gehiago, BPXportek udalari

Bestalde, herriko kirol-instalazioen kudeaketarako aurreko kontratuaren likidazioa eztabaidagai izan da, bigarren hilabetez jarraian. Otsailean onartu zituen udalbatzak BPXport enpresaren 2022, 2023 eta 2024ko diru-sarreren eta gastuen azterketa jasotzen duten txostenak. Ekitaldi horietako kanon aldakorra eta kontratua likidatzeari hasierako onespena ere eman zitzaion. Bada, Biotza Agirre EAJko zinegotziak atzemandako akats batzuk tarteko, berriro bozkatu du udalbatzak. Hain justu, BPXportek udalari ordaindu beharreko onura aldakorraren kopurua aldatu da: ia 17.000 euro gehiago ordaindu beharko dizkio enpresak udalari; guztira, 41.186,70 euro.

Agirrek berak adierazi du alderdi jeltzalea «pozik» dagoela onuran izandako aldaketarekin. Dena den, gogoratu du kritikoak izan direla ibilbidearekin, eta horrela jarraitzen dutela. Hori dela eta, aurka bozkatu dute. «Prozesua abiatu zenetik, helburua kontratua etetea izan da, eta inoiz ez dugu partekatu horretarako inbertsioak ontzat ematea. Badakigu askotan arlo juridikoa interpretazio kontua izaten dela, baina arazoa sortu zenean irizpideak oso zorrotzak izan ziren, eta kontratua likidatzerako garaian, askoz malguagoa izan da udala. Ez gatoz bat irizpide aldaketa horrekin» azaldu du. Agirrek gaineratu du enpresa «onuradun» suertatu dela, eta herria «kaltetua», baina nabarmendu du akats-zuzenketari esker onura gutxitzea lortu dutela.

Joxe Mari Villanueva PSE-EEko zinegotziak eskerrak eman dizkio Agirreri, kontuak aztertzen egindako lanagatik eta akatsa topatzeagatik. Andu Martinez de Rituerto alkateak ere aitortu du akatsaz konturatu izana. Hori bai, esan du udal gobernuak «zorroztasun osoz» jokatu duela kontratua bere horretan bete zedin edo likidazioa behar bezala egin zedin. «Ez da irizpide aldaketarik egon», erantzun dio Agirreri.

Zenbait akats topatu ondoren, BPXportek 41.186 euro ordaindu behar dizkio udalari

Kontratazio-prozesua arintzeko

Udal Aurrekontua Gauzatzeko Arauetan aldaketa bat egitea ere onartu du udalbatzak, aho batez. Barne funtzionamenduari eragiten dio, batik bat, eta helburua da kontratazio-prozesua arintzea.

Kanpo kontratazioa egiteko modu ezberdinak ditu udalak, eta horietako bat kontratu txikiena da. 15.000 eurora arteko muga izaten da kasu hauetan –40.000 euro obretarako–, baina 8.000 euro gainditzen dituzten lanen kasuan, hiru aurrekontu eskatzea betebeharra zen udalean, nahiz eta legeak horretara ez behartu. Neurri hori malgutzea erabaki eta gomendio gisa utzi dute.

Araua aldatu dute bere aplikazio praktikoan zenbait zailtasun antzeman dituztelako, bereziki udal zerbitzuen eguneroko funtzionamenduan, hala nola, kontratazio-prozesua nabarmen luzatzea, premiazko edo ohiko zerbitzu eta horniduren kasuan udal jarduera moteldu eta atzeratzea eta hornitzaile gutxi dauden merkatuetan hiru aurrekontu lortzea zaila izatea.

Visesarekin hitzarmena

Beste lau puntu ere onartu dituzte osoko bilkuran, guztiak aho batez. Batetik, udalbatzak aho batez onartu du udalak eta Visesa enpresak Amarotz auzoan, paper-fabrika zegoen eremuan, 111 etxebizitza publiko eraikitzeko 2022ko apirilean sinatutako hitzarmena luzatzea, apirilean iraungitzen zelako. Dagoeneko bi aldeek hitzarmeneko konpromiso gehienak bete dituzten arren, lau urtez edo konpromiso guztiak bete arte luzatzea erabaki dute, klausula berdinekin.

Udalbatzak aho batez onartu zituen martxoko osoko bilkurako zenbait erabaki.

Bestetik, Uzturre Asistentzia Guneak eskaintzen dituen zerbitzuen prezioak eguneratzeko irizpena onartu dute. 2023tik erabaki zen egokitzapena KPIaren araberakoa izatea, eta 2026rako % 2,9ko igoera proposatzen da. Apirilaren 1etik indarrean daude prezio berriak.

Horrez gain, 2026-2028 epeko Diru laguntzen Plan Estrategikoan zenbait irizpen aldatzea onartu dute. Merkataritzako Berriz eta Ekin programetako diru laguntzei eragiten die aldaketak; alokairuaren ordainketarako, lokalaren erosketan laguntzeko eta egokitzapenetarako diru laguntzak dira.

Uzturre Asistentzia Guneko zerbitzuen prezioak eguneratu dituzte; % 2,9 igo dira

Azkenik, zenbait obra interes berezikoak edo udal-onurakoak direla aitortu du udalbatzak, hobaria aplikatu ahal izateko. Zazpi eskari izan dira martxoan, eta horietatik bost onartu dituzte: hiru Alde Zaharreko obrak dira, eta beste biak merkataritza lokal txikietan egindakoak. Gainerako biak ez dituzte onartu, ez daudelako Alde Zaharrean, eta beraz, ezin zaielako hobaria aplikatu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!