Igaro berri den astean, Euskal Herriko zein nazioarteko musika artisten topaleku bihurtu da Tolosa. Izan ere, ostegunetik igandera, Tolofolk jaialdia ospatu du Jeajeaka Kultur Elkarteak. Aurten seigarren urtea izan du kultura herrikoiari oihartzuna emateko helburu duen egitasmoak eta Manex Urruzola elkarteko kidea «oso eskertuta» agertu da aurtengo erantzunarekin.
«Emanaldi guztiak jendetsuak izan dira eta artistekin sortu dugun harremanarekin ere pozik gaude. Oso jende jatorra izan dugu eta harreman oso estua egin dugu beraiekin. Emanaldiz gain, beraien ondoan egoten saiatu gara, bai bazkaltzen edota afaltzen, eta nik uste oso pozik joan direla Tolosatik», esan du.
Guztira sei emanaldi izan dituzte aurtengoan, eta ohi moduan, horietatik hiru Berdura Plazan egin dituzte; gainontzekoak kalez kale, Fronton tabernan eta Plaza Berrian izan dira. Urtero, gauza bereziak ekartzen saiatzen dira antolatzaileak, bertako herritarrek ere gauza berriak bertatik bertara ikus ditzaten. Eta aurtengo edizioa bereziki «anitza» izan dela nabarmendu du Urruzolak: «Oso estilo desberdinetako emanaldiak izan ditugu, batzuk oso elektronikoak baina teknikoki denak oso maila altukoak izan dira eta oso desberdinak bata bestearen artean, eta nik uste horrek aberastasuna eman diola aurtengo edizioari».
Antolatzaile eta kolaboratzaile sare zabala izan dute aurtengoan ere, eta oso eskertuta agertu dira horiekin «herria inplikatu egin dela sentitzen baitute». Argazkiak eta bideoak egiten edota eserlekuak muntatzen aritu direnez gain, Andia etxeak jaialdirako kamisetak egin dizkie, baina Urruzolak herriko elkarteen babesa eskertu nahi izan du bereziki: «Lizardi, Txinparta eta Batasuna elkarteak izugarri inplikatu dira eta oso eskertuta gaude beraiekin, azkenean, Tolosaren irudi on eta goxo bat emateko bertako elkarteak ezinbesteko osagaiak dira».