ERREPORTAJEA

«Askatasun eremua izan da niretzat nobela»

Jon Miranda Labaien 2026ko apirilaren 19a

Yurre Ugarte idazlea 'Harakinen alaba' liburua eskuan duela. J. MIRANDA

Lehen nobela idatzi du Yurre Ugarte tolosarrak: Harakinen alaba. Bizimoduz aldatu nahian dabilen eta bere bizitzari buruzko nobela bat idazten ari den Alex Garmendia da protagonista.

Geure errotik aterata bizi garen garaiotan, bere buruarekin, ingurunearekin eta ingurukoekin birkonektatu nahian dabilen pertsonaia bat aukeratu du protagonistatzat Yurre Ugarte Rodriguezek (Tolosa, 1965) bere lehen nobelan.

Abiapuntu hori hartu du idazketarako eta bizimodu itogarri horretatik ihes egin nahi duen ahots narratibo bat sortu du. Idazlearen iritziz, antsietatez eta autoesplotazioz beteriko bizimodua daramagu gaur egun, eta gutxi asko, denok sentitu izan dugu inoiz, protagonistak bezala, planto egiteko gogoa. «Askotan gure senak edo gure gorputzak esaten digu beste bide bat hartu behar dugula, tope batera iritsi garela, eta bizimoduz aldatu behar dugula».

«Askotan gure gorputzak esaten digu beste bide bat hartu behar dugula, baina, aldi berean, lotuta gaude»

Erabaki horren tolesetan ibiliko da irakurlea protagonistaren eskutik, eta deskubrituko du maiz mugimendua dakarrela aldaketak, albo-kaltea, kontraesana, zalantza eta deserosotasuna. «Barruak beste bide batzuk hartu behar ditugula agintzen digu, baina, aldi berean, lotuta gaude», esan du Ugartek. Protagonistaren aldaketa nahiarekin tirabiran, kontrakarrean indar egiten dioten hiru gai nagusik osatuko dute nobelaren hari narratiboa: lanbideak, harremanek
—bereziki, familiarekikoek—, eta baserriak.

Urtetan gidoilari aritu izan da Alejandra Garmendia —Alex—: emakume ezezagunen bizitzak ekarri izan ditu argitara eta dirua erruz irabazi du. Aurrera begira profesionalki enkargu berriak dituen arren, konturatuko da ezin duela gisa berean jarraitu. Senak sormena eskatuko dio, idazkera libreago bat. Honenbestez, ia ezkutuan, bere bizitzari buruzko nobela bat idazten hasiko da.

Ez da kasualitatea irudimena ustiatzeaz bizimodua ateratzen duen emakume bat hartzea protagonistatzat, eta haren ahotik irudimenari buruzko gogoeta ugari tartekatzea nobelan. Liburuaren ardatzetako bat da. Idazle tolosarrari asko interesatzen zaio noiz, non eta nola agertzen den subjektibititatea idazketa prozesuan. «Telesailak, pelikulak edo nobelak txurroak balira bezala idazten badituzu, eta ez baduzu zeure ahotsa faltan botatzen, bada oso ondo, baina nobelan Alexi justu kontrakoa gertatzen zaio, beretik aritzeko beharra sentitzen du».

Bulkada hori pandemian gurasoak galtzerakoan piztuko zaio, eta itxialdian haiekin igarotako azken uneetan entzundakoak baliatuko ditu idaztetarako. Entzundakoak edo berreraikitakoak, nobelak mahai gainean jartzen baitu, halaber, irudimenaren eta oroimenaren arteko muga lausoa; protagonistak gurasoen oroitzapenetatik abiatuta eraikiko du haien iragana.

Harremanak dira, hain zuzen, nobelaren bigarren hari nagusia. Ez bakarrik gurasoekin, bikote ohiarekin eta lankideekin Alexek dituen gorabeherek, «haiekin harremantzeko baldartasunak», hartzen dute kontakizunaren zati handi bat. Ugartek gaurkotasun handiko beste gai bat plazaratzeko baliatzen ditu pasarteok, besteak beste, elkarren ezagutzarako ustez sortutako sare sozialek elkarrengandik zenbat urruntzen gaituzten azaltzeko. Gurasoen pribatutasunean arakatzeko gogoak edo amarekiko lotura estutzeko premiak erakusten dute gaur egungo norbanakoaren deserrotze eta arroztasunaren tamaina.

Ugartek uste du pandemiaz geroztik areagotu egin dela joera hori, eta nobelan kontatzen du protagonistak horri aurre egiteko, eta bere buruarekin birkonektatzeko egiten dituen saiakerak.

Bere buruarekin eta ingurune naturalarekin bat egiteko gogoa ere sumatzen zaio Alexi, eta herentzian jaso duen Saroia baserriaren bueltakoa da, hain zuzen, nobelan lantzen den hirugarren hari narratiboa. Landa eremua bizirik dagoen mundu bat bezala irudikatu nahi izan du fikzioan Ugartek, eta hortaz, liburuan kontatzen du nola bere begiekin deskubritzen duen protagonistak inguruan dituen animaliak eta landareak, eta nola konturatzen den haiek ez direla gizakiontzat sortutako objektuak, bizitza propioa duten izakiak baizik. Beste behin arroztasuna, gaur egungo kaletarrok gertuko ingurune naturalarekiko duguna.

«Errealitateak askotan jarriko du Alex bere tokian. Galdera horiek uzten ditu nobelak: aldatzeko erabakia hartu duzunean noraino da aldaketa eta noraino ez?»

Familiako sekretuak, txikitako oroitzapenak, zaharberritze lanak, indarkeria sexuala, immigrazioa edo espekulazioa bezalako gaiak gurutzatzen dira baserriaren espazio fisikoan, eta horiek guztiek zuzenki eragingo diote protagonistari haren aldaketa prozesuan. «Errealitateak askotan jarriko du Alex bere tokian. Galdera horiek uzten ditu nobelak: aldatzeko erabakia hartu duzunean noraino da aldaketa eta noraino ez? Norberari tokatu zaigun bizimoduaren barruan, zer egin dezakegu aldatzeko? Nola eraiki dezakegu bizimodu berri bat?».

 

Aldaketa, beraz, ez da tentsiorik gabeko prozesua, ez eta ezer itxia ere, eta hori irudikatu nahi izan du Ugartek nobelan. Idazten ari den idazleari buruzko liburu bat da, eta hortaz, planteatzen diren tramak ere ez dute amaiera erabatekorik. Nobela barruko balizko nobela horretan irudikatu beharko ditu irakurleak istorioen amaierak.

«Askatzera jo dut»

Lerro narratibo bat baino gehiago sortu eta haietatik eratorritako hainbat adarrekin osatu da Harakinen alaba. «Bideak aukeratu eta geruzak zabaltzen joan naiz», esan du idazle tolosarrak, eta aitortu du, behin ikuspegi narratiboak funtzionatzen zuela ikusita, erraz garatu duela idazketa. «Argumentuak ez du hainbesteko pisurik niretzat, kontua da nola kontatzen duzun. Behin tonua eta ikuspegi narratiboa erabakita, erronka da proposamen literarioari kontakizun osoan eustea».

«Nire sormen lan guztiak beti leku beretik datoz, baina gero ideiak hartzen duen forman jartzen dut arreta. Niri ideia honek nobela eskatzen zidan»

«Nire sormen lan guztiak beti leku beretik datoz, baina gero ideiak hartzen duen forman jartzen dut arreta. Niri ideia honek nobela eskatzen zidan». Ugartek film laburrak zuzendu izan ditu eta fikziozko telesailen sortzaile, gidoilari eta editorea izan da. Haur literaturaz gain, helduen literaturan narrazio bildumak, antzerki lanak eta eleberri grafikoak kaleratu ditu. Hau du lehenengo nobela bere ibilbidean, eta aitortu du askatzera jo duela, oso eroso aritu dela: «Niretzat askatasun eremua izan da eta asko gozatu dut. Uste dut nire hurrengo lanak ere formatu honetan joango direla».

«Idazketa askatasun eremua izan da niretzat. Askatzera jo dut, eta zoragarria izan da»

Aurreko lanetan bezala oraingo honetan ere bere bizipenetan oinarritu da tolosarra nobela idazteko, baina argi utzi du, antzekotasunak antzekotasun, eraiki duen pertsonaiaren bizitzak eta bereak ez dutela zerikusirik. «Fikzioa da, eta horrek ez dio kontakizunari baliorik kentzen».

 

Pozik dago Ugarte nobelak orain arte izan duen harrerarekin eta jaso dituen lehenengo iritziekin. Espero du, aurki, liburua Tolosan bertan aurkeztu ahal izatea jendaurrean. Bitartean, liburu-dendetan izango du irakurleak Harakinen alaba.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!