Lehen aldiz, musikari lotutako proiektu handi bat egin du Tolosan bizi den Manex Etxabe Itsaso (Zarautz, 1979) informatikariak, Josu Arruarte lankidearekin batera. Zenbait euskal musikarik Musikariak Palestinarekin ekimena sortu zuten, sektoreko profesional gehiagori Spotify uztea eskatzeko. Informatikariek proiektuarekin bat egin, eta plataforma sinple bat osatu zuten, «txukuna, sinplea eta erabilerraza»; dagoeneko ia 200 euskal musikari eta talderen abestiak bildu dituzte.
Zer da 'Musikariak.eus' eta zer dela eta sortu zenuten?
Musika entzuteko webgune bat da. Iaz, Spotify plataformako nagusiak Israelgo armagintza enpresa batean inbertsio handia egin zuela eta, boikot egitea eskatu zuten nazioarteko hainbat musikarik. Euskal musikari batzuek bat egin zuten deialdiarekin, eta Musikariak Palestinarekin ekimena sortu zuten.
Josu eta biok musikazaleak gara. Boikotaren garaian, Josuri galdetu nion ea zein plataformatan entzuten zuen musika. Spotify-n entzuten genuen, eta jabetu ginen kanpaina horren aurrean posizio bat hartu behar genuela. Pentsatu genuen ideia ona izan zitekeela ekimen horretan parte hartzen zuten musika taldeen abestiak bateratzea, eta horiek entzuteko erraztasunak ematea.
Hasiera batean, zerbait konplexua egitea pentsatu genuen, baina funtzionatzeko jende askoren inplikazioa beharko zen. Ideia sinplifikatu genuen, eta oinarrian Bandcamp streaming plataforma hartu genuen. Hala, Musikariak Palestinarekin ekimenaren parte ziren musikari eta taldeen Bandcamp-ak bilduko zituen webgunea sortu genuen, horiek entzuteko aukera emateko.
Ez zenuten nahi entzuleak haien musika talde gogokoenik gabe utzi, edo zenbait talde entzulerik gabe.
Spotify utzi eta gero, talde askoren musika linbo batean geratu zitekeen; musikazaleontzat, pena litzateke. Akaso, beste zenbait plataforma ezagutzen dituzte musikazaleek, baina iruditu zitzaigun ekimenari gure ekarpena egiten geniola, eta ideia polita zela.
Nola hasi zineten webgunea sortzen?
Nahiko azkar jarri ginen martxan. Musikariak Palestinarekin ekimeneko kideekin harremanetan jarri aurretik, ia goitik behera osatua genuen webgunea. Lehen bertsioa sortu genuenean, ekimeneko kideei haren berri eman eta galdetu genien ea zer iruditzen zitzaien Musikariak.eus domeinupean zabaltzea. Berehala esan ziguten primerako ideia zela eta ekarpena gustuko zutela.
Zuen informatika-ezagutzak baliatu zenituzten ekimenari ekarpena egiteko, ezta?
Ez zuen zailtasun-maila handirik. Gainera, gaur egun, Adimen Artifizialaren olatuan sartuta gaude, eta horri ere astindua emateko aprobetxatu genuen. Laguntza eskatu genion, eta esperimentu modura, lagungarri egin zitzaigun prozesuan zehar teknologia berriak deskubritzea. Musikari modura, etxeko sofatik ez genuen ekarpen handirik egingo. Hortaz, beste arlo batetik jarri behar genuen gure alea.
Zein izan da webgunearen helburua hasieratik?
Nagusiki, Spotify plataformatik alde egitea erabaki zuten musika taldeak entzuteko aukera berri bat ematea. Halaber, Euskal Herria herri zapaldua den heinean, babesa eman nahi genion Palestinari.
Boikotaren inguruan polemika txiki bat ere sortu zen euskal musikarien artean. Besteak beste, Gorka Urbizuk eta Ruper Ordorikak zalantzan jarri zuten gurea bezalako komunitate txiki batentzat ona ote zen Spotify-tik atera eta galduta gelditzea. Monsieur Le Crepek —Juantxo Arakamak—, berriz, hasieratik esan zuen boikota egin behar zitzaiola. Ni ez naiz posizionatu oraindik; bi jarrerak ulertzen ditut. Betiko eztabaida da: munstroaren barrutik lan egin behar den hori aldatzeko, edo kanpotik. Ez daukat batere garbi zein den bide zuzena.
Garbi daukadana da euskal musikak beharko lukeela, plataforma serio bat izatekotan, Musikariak.eus baino zerbait potenteagoa, euskal talde guztiak egon daitezen. Berriaren Badok.eus webgunea izan daiteke adibide onena. Lan txukuna egiten dute, baina haiek ere beste plataforma batzuetatik xurgatzen dute musika, eta, agian, horren eraginez ez da hain erabilerraza. Plataforma indartsuago bat beharko litzateke, musikariei lagunduko liekeena, besteak beste, diskoak eta merchandisinga saltzen eta kontzertuak lotzen. Zerbait egin daitekeelakoan nago; Spotify-tik atera, eta musikariak irabazten aterako liratekeen proiektu bat.
Akaso, zuen proiektua izan daiteke proiektu horren lehen urratsa. Oro har, nolako erantzuna izaten ari da? Gustura zaudete orain arte egin duzuen ibilbidearekin?
Gustura gaude. Horrelako proiektuetan beti berdina gertatzen da. Argitaratzen duzunean, beti egoten da hasierako boom hori. Komunikabideetan zabaldu zen, eta Musikariak Palestinarekin ekimeneko kideak erabiltzen hasi ziren. Gero, normala den bezala, egonkortu egin da, eta une honetan, egunero erabiltzen da. Hala ere, kontziente gara gure webgunean entzun daitezkeen talde gehienak oso txikiak direla, eta normala den moduan, hortik kanpo dauden taldeak ere entzun nahi ditu musikazaleak. Gurea ez da plataforma masibo bat.
Eta zer iritzi duzu Spotify erabiltzen jarraitzen duten taldeei buruz? Ulergarria zaizu?
Zentzu batean, bai. Talde handiek diru kopuru handia jasotzen dute Spotify-tik, eta zaila da horri uko egitea. Talde txikiagoek, erakusleiho erraldoi hori galtzeko beldurra izan dezakete. Talde asko ez ziren ohartu ere egingo ekimenaz, eta ez zuten lanik hartuko Spotify-tik ateratzeko. Azkenik, badira taldeak atera nahi dutenak, baina diskoetxe edo banatzaileekin egiten dituzten hitzarmen edo kontratuengatik, ezin dute. Spotify uzteak bakarrik burokrazia handia suposatzen du. Hortaz, nik ez dut talderik kritikatuko bere musika bertan edukitzeagatik; bertan egonda ere, gustuko ditudan mezu politikoak aldarrikatzen badituzte eta musika euskaraz egiten badute, konforme nago.
«Talde handiek diru kopuru handia jasotzen dute Spotify-tik, eta zaila da horri uko egitea»
Eta badakizue Musikariak Palestinarekin ekimeneko kideek saiakerarik egin duten talde gehiago proiektura batu dadin?
Ez dakit. Ruper Ordorikak bere iritzia plazaratu zuenean esan zuen ez zela ekimenaren parte haren berri izan ez zuelako, baina gaineratu zuen zalantzak zituela. Ziurrenik, kanpaina bat egingo balute, talde gehiago erakarriko lituzkete proiektura.
Askorentzat ez da erraza izango. Nahi izanda ere, eragina izan dezake plataforma erraldoi bat utzi eta hasiberria den proiektu batera batzeak. Kontziente izango zarete batzuek bertigoa sentituko dutela.
Zalantzarik gabe, faktore asko daude. Gure plataformak ez ditu beste batzuek dituzten zenbait ezaugarri. Hala ere, hobekuntzak egiteko asmoa daukagu.
Zenbat taldek egin dute bat dagoeneko proiektuarekin?
Taldeen zerrenda bat pasa ziguten ekimeneko kideek, eta, lehen kolpean, Bandcamp plataforman musika zutenak sartu genituen gure webgunean. Astez aste, hiruzpalau taldek idazten digute webgunean sartzea eskatzeko, eta, tarteka, Musikariak Palestinarekin ekimenekoek zerrenda berri bat pasatzen digute. Tantaka-tantaka, talde berriak proiektura batzen ari dira. Gaur egun, 200 bat talde daude ekimenera atxikita, eta webgunean 170 talde ingururen musika entzun daiteke. Pixkana hazten ari da, eta erabilera-datuak ez badira handiak ere, nahiko orokorrak dira.
«Pixkana hazten ari da, eta erabilera-datuak ez badira handiak ere, nahiko orokorrak dira»
Nola funtzionatzen du webguneak?Txukuna, sinplea eta erabilerraza da. Hiru atal ditu. Batetik, musika taldeen zerrenda luze bat dago, alfabetikoki ordenatuta, eta goialdean plataformara batu diren talde berriak eta erabiltzaileak azken aldian entzundakoak agertzen dira. Bestetik, bilatzailea dago, taldeak, abestiak eta albumak azkarrago aurkitzeko; gehien bilatzen direnak zeintzuk diren ere jakin daiteke. Azken atalean, liburutegian, erabiltzaileak gustukoen dituen abesti, talde eta albumak topatu ditzake, eta erreprodukzio-zerrendak egiteko aukera du. Mugikorrei dagokionez, Android gailuetan aplikazio modura instalatzeko aukera dago, eta IOS gailuen kasuan, sarbide zuzena sortu daiteke webgunera.
Beste plataforma batzuetan beharrezkoa da profila sortzea edo harpidetzea. Zuenean ez, ezta?
Ez. Sinpletasunaren bila joan gara. Gailu bakoitza independentea da; mugikorrean eta ordenagailuan erreprodukzio-zerrenda bana eduki dezakezu.
Erabiltzaileek ez dute zentimorik ordaindu behar musika entzuteagatik. Hortaz, proiektuak ez dauka irabazirik, ezta?
Ez. Galera bakarra webgunearen alokairua da, baina txikia da; oso gustura gaude ekarpen hori egiteagatik. Bandcamp plataformako loturak webgunean mantentzen saiatu gara, askok bertan salgai dituztelako diskoak eta merchandisinga, eta ez genuen nahi salmentarako aukera hori galtzea.
Proiektuaren ikurra ‘play’ botoi bat da, Palestinako banderaren koloreak dituena. Zuek sortu duzue?
Bai. Adimen Artifizialaren laguntza izan dugu, diseinu kontuetan ez garelako oso abilak. Egunetik egunera hankaz gora dago mundua, eta noizean behin, txantxetan izan bada ere, aipatu izan dugu Venezuelako edo Irango koloreekin beste ikur bana egin beharko genukeela.
Lehen esan duzu plataforma potenteagoa beharko lukeela euskal musikak. Aurrera begira, zer gustatuko litzaizueke lortzea?
Proiektu hau egitea erabaki genuen gure neurriko proiektu bat izan zitekeela ikusi genuelako. Euskal Herriko ehunka musika talderen musika batuko lukeen plataforma beste dimentsio bateko proiektua litzateke, guretzat handi samarra. Hala ere, ederra litzake taldeak kontzertuak lotzen laguntzeko baliagarri izango zen eta agenda potente bat izango lukeen zerbait sortzea. Arrakasta izango zuelakoan nago, eta uste dut orduan talde gehiago batuko liratekeela, haientzat onuragarria izango litzatekeelako. Gureari baino, Badok.eus proiektuari eman beharko liekete laguntza handiagoa, halako zerbait egin dezaten. Musikan bakarrik ez, beste kultura-diziplinatan ere beharko lirateke halakoak.
Proiektua geratzeko sortu da, ala gatazka amaituko balitz, nahiz eta itxurarik ez duen, orduan amaituko litzateke? Pentsatu duzue horri buruz?
Bai, pentsatu izan dugu. Gainera, zergatik Palestinarekin bakarrik? Herri zapaldu gehiagoren ekimena ere izan daiteke. Ez dakit Palestinarekiko atxikimendu-kanpaina honek noiz arte iraungo duen. Zoritxarrez, gauza hauek pixkana itzaltzen joaten dira. Oraingoz, gure ekarpena egin dugu, eta Musikariak Palestinarekin ekimenak nahi duen artean jarraituko du.