Aurten ere martxan da liztor asiarraren (Vespa velutina) tranpatze-kanpaina. Liztor asiarra kontrolatzeko helburuarekin, 90 tranpa inguru jarri dituzte Tolosan, eta sei asteko iraupena izango duen kanpainan zehar, astero zenbatu eta erregistratuko dituzte tranpetan eroritako liztor asiarrak eta bestelako espezieak.
Tolomendik, Belarmendik eta Balerdipeko Erleak etxeak elkarlanean sustatzen dute Tolosaldeko herrietako kanpaina bateratua, eta helburua erreginak harrapatzea da, hauek udako kolonia berriak sortzen hasi aurretik. Eskualde osoan barrena banatutako tranpak astean behin bisitatuko dituzte, eta bildutako datuak Gipuzkoako Foru Aldundiko Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuari bidaliko dizkiote, liztorren zenbatekoak eta banaketak ezagutzeko eta etorkizuneko kontrol-neurriak hobeto planifikatzeko.
Iaz, 735
2025eko kanpainan, guztira 5.560 liztor asiar erregina harrapatu zituzten Tolosaldeko 24 herritan, batez beste 232 liztor herriko. Tolosan 735 harrapatu zituzten, batez bestekoaren hirukoitza. Intzidentzia handia izan zen Zizurkilen, Anoetan eta Lizartzan ere. Txikiagoa, bestalde, Gaztelun, Hernialden, Baliarrainen eta Orexan. Eragin handiko zonalde horiek kontuan izanda, lehentasunezko esku-hartzea egingo dute aurtengo kanpainan Tolosan, Zizurkilen eta Anoetan.
Kontrola, modu koordinatuan
Kanpainaren arrakasta bermatzeko, herritarren parte-hartzea eta kontzientziazioa funtsezkoak direla azpimarratu dute sustatzaileek. Liztor asiarraren presentzia antzemanez gero, dagokion udalari edo zerbitzu espezializatuari jakinarazi behar zaio, espeziearen kontrola modu koordinatuan egiteko. Era berean, gogorarazi dute tranpak egoki erabiltzea eta bertako espezieei ahalik eta kalte gutxien eragitea dela helburua, biodibertsitatearen babesa bermatzeko.