Hamabi talde lehiatuko dira X. Nescup Txapelketan

Ataria 2026ko apirilaren 9a

Tolosa CFko emakumezkoen talde nagusiko Izaro Goenaga eta Asier Galdeano teknikariak aurtengo txapelketaren kartelarekin.

Hamargarren aldia beteko du aurten txapelketak, eta Nexcup izena jarri diote antolatzaileek. Larunbatean egun osoz jokatuko da Usabalgo futbol zelaian.

Tolosa CF klubak hamargarren urtez antolatu du Nescup alebin mailako futbol zortziko txapelketa. Nexcup izena jarri diote, ixak erromatarrez hamar zenbakia ordezkatzen duela eta. Nesken hamabi talde ariko dira lehian larunbat honetan egun guztian zehar, eta Usabal kiroldegian jokatuko dituzte partidak. 09:30ean hasiko dira partidak jokatzen. Bi futbol zelai osatuko dira, eta, beraz, une berean bi partida jokatuko dira.

Hiru multzo osatu dituzte, eta bakoitzean lau talde izango dira. A multzoan Bizkerre, Intxaurdi, Touring eta Reala egongo dira. B multzoan Goierri Gorri, Basauriko Kimuak, Tolosa CF eta Vasconia. C multzoan Lagun Onak, Sanse, Mulier eta Martutene. Goizean multzo bakoitzeko taldeek elkarren aurka jokatuko dute, eta azken partidak 12:50ean hasiko dira. 

Fase horretan ez da partidarik berdinketan amaituko, denek izango dute irabazle bat eta galtzaile bat. Partida berdinketarekin amaitzen bada, talde bakoitzak penalti bat izango du, irabazlea atera arte. Multzo bakoitzeko lehen biak txapeldunen fasea jokatzeko sailkatuko dira, eta azken biek kopako fasean ariko dira. Txapeldunen fasean zein kopako fasean bina multzo sortuko dira, bakoitza hiru talderekin. Multzo bakoitzeko taldeek elkarren aurka jokatuko dituzte partidak arratsaldean, 14:45ean hasita. Behin faseak bukatuta, multzo bakoitzeko lehen biak finalerdietarako sailkatuko dira. Azkenik, txapeldunen faseko finala zein kopako fasearen finalak 18:40ean hasiko dira. 

Txapelketa zuzenean jarraitzeko: https://tournifyapp.com/live/nescup26

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!