Tailer berezia Topic-en

Ataria 2026ko apirilaren 8a

Erakusketara bisita gidatua egitearekin batera, parte hartzaileek txotxongiloak manipulatu eta euren istorioa sortuko dute.

Topic-ek Binefarko titiriteroen Antón Retaco ikuskizunaren inguruan antolatu duen azken tailerra izango da ostiralean, hilaren 10ean. 17:00etan euskaraz izango da, eta 18:00etan gaztelaniaz.

Familiei zuzendutako ekimena da, eta jolasaren bidez belaunaldi arteko esperientzia sustatzea du helburu. Jarduerak 60 minutuko iraupena du eta bisita gidatua eta esperientzia praktikoa uztartzen ditu.

Saioa erakusketaren bisita labur batekin hasiko da. Lehen une horretan, parte-hartzaileek instalazioko elementuak behatzeko aukera izango dute, eta gidariak pieza nagusiak erakutsiko ditu, arreta berezia jarriz txotxongiloen formetan, pertsonaietan eta eszenografia-elementuetan. Ondoren, parte-hartzaileek —haurrak zein helduak— txotxongilo mota desberdinak manipulatzeko aukera izango dute. Kasu horretan, helburua ez da teknika menperatzea izango, baizik eta mugimenduaren eta ahotsaren bidez bizia ematearen esperientzia sentitzea. Amaitzeko, parte-hartzaileek, binaka edo hirunaka, istorio labur bat sortu beharko dute, eta ondoren agertokian aurkeztuko dute.

Interesatuek 943 65 04 14 telefono zenbakira deituz edo hezkuntza@cittolosa.com helbidera idatziz eman beharko dute izena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!