Iurramendi muinoan parke natural irisgarria egingo dute

Ataria 2026ko apirilaren 7a

Aisialdi aktiboa sustatzeko aukerak ugaritu nahi dituzte eta habitata indartzeko landaketak egingo dituzte, besteak beste.

Tolosako Udalak eta Tolosaldea Garatzenek parke berde irisgarri baten proiektua landu dute elkarlanean, Iurramendi muinoaren belardiek herritarren aprobetxamendu handiagoa izan dezaten. Lanak gaur hasiko dira.

Askotariko helburuak ditu proiektuak: zelai horien naturalizazioa areagotzea; irisgarritasuna handitzea; aisialdi aktiboa sustatzeko aukerak ugaritzea; habitatak indartzeko landaketak egitea; eta ziklo-kros azpiegiturak hobetzea eta paisaian txertatzea.

Horretarako hainbat esku-hartze egingo dituzte Iurramendiko muinoan. Usabalera begira dagoen hegoaldeko zatian, adibidez, landaketak egingo dituzte. 10.000 metro koadroko eremuan, hurritz, gorosti eta erratz landareak birlandatu, eta hariztiak berroneratuko dira.

Hegoaldeko berdegunean, berriz, parke irisgarria sortuko dute herritar guztiei irekita egongo dena.  Oinezko bideak egingo dira parkean zehar ariketa fisikoa egiteko edo jendeak bertatik paseatu dezan. Malda txikia izango du bideak horretarako, egoitzako egoiliarrek eta familiek erabil ahal izan dezaten eta erabat irisgarria izan dadin. Gaur egun, bide horren zati bat eginda dago –Paper kaleko biribilguneko igogailutik egoitzako aparkalekura doana, baina ez da irisgarria–, eta orain, erabateko segida izan dezan, Martin Jose Iraola kaleko aldaparaino joango da.

Lursailaren topografiak ahalbidetzen duenez, atsedengune irisgarriak egingo dituzte eta lautada txikiak sortu. Hiru eremu sortuko dira beraz, eta espazioaren izaera material naturalen bidez bermatuko dute.

Europar Batasunak finantzatutako lanak izango dira, Next Generation Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia planaren barruan. Zehazki, Tolosaldeko Turismo Jasangarriko Planaren barruan, efizientzia energetikoa hobetzeko bigarren ardatzeko lehen jarduketaren barruan –Tolosaldea oinez eta bizikletan– gauzatuko dira obrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!