Iurramendi muinoaren belardiek herritarren aprobetxamendu handiagoa izateko parke berde irisgarri baten proiektua landu dute Tolosako Udalak eta Tolosaldea Garatzenek, elkarlanean.
Zelai horien naturalizazio handiagoa sustatzearekin batera, irisgarritasuna handitzea, aisialdi aktiboa sustatzeko aukerak ugaritzea, habitatak indartzeko landaketak egitea eta ziklo-kros azpiegiturak hobetzea eta paisaian txertatzea dira, besteak beste, proiektuaren helburuak.
Landaketak Usabalera begira dagoen hegoaldeko zatian (10.000 m2) egingo dira. Hain justu, hurritz, gorosti eta erratz landareak birlandatuko dira, hariztien berroneraketa lanekin batera.
Hegoaldeko berdegunean, berriz, herritar guztiei irekia izango den parke irisgarri bat sortuko dute. Oinezko bideak egingo dituzte, ariketa fisikoa egiteko edo paseatzeko aproposak. Gaur egun bide horren zati bat egina dago, Paper kaleko biribilguneko igogailutik egoitzako aparkalekura doana, baina ez da irisgarria. Irisgarri egitea da helburua, batik bat, egoitzako egoiliarrek eta familiek erabili dezaten; malda txikia izango du horretarako. Bidea, gainera, Martin Jose Iraola kaleko aldaparaino luzatuko da, erabateko segida izan dezan.
Horrez gain, lursailaren topografiak aukera ematen du atsedengune irisgarri bat eta lautada txikiak sortzeko. Azken honen gisako hiru eremu sortuko dira, espazioaren izaera naturala mantenduta. Hau da, lautada horiek material naturalekin hornituko dituzte. Lanak apirilaren 7tik aurrera hasiko dituzte, beti ere, eguraldiaren arabera.
Europar Batasunak finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (Next Generation-EU) esparruan gauzatuko dute proiektua, zehazki Tolosaldeko Turismo Jasangarriko Planaren 2. Ardatzeko (Efizientzia Energetikoaren hobekuntza) 1.jarduketa (Tolosaldea oinez eta bizikletan) gauzatzearen baitan.
