Errege Kopako finala Tolosan ikusteko aukera

Ataria 2026ko martxoaren 31

Realaren zaleak, harmailetan, Kopako finalerdian. JON URBE / FOKU

Apirilaren 18ko Realaren eta Atletico Madrilen arteko finala jarraitzeko aukera egongo da Tolosan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol, Jasangarritasun eta Mugikortasun departamentuak Errege Kopako finala jarraitzeko lau fanzone antolatuko ditu, eta horietako bat Tolosan egongo da. Datozen egunetan zehaztuko dute non jarriko duten zehazki. Era berean, egun horretan Lurraldebuseko zerbitzuak indartuko dituzte, herritarrak gune horietara gerturatzeko.

Fanzone horietan pantaila erraldoiak jarriko dituzte partida jarraitzeko, eta aurretik girotzeko ekintzak egingo dituzte. Horiek horrela, 17:30etik 19:30era bitartean, txaranga bat egongo da, eta 19:30etik 20:30era txarangak fanzonean bertan jarraituko du jotzen. Musikaz eta animazioaz gain, DJak, puzgarriak, aurpegi margolariak eta hainbat sorpresa izango direla aurreratu du Foru Aldundiak.

Goizane Alvarez Kultura eta Kirol diputatuak azpimarratu du ekimenaren helburua dela «amaiera historiko baten emozioa lurraldeko hainbat udalerritara eramatea eta jardunaldi hau modu partekatuan, irekian eta hurbilean bizitzea. Finala estadiora edo lehiatzen den hirira joango direnek ez ezik, Gipuzkoa osoak hura sentitzeko, ospatzeko eta kolektiboki bizitzeko aukera izatea nahi dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!