Maiatzaren 23an Mugitu Tolosa kros berezia egingo dute Tolosan, udalak eta Ixilpen klubak antolatuta. Lehiatik baino, gehiago izango du topaketatik, ordea. Izan ere, helburu nagusia da bizitza aktiboa sustatzea, korri egitera ohituta ez dagoen jendea kirola praktikatzera animatzeko, batik bat.
«Abiaduragatik, distantziagatik, parte hartzaileen mailagatik... Jende askok ez du bere burua ikusten lasterketetan. Kasu honetan, ordea, denok izango dugu lekua, norbere mailari erreparatu gabe. Baita kirolari ez diren horiek ere, gazte zein heldu. Bizitza aktiboa sustatzea eta mugitzea da helburua, eta hau abiapuntu bat izan daiteke aktibatzeko. Beraz, ez da ohiko lasterketa bat. Mugitzen hasteko aitzakia izan nahi du», esan du Andu Martinez de Rituerto alkateak.
Malen Oyarzabal Ixilpeneko kideak azpimarratu duenez, formatu berri bat da. «Oreka bilatu nahi izan dugu, marka azkarra bilatzen dutenen eta beren aurreneko lasterketa denen artean. Lasterketan ez ezik, ondoren ere denok elkarrekin arratsalde bat partekatzeko espazio bat izateko aukera polita da».
Lasterketa bakarra izango da guztientzat, eta batera aterako dira, 17:00etan. Norbere mailara egokitzeko baina, bi multzo edo kaxoitan banatuko dute irteera. Lehenengo ilaretan, Bixi-bixi izeneko kaxoian, lasterketa azkar —25 minututik beherako denboran— egin nahi dutenak kokatuko dira. Horrela, korrika egitera ohituta daudenek aukera izango dute lasterketa ohiko moduan egiteko. Lasai-lasai izeneko bigarren multzoan, berriz, mantsoago joateko asmoa dutenak izango dira. Bigarren horretan, proba oinez edo gurpildun aulkian egiteko aukera ere egongo da, beti ere ordubete eta hamabost minutuko denbora muga errespetatuta (15 minutu kilometroko).
Erabat laua izango da ibilbidea, eta bost kilometroko distantzia izango du, herrigunean. Berazubi estadiotik aterako dira, eta bai hasteko eta baita bukatzeko ere itzuli bana eman beharko diote. Gainerakoan, hau da jarraituko duen ibilbidea: Paper kalea – Araba etorbidea – Pedro Tolosa pasealekua – Zezen plaza – Zumalakarregi pasealekua – Zubiberria – Santa Klara kalea – Naparzubia - Zerkausia kalea – Trianguloa plaza – San Frantzisko pasealekua – Araba etorbidea – Paper Kalea – Berazubi.
Izen-emateak
Dortsalak bihartik aurrera eskuratu ahal izango dira Kronoak.com webgunean. Izen-ematea egiterako orduan, hiru aukera izango dira: lehen kaxoia edo bixi-bixi (12 euro); bigarren kaxoia edo lasai-lasai (8 euro); eta bi dortsal batera hartzeko aukera berezia (18 euro). Azken aukera horren helburua da parte hartzera animatzea korrika egitera edo lasterketa bat egitera ohituta ez daudenak. Izen-emate mota horren kasuan, dortsaletako bat nahitaez bigarren kaxoirako izango da, eta, bestea, bietako edozeinetan erabiltzeko modukoa. «Oso kirolari ez den norbait gonbidatzeko erronka botatzen diegu korrikalariei, baita lasterketa prestatzeko prozesuan bidelagun izateko eta eragitekoa ere. Elkarrekin errazagoa baita aktibatzea», esan du Oyarzabalek.
Parte hartzaile bakoitzak hainbat produkturekin osatutako poltsa bat jasoko du opari. Egunean bertan banatuko dituzte bai dortsalak baita poltsak ere, 15:00etatik 16:30era, Berazubi estadioan. NANa erakutsi beharko da jaso ahal izateko.
Lau kategoriatako lehen gizonezko eta lehen emakumezkoek ere sariak jasoko dituzte: 23 urtez azpikoan, seniorretan, beteranoetan (45 urtetik gora) eta tolosarren artean. Lasterketa amaitzean, zozketak ere egingo dituzte izena ematen duten guztien artean, eta jan-edanerako aukera izango da, foodtruck-ak izango baitira. Festa girotzeko zuzeneko musika ere ez da faltako, txaranga baten eskutik.
Xabi Larrarteri omenaldia
Lasterketaren egunerako, berriki hil den Xabi Larrarte Ixilpeneko korrikalaria gogoan izateko ekitaldi bat ere prestatu dute bere taldekideek. Egitasmoaren aurkezpenean, Larrartez gain, egun berean zendu zen Jokin Uribetxeberria Alpino Uzturreko korrikalaria ere ekarri du gogora Andu Martinez de Rituertok: «Korrikalarien komunitatearentzat kolpe latza izan da, eta besarkada goxoak bidali nahi nizkieke Xabi eta Jokin maite zituzten guztiei».
Lasterketaren helburuekin bat etorriz, bizitza aktiboa mantentzearen garrantzia nabarmendu du alkateak: «Tamalez, kirolarien artean ere gertatu daitezke halako ezbeharrak. Baina bizitza aktiboak arriskua nabarmen gutxitzen du, eta osasuna zein bizi kalitatea hobetu. Mezu hori helarazi nahi dugu lasterketa honen bitartez, guztiei lekua eginda. Hori dela eta, lotsak eta beldurrak kendu, eta parte hartzera animatzeko dei egiten diet denei».