Bertako Haragien Azokan postua jartzeko izena eman daiteke

Ataria 2026ko martxoaren 25a

Joan den urtean ere Zumarditxikian jarri zuten food truck gunea.

Maiatzaren 7tik 10era izango da Bertako Haragien Azoka. Azokan postua jartzeko edo Zumarditxikiko food truck gunean parte hartzeko izena eman daiteke apirilaren 1era arte.

 

Bertako Haragien Azoka izango da Tolosan, maiatzeko bigarren astean. Bertan, herritarrek aukera izango dute Euskal Herrian bertan ekoizten diren hainbat haragi mota ezagutzeko; baita horiekin egin daitezkeen produktuak zuzenean ikusi eta dastatzeko ere. 

Egitarauaren nondik norakoak datozen asteetan iragarriko diren arren, jaialdiaren protagonista, haragien eta ekoizleen azoka alegia, maiatzaren 9an izango da, larunbatez, Alondegi plazan. Tokiko ekoizleen produktuak ezagutzeko, hainbat animaliatatik eratorritako haragiak ezagutu ahalko dira azokan; hala nola behiki, txerriki, oilaki eta ahatekiak.

Azokaz gain, Zumarditxikian jai giroa izango da nagusi, eta aurten ere, food truck postuak izango dira, herritarrek askotariko haragi motak dastatu ditzaten.

Bada, zabalik da bi gune horietan postua jarri ahal izateko eskaerak egiteko epea, datorren apirilaren lehenengo egunera bitarte. Izen-ematea UDATEn edo modu telematikoan, udal erregistroaren bitartez, egin ahal izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!