Inoizko elektronikoena izango da Tolofolk jaialdia

Ataria 2026ko martxoaren 24a

Jaialdiko antolatzaileak eta Tolosako Udaleko ordezkariak.

Folk musikako musikariak eta taldeak biltzen dituen jaialdia apirilaren 9tik 12ra izango da. Sei emanaldi izango dira, erdiak Berdura plazan.

Gertu diren jai egunak aurten ere musikaz jantziko ditu Tolofolk jaialdiak. Apirilaren 9tik 12ra izango da, eta aurten seigarren urtea du kultura herrikoiari oihartzuna ematea helburu duen egitasmoak.

Sei emanaldiz gozatzeko aukera izango da aurtengoan. JeaJeaka Kultur Elkarteak antolatzen du jaialdia, eta bertako kide Manex Urruzolak nabarmendu duenez, ediziorik elektronikoena izango da. Andia etxeak jaialdirako kamiseta bat sortu ohi du urtero, eta aurtengoan hori islatu nahi izan dute: «Musika elektronikoari keinu eginez, eta soinu-mahai bat irudikatuz, panderoak eta biniloak ere uztartzen ditu irudiak. Beraz, folka bai, baina elektronika ere izango da», esan du Urruzolak Andia etxeari eskerrak emanez.  

Ohitura legez, Berdura plaza izango da jaialdiaren kokagune nagusia, bertan izango baitira hiru emanaldi, guztiak 19:00etan. Apirilaren 9an, Neønymus (Silberius de Ura) artisak eta Amaia Elizaran dantzari tolosarrak irkeiko dute aurtengo jaialdia; hurrengo egunean, Harribitxi taldeak txistuaren erabilera berrietan sakonduko du. Eta, apirilaren 12an, Antton Valverderen kontzertuak itxiko du aurtengo edizioa. Isats-piano eta guzti igoko da oholtzara Valverde, eta musikari laukote baten laguntza izango du: Joxan Goikoetxea akordeoiarekin, Txema Garces tolosarra kontrabaxuarekin, Francisco Herrero biolinarekin eta Ivan Carmona biolontxeloarekin.

Apirilak 11, larunbata, egun betea izango da. Goizean, Kalepoza ekimenaren barruan, kalez kale ibiliko dira herriko zein kanpoko hainbat musika talde. Gauean, berriz,  Mercedes Peon, Galiziako ahots garrantzitsuenetako bat, Plaza Berrian izango da.

Aurreko edizioetan bezala, Tolofolkeko emanaldi «ganberroena» ostiral gauerako gorde dute. Fronton tabernan DJ Makalak askotariko musikarekin girotuko du gaua.

Goiuri Eceiza Tolosako Udaleko kultur zinegotziak errotuta dagoen jaialdia dela nabarmendu du, antolatzaileei eskerrak eman dizkie jaialdia antolatzen egiten duten lanagatik eta herritarrak kontzertuetara joatera animatu ditu: «tolosarrentzat urteko hitzordu garrantzitsuetako bat da, eta ziur aurten ere herritarrek gustura hartuko dutela, egitarau potoloarekin baitator. Aukera ematen du ezagunak ditugun artisten musikaz gozatzeko eta ezagutzen ez ditugunena deskubritzeko».

Egitaraua

  • Apirilak 9.
    • 19:00. Berdura plaza. Neønymus (Silberius de Ura) eta Amaia Elizaran. Neønymusen musikaren originaltasuna ahotsaren erabileran datza. Zuzenean sortutako ahots-lerroak, akordeak edo kontrapuntuko esaldi txikiak osatu, eta teknologiarekin (loopak), musika-tresna txikiekin eta ezohiko tresnekin (hezurrak, hodiak, harriak, orraziak, kanpaiak...) uztartzen ditu. Historiaurretik gaur egunera arteko bidaia emozionala planteatzen du. Amaia Elizaran dantzari tolosarrak lagunduta izango da Berdura plazako oholtzan. 
  • Apirilak 10.
    • 19:00. Berdura plaza. Harribitxi. Iker Alvarez eta Aitor Urquizak osatutako bikoteak txistuaren eta musika tradizionalaren izaera bizia aldarrikatzen du. Txistuaren erabilera berriak bilatzen ditu, danbolin, bonbete, ttun-ttun, pandero, shruti box indiar, glockenspiel, gitarra, mandolina eta ezohikoak diren instrumentu gehiagorekin uztartuta. Maria Ereña kantari bizkaitarraren ahotsa ere izango da taula gainean.
    • 22:30. Fronton. DJ Makala. Munduko askotariko musika-generoekin osatutako emanaldia eskainiko du Mikel Unzurrunzaga Schmitz disko-jartzaile eta musika-ekoizle zarauztarrak.
  • Apirilak 11.
    • 12:00. Kalez kale. Kalepoza. Herriko nahiz kanpoko hainbat musika talde ibiliko dira kaleak alaitzen: Lasko Txaranga, txistulariak, Txarantzaina, Uharteko Jota Eskolako kideak...
    • 20:00. Plaza Berria. Mercedes Peon. Galiziako ahozkotasunaren eta folk musikaren ikurretako bat da. Bere ikerketa eta proiektu musikalen bitartez, musika tradizionalaren eta ohituren transmisioan jartzen du azpimarra, beti ere, ukitu garaikideekin uztartuta. 2025eko Goya sarietan musika original onenaren sarirako hautagaietako bat izan zen; 2008an Musikaren Sari Nazionala ere jasotakoa da. Deixaas proiektua sortu zuen 2018an, eta bertako hirukotea osatzen duten Ana Garcia Fernandez (pianoa eta ahotsa) eta Monica de Nut (ahotsa) ere izango dira taula gainean.
  • Apirilak 12.
    • 19:00. Berdura plaza. Antton Valverde. Euskal Herriko erreferenteetako bat da. Urte luzez olerki eta bertso zahar asko musikatu ditu Valverdek, batik bat, pianoarekin lagunduta. Adarra Saria ere jaso zuen iaz, bere ibilbidearen aitortza gisa. Besteak beste, herri-kantak eta bertso zaharrak berreskuratzeko eta euskal poeta klasikoen eta emakumezko egileen obrak zabaltzeko egindako lana aitortu zion epaimahaiak. Boskote formatuko kontzertua eskainiko du Valverdek Tolosan, eta bertan izango da Txema Garces tolosarra baxuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!