Alde Zaharreko etxadi-patioak berreskuratu eta duintzeko asmoz Plaza Zaharraren eta Zerkausia, Korreo eta Letxuga kaleen arteko etxadi-patioa berreskuratzeko lanak abiatuko ditu Tolosako Udalak, apirilean.
Esan du hilabeteak direla eremu horretan lanean dabiltzala, eta ordenazioz kanpoko eraikinak daudela patioan: horietako batzuk jabetza pribatuak dira, beste batzuen jabetza argitzeke zegoen, eta beste kasuren batean, jabetza publikoko baina erabilera pribatibokoak zeuden. Horietako asko, ordea, utzita zeuden, eta osasun publikoko arazoak antzeman ziren, tartean, arratoi plagak. Horiek hustu eta garbitzeko errekerimenduak bideratu zitzaizkien iaz jabekideei eta, ondoren desratizazio-tratamenduak aplikatu dira. Lan horiek eginda egoera hobetu bada ere, harago joatea erabaki du udalak: jabetzak aztertu eta zalantzak argitu eta gero, eraikinetako batzuk eraisteko eta eremua garbitzeko ardura hartu du.
Dagoeneko bideratu dituzte lan horien kontratazioak, eta apirilean hasiko dituzte. Eraikin horietako batzuk amiantoa dute eta, beraz, trataera berezitua eman behar zaie lanei.
Oraingoan, patioaren erdian egingo dira lanak: Letxuga kaleko eta Plaza Zaharraren aldeko pasabide ingurutik, Zerkausia kalearen lehen erdira, gutxi gora behera. Beste erdian, jabetza pribatuko eraikinak daude, eta horien etorkizuna aztertzeko lanak martxan ditu Hirigintza Sailak.
Ander Figuerido zinegotziak azaldu duenez, patioarekin zer egin erabakiko da lanak egin eta eremua nola geratzen den ikusi eta gero: «Hau lehenengo urrats bat da. Ez dakigu bestelako urbanizazio lanik beharko ote duen. Erabilera publikoa eman nahi bazaio, zer eta nola egin ikusi beharko da. Argi dugu ez dugula puntu beltz bat sortu nahi. Hala eta guztiz ere, erabat degradatua dagoen eremu bat txukuntzeko eta duintzeko urrats garrantzitsua da».
Lan gehiago
Alde Zaharreko Plan Integralari lotuta, beste bi kontratu bideratzear dira. Batetik, eremuaren konponketa lanetarako kontratua esleitu berri da. Ondorengo hilabeteetan lan txiki ugari egingo dituzte kalez kale. Bestalde, Plan Integralaren bigarren fasearen kontratua esleitzear dago. Eginbideak amaitu bezain pronto aktibatuko da, eta hurrengo urteetarako Ekintza Plana lantzeari ekingo zaio.