Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuak eskualdez eskualde egiten ari den bilera-sortaren barruan, Tolosaldeko eragileekin elkartuko da bihar arratsaldean Tolosan. Topaketaren helburua Multikirola (MK) programaren egoera berria azaltzea izango da, azken urteetan egindako berrikuspen prozesuaren ondorioz eguneratua izan den eredua aurkezteko.
Izan ere, 2023an abiatutako berrikuspen prozesu baten eta bi epai judizialen ondoren, foru araudia egokitu egin da. Nahiz eta aldaketak jada araudian jasota egon, 2026-2027 ikasturtean sartuko dira indarrean praktikan.
Erantzukizun partekatua, ereduaren giltza
Kirol diputatuak, Goizane Alvarezek, azpimarratu du Multikirolak arrakastatsua izaten jarrai dezan, ezinbestekoa izango dela eragile guztien inplikazioa. Haren hitzetan, «eredu honi eusteko erantzukizuna guztiona izango da», eta horren mende egongo da adingabeek kirol hastapen askotarikoa, osasungarria eta espezializazio goiztiarretik urrundua izaten jarraitzea.
Multikirola 30 urtetik gorako ibilbidea duen programa da Gipuzkoan, eta erreferentziazko eredutzat hartu izan da, besteak beste, pedagogia, ekitatea eta inklusioa oinarri dituelako.
Aldaketa nagusiak: finantzaketa, antolaketa eta mugikortasuna
Eredu berriak hiru ardatz nagusitan jasotzen ditu berrikuntzak:
- Finantzaketa: familien kuotak bateratu egingo dira, urtean 60 euroko tarifa bakarrarekin; premia bereziak dituzten familientzat doakoa izango da. Aldundiak programaren kostuaren % 85 hartuko du bere gain.
- Programazioa: astean gutxienez entrenamendu egun bat eta asteburuan topaketa edo lehiaketa bat egingo dira (1+1), gehienez bi entrenamendu eta topaketa bat (2+1).
- Mugikortasuna: benjaminek (8-9 urte) entrenamenduak eskualdean egingo dituzte, baina topaketak lurralde osoan; alebinek (10-11 urte), berriz, Gipuzkoa osoan jardungo dute.
Halaber, salbuespenak aurreikusten dira kirol minoritarioetan, parte hartzea bermatzeko.
Eragileen eginkizunak zehaztuta
Eredu berriak eragile bakoitzaren rola ere argitzen du. Aldundiak koordinazio orokorra eta finantzaketaren zati nagusia bermatuko ditu; udalek koordinazio operatiboa eta kirol espazioen antolaketa; ikastetxeek programaren kudeaketa zuzena eta integrazioa beren plangintzan; eta kirol klubek araudia betetzea eta modu aktiboan parte hartzea.
Bilera erronda, martxan
Tolosaldekoa martxoan egiten ari diren sei bisitetako bat da. Aurretik Eibarren, Azpeitian eta Irunen egin dira bilerak, eta Donostian federazioekin topaketa espezifikoa ere izan da. Hurrengo hitzorduak Beasainen (martxoak 26) eta Donostian (apirilak 16) izango dira, eta horiez gain, beste zazpi bilera aurreikusi ditu aldundiak hainbat eragilerekin.