ELKARRIZKETA

«Datorrena zoragarria izango da»

Aitor Arroyo Askarai 2026ko martxoaren 28a

Mercedes Peon, Deixaaseko taldeburua. MAIDER JIMENEZ

Deixaas talde galiziarra apirilaren 11n igoko da Tolosako Plaza Berriko oholtzara, Tolofolk jaialdiaren barruan; kontzertua «proposamen elektroakustiko bat» dela aurreratu du Mercedes Peon taldeburuak.

«Esperientzia sentsorial ahaltsu eta sutsua; dinamikoa eta konprometitua», horrela aurkezten du bere proposamena Deixaas taldeko Mercedes Peon musikariak. Tradizioa eta esperimentazioa uztartzen dituzte, eta hainbat sari jaso dituzte ibilbidea hasi zutenetik. Tolofolk jaialdiaren barruan egingo dute kontzertua Tolosan, eta hitzorduak «ilusio handia» egiten diola aurreratu du Peonek. Hizpide izan ditu, halaber, taldearen sorrera, nortasuna eta ezaugarriak.

Nola deskribatuko zenioke zuen proposamena taldea ezagutzen ez duen norbaiti?

Lehenik esango nieke autoestimu kulturaleko konposizioko musika dela; taldea disko bat erakusteko jaio zela, eta nortasun propioa duen banda bihurtu dela, izena usurpatuz, adiskidetasunak eta emozioak elkartutako hiru entitatetan transformatzeko. Esango nieke proposamen elektroakustiko bat dela, non Monica de Nuten punta-puntako formazioak, Ana Fernandezen ezagutzak eta nire soinu-zuzendaritzak energia izugarria, zirraragarria eta solidarioa bihurtzen duten.

Nola eta nondik sortu da Deixaas?

Diskoa lurraldera itzultzeko beharretik sortzen da, baina interesatzen zitzaizkidan gai politikoetatik, langile mugimenduetatik, mugimendu feministetatik, kuantutik, sistemen fikziotik, hizkuntzen zein kulturen aurkako egiturazko indarkeriatik eta abar. Navantia hirian zehar ibili nintzen bi grabagailurekin, bertako tentsio horretatik disko bat sortzeko. Navantia jardun eta egitura sindikal handieneko tokietako bat da, bikaintasunezkoa da ingeniaritzan eta abar. Baina horrek guztiak lan-kargari erantzuten dio, zeina, azken finean, gerrarako ontzien eraikuntza den; bizi garen munduaren metafora ikaragarria da.

Zer esan nahi du izenak?

Bada, esan nahi du «utz itzazu» eta «hegoak eman ditut».

Tradizioa eta esperimentazioa uztartzen dituzue. Non kokatzen duzu kontserbazioaren eta eraldaketaren arteko oreka?

Gakoa zera da: ni autoestimu kulturaleko sortzailea naiz; ez dut nahasten, ez dut fusionatzen, eta ez da inoiz nire asmoa izan ere. Arkeologikoa ez, bizi-bizirik dagoen zerbait ezagutzeko eta haren parte izateko zortea dut. Beraz, erdigunea hemen dago, bizirik dauden gure ehunka hizkuntza bizietan, galizieraren aterpean biltzen diren aberastasun dialektal guztietan, ehunka kosmobisiotan, foliada [Galiziako jai herrikoi tradizionala] modernoen babesean; eta guztiak, noski, gaur egungo herrixka biziekin lotuta daude.

Zein rol du galiziar kultur tradizioak —hizkuntzak, historiak...— zuen musika identitatean?

Rola da, izatez, mundu globalari egindako begirada periferikoaren oinarria.

Folklorea iraganeko garai batekin lotzen da askotan. Sumatzen al duzue erresistentzia edo zailtasunik kontrakoa erakusteko?

Herri bat ordezkatzen duena da folklorea, eta, beraz, nire ustez, nazio eraikuntza da. Dena den, Galizian mundu bat eta ez-mundu bat daude; ez-mundu hori guztiz kontrolaezina da seráns-ena [Galiziako auzo-bilera tradizionalak], diru laguntzetatik eta espazio kontrolagarrietatik kanpo dagoena. Seráns, foliadas, edo Pola Vila [neguan etxe batzuetan egiten den gaueko bilera]... Musika-dantza eta hitz lengoaiak dira, non trantze kolektiboan erlazionatzen garen; beraz, ez-mundu horretan bazaude, ez zaizkizu aurreiritzi horiek burutik pasatzen.

Musika proposamenaz gain, Deixaasek eszenaratze zehatz bat du. Zergatik iruditzen zaizue garrantzitsua elementu hori ere zaintzea?

Barkatu lehen pertsonan hitz egiten jarraitzea, baina horrela da...... Proposamen eszenikoa hiruren arteko harremana da, zeharkatu egiten gaituen harreman bat proposatzen dut, aparteko talentua duten nire kideen potentzial osoa erakutsiz. Ez dugu inoiz janzkerarik aurretik adosten, baina bikainak direnez, bada, beti harmonian gaude. Izatez, hainbat lanbidez ere ari gara aldi berean, hain zuzen, konposizioaz, musika-exekuzioaz eta artistez.

Taldean Monica de Nut, Ana Fernandez eta zu biltzen zarete. Nolakoa da zuen arteko lankidetza?

Zoragarria. Monicak taldearen grabeak eta inprobisazioa ematen ditu, eta hori, sekulako ahots prestakuntza musikalaz gain. Bestalde, Ana Fernandezek perkusio tradizionalaren ezagutza zabala eta gaitasun eszeniko izugarria ematen ditu.

Nolakoa da sormen-prozesua taldearen barruan?

Eszenako proposamen politikoa zeharkakoa da, baina errealitatea da ni naizela gertatzen den guztiaren konpositorea, inprobisazio handien kasuan izan ezik.

Ibilbide sendoa du Deixaasek. Nolako garapena izan du denbora honetan?

Dena askoz ere kontzentratuagoa da, eta gure arteko harremanean erabat bateratuta gaude.

Zer esan nahi du zuentzat Tolofolkeko eszenatokira igotzeak?

Nire aldetik, ikaragarri maite dut Euskal Herria. Ez naiz inoiz Tolosan egon, eta ilusio handia egiten dit bertan izango direnekin trantze une bat partekatzeak.

«Ilusio handia egiten dit bertan izango direnekin trantze une bat partekatzeak»

Ba al duzu aurreikuspenik Tolosako kontzertuaren inguruan?

Datorrena zoragarria izango da.

Zer esango zenioke kontzertura joan ala ez zalantza duen norbaiti?

Bada, agian, elkarrizketa hau irakur dezala?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!