Arrameleko zubia eta ondoko biribilgunea berritzeko obraren lizitazioa argitaratu berri du udalak. Biribilgunea zabaldu, espaloiak eta bidegorriak berritu, eta zubia atonduko dute. Enpresek apirilaren 9ra arte aurkeztu ditzakete proposamenak; irabazleari kontratua esleitu ondoren, hiru hilabeteko epea izango du obrak egiteko. Gutxi gorabehera, milioi erdi euroko inbertsioa egingo du udalak.
Hobekuntzen artean, biribilgune zabalagoa egingo dute. Udalak esan du neurri txikia duela, eta ibilgailu astunek zailtasunak izaten dituztela maniobrak egiteko. 19 metroko kanpo-diametroa izango du; barruko irlatxoak, berriz, zortzikoa. Orain arte bezala, behar izanez gero, ibilgailuek zapaldu ahal izango dute. Biribilgunea zabaltzeko lanak egiteko, lurzati bat desjabetu du udalak: Larramendi kaleko 2. zenbakiko hesiari puska bat kenduko diote, eta metro batzuk atzeratuko dute, errepidearen zati bat eta oinezko bidea metro batzuk mugitzeko.
Hauxe da orain artekoaren eta etorkizunekoaren alderaketa erakusten duen planoa:
Banaketa berria
Zubiaren erabileren banaketa ere aldatu egingo da, batez ere, bizikletei dagokiena: Belate aldeko espaloia bidegorria izango da; 2,60 metroko zabalera izango du, bi noranzkoko erreiekin. Beste aldekoa, berriz, oinezkoentzat izango da.
Ander Figuerido hirigintza zinegotziak azaldu du banaketa berriaren zergatia: «Gaur egun oso estu geratzen dira, bai oinezkoen bi espaloiak, baita bizikleten bidea ere. Gainera, bidegorria moztu egiten da biribilgunera heltzean. Horrek elkarbizitzara derrigortzen ditu oinezkoak eta bizikletak. Oso zati estua da, eta ezin da zabaldu, ibaiak mugatzen baitu. Segurtasun arazoak sortu izan dira. Hori ez gertatzeko, eta bidegorria ez eteteko, teknikoki bideragarriena beste aldera pasatzea zela ikusi da. Ez zegoen soluzio errazik. Bereizketa eginda, oinezkoen bideak ere asko irabazten duela baloratu dugu».
Zubian bertan hobekuntza gehiago egingo dituzte. Oinezkoen espaloiaren aldean errefortzuko heldulekua jarriko dute, baita kale-argi berriak ere, argitasuna hobetzeko. Tarteetan, loreontziak edo lore-askak jarriko dituzte, zubia apaintzeko. Oinezkoak babesteko, metalezko baranda ere jarriko dute biribilgunearen inguruan.
Sei obraren zuzendaritzarako lizitazioa ere martxan
Horrez gain, udalak argitaratu du Tolosan sei berrurbanizazio-obra zuzentzeko eta segurtasun eta osasun koordinazio lanak egiteko zerbitzua kontratatzeko lizitazioa ere. Aurten bideratu nahi dituen sei lan biltzen ditu: San Inazio auzoko bidegurutzearen urbanizazio lana, Arrameleko zubiko behin betiko biribilgunearen exekuzioa, San Blas auzoko urbanizazio proiektuaren aldaketa, Gorriti plaza berreskuratzeko proiektua, Iurramendi kalearen eraikuntza-proiektua eta aparkaleku publikoetan karga puntuak jartzeko obra zibilaren exekuzio-proiektua. Apirilaren 13an itxiko du udalak lehiaketa publikora proposamenak aurkezteko epea.
