Baserritar Misto Profesionala programa ezagutarazteko informazio saioa egingo dute Tolosan

Ataria 2026ko martxoaren 18a

Saioa martxoaren 23an, astelehena, izango da Gazte Topagunean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2026rako Baserritar Misto Profesionala programaren deialdi berri bat abiarazi zuen urtarrilean. Programa horren helburua da nekazaritza jarduerarako trantsizioa erraztea, lehen sektoreko lan bizitza beste jarduera profesional batzuekin konbinatuz. Foru Aldundiak esan du programak harrera positiboa izan duela hartzaileen artean, eta laguntza teknikoa eta ekonomikoa eskaintzen diela nekazaritza arloan jarduera bat garatu nahi duten pertsonei, beste sektore batean beren lanaldia mantentzen duten bitartean.

Programaren ezaugarriak, onurak eta aurtengo berrikuntza nagusiak ezagutarazteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak doako informazio saioak antolatu ditu Gipuzkoako hainbat udalerritan, tartean Tolosan. Eskualdeko saioa martxoaren 23an, astelehena, izango da Gazte Topagunean (Kultur Etxeko 1. solairuan), 18:30ean.

Saioan Joseba Aranburu Nekazaritza eta Lurralde Oreka Berdeko zuzendariak, eta Iñaki Labaka saileko aholkulariak emango dituzte azalpenak. Horrez gain, programan parte hartzen ari diren Baserritar Misto Profesionalek ere hartuko dute parte, beren esperientziak partekatuz.

Izena emateko epea zabalik urte osoan
Aurtengo deialdian, berrikuntza nagusi gisa, aurkezpen epea urte osora zabaldu dute. Horri esker, interesdunek urteko edozein unetan egin ahal izango dute eskaera, horrela, izen ematea interesdunei egokien datorkien epera egokituz.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan Foru Aldundiarekin bmp@gipuzkoa.eus helbide elektronikoaren bidez edo aipatutako udalerrietako informazio saioetara bertaratu daiteke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!