Tolosako Alde Zaharreko Errementari kalean HonYa komiki denda zabaldu zuen joan den abuztuan James Ling Cheungek (Hong Kong, Txina, 1988). Denbora gutxian euskaraz ikasi eta C1 titulua atera du.
Nolatan iritsi zinen Tolosara?
Duela hiru urte inguru bizi naiz Tolosan. Anaia eta ama hemen bizi dira; aurretik lekuz leku ibiltzen nintzen lanagatik, eta azkenean Tolosara etorri nintzen bizitzera.
Aurretik non bizi izan zara?
Txikitan Donostian bizi izan nintzen, hamar bat urtez, eta gerorago Txinara joan nintzen, lehen lanera. Bi urte eta erdi pasatu nituen han, eta gero Europara bueltatu nahi izan nuen; Katalunian lan bat aurkitu nuen. Bertan bost urte eman nituen, eta ondoren Asturiasera joan nintzen, eta han beste pare bat urte eta erdi egon nintzen. Ondoren, Tolosara etorri nintzen.
Txikitan Donostian bizi zinela euskaraz hitz egiten zenuen?
Ez, orduan ez. Aukera genuen euskara ikasteko, baina gurasoek erabaki zuten hizkuntza bakarra ikastea, bat ondo hitz egiteko eta ez bi erdipurdi. Atzerritarra nintzenez aukera izan nuen garai hartan hezkuntza mailan euskararik ez ikasteko. Baliteke gaur egun aukera hori posible ez izatea.
Gaur egun zenbat hizkuntza dakizkizu?
Batzuk bai, baina oso zaila da hizkuntza guztiak maila berean hitz egitea, ez dituzu egunero guztiak hitz egiten eta.
Zeintzuk dira?
Txinan mandarin hizkuntza da nagusia, eta Hong Kongen hitz egiten dena kantonera da. Orain mandarina ere hitz egiten da Hong Kongen, Euskal Herrian batuarekin eta lekuan lekuko euskararekin gertatzen den bezala. Baina kantonera eta mandarina hitz egiten dutenek ez diote elkarri ulertzen, ikasi egin behar da bakoitza. Txinera doinuetan oinarritzen da, eta hizkuntza bakoitzak doinu ezberdinak ditu. Atzerritarrak saiatzen direnean txineraz hitz egiten, eta doinu bat ez badute egoki ahoskatzen, ez da ulertzen.
Bi horiez gainera zein beste hizkuntza hitz egiten dituzu?
Ingelesa, gaztelania, euskara, katalana apur bat ere bai, eta garai batean japoniera ikasi nuen, baina ahaztuta daukat.
Nolatan ikasi zenuen euskara? Hizkuntzak gustatzen zaizkizu?
Gustatzen zaizkit, baina gehiago gustatzen zait leku batera joaterakoan bertako kulturan edo bizimoduan barneratzea; nolabait bertan murgiltzea, hizkuntza erabiltzea eta parte izatea. Beste leku batera zoazenean, asko ikasten da benetan bertan murgiltzen zarenean; ez baduzu ezer ulertzen beste hizkuntza bat hitz egiten dutelako, behin hizkuntza hori ikasten duzuenean, garuna edo ikuspuntua ireki egiten da. Eta hori nahiko erakargarria da.
«Bertako hizkuntza ikasten duzunean, garuna edo ikuspuntua ireki egiten da»
C1 maila duzu euskaraz. Bi urtetan lortu duzu?
Bai, bi urtetan. Gero C2ko klasera joan nintzen, baina oso zaila da. Hori egiteko bakarrik horretara egon behar zara, eta momentu hartan asko nuen nire gain, eta alde batera utzi nuen.
Zaila da euskara ikastea?
Bere zailtasuna du, baina ez dut uste ezinezkoa denik. Arau asko ditu, eta esango nuke bere alde matematikoa duela; lotura asko egin behar dira buruan, adibidez, aditzetan. Horretan txinerarekin ez du zerikusirik. Txinerak ez du lehenaldia edo etorkizuna, orainaldia bakarrik dauka. Eta nire ustez gramatika oso erraza da; ondo ahoskatu behar duzu, eta entzumen ona izan behar duzu. Euskara ez da hain zaila, zentzua du, eta horrek ematen dio erraztasuna ikasterakoan.
Euskaratik hori duzu gogoko?
Niretzat errazagoa da ikastea, arau nahiko txukunak dituelako. Ingelesez ez dituzu hitzak berdin idazten eta ahoskatzen, eta hori askotan nahasgarria da.
Bezeroak dendara sartzen direnean aukera izaten duzu euskaraz hitz egiteko? Lehenengo hitza euskaraz egiten dizute?
Gehienetan gaztelaniaz hitz egiten hasten dira. Gutxitan, euskaraz hitz egiten dudan heinean, gaztelaniaz erantzuten didate. Batzuetan barregarria ere izaten da.
Eta norbait harritu izan da euskaraz ondo moldatzen zarelako?
Agian baten bat, baina jende gutxi harritzen da.
HonYa izena jarri diozu dendari. Zer esan nahi du?
Japonieraz da, eta liburu denda esan nahi du. Hon liburua esan nahi du, eta ya denda. Erraza eta zuzena da.
Nolatan zabaldu zenuen denda?
Beti izan nuen negozio bat zabaltzeko gogoa, ume bat sortu, landu eta hazten ikustekoa. Gustatzen zaizkit komikiak irakurtzea, mangak, eta horri buruzko denda bat zabaltzea pentsatu nuen. Hemen barnealdean ez dago horrelako komiki dendarik; bai hiri handietan, baina herrietan ez dago.
Zer duzu dendan?
Mangak ditut, bestelako komikiak, umeentzako ipuinak, eta horrez gain opariak, panpinak, jolasak, mahai jokoak, motxilak... Bestalde, janari asiarrak daude, normalean beste dendetan ikusten ez direnak. Saiatzen naiz gauza ezberdinak izaten.
Eta zer martxa du dendak?
Jendeak ondo hartu du, denda ezberdin bat delako. Denda asko ixten ari dira Alde Zaharrean, eta zerbait berria jartzeak laguntzen du bizia ematen. Bestalde, denbora gutxi daramalako, jendeak ez daki denda badagoela. Batzuek esan didate denda polita dela, eta gustura hartzen dira horrelako iritziak. Gehienetan gurasoak etortzen dira erostera, beren umeek irakur dezaten nahi dutelako, eta ez horrenbeste denbora pasatzea ordenagailuarekin eta eskuko telefonoarekin. Asko etortzen dira beren haurrentzat zer komiki ote dauden galdetzera.
«Guraso asko etortzen dira dendara beren haurrentzat zer komiki dauden galdetzera»
Noiztik diozu zaletasuna manga komikiei?
Hamar urte ingururekin hasi nintzen komikiak irakurtzen. Hong Kongen ere bertako komikiak ditugu, eta bazegoen komiki denda bat autobus geltokiaren ondoan. Hor egoten ginen anaia eta biok irakurtzen. Horrelako irudiekin irakurtzean, eta gainera askotan barregarriak izanik, oso erakargarria egiten da irakurketa. Hortik aurrera gehienetan mangak irakurri izan ditut. Orain jendeak eskatzen dit komikiak ekartzeko, eta bide horretatik ere beste egile batzuen komikien berri izaten dut. Izan ere, aukera hori ere badago, komikiak eskatu eta horiek ekartzeko.
Manga komikiak Japonian egiten direnak dira, ezta? Zein da zure gustukoena?
Bai, mangak Japonian egiten diren komikiak dira, eta orain komiki korearrak eta txinatarrak ere badaude, eta antzeko izena ematen diogu, manhwa eta manhua. Izen ezagunena manga da, asko daudelako, korearrak eta txinatarrak baino gehiago. Nire gustukoena esatea zaila da... Asko gustatzen zaizkit Naruto eta Bleach.
Dendak ba al du webgunerik edo sare sozialik?
Honya.es da webgunearen helbidea, eta Instagrama ere badu, @honyadenda izenarekin. Etorkizunean webgunea garatu nahi dut, eta bertatik produktuak saldu, baina denbora behar dut hori egiteko.