Tolosa&Co merkatari elkarteak ez du zorterik eguraldiarekin. Braderie eguna ospatzen ari dira gaur, herriko saltoki txikiek produktuak kalera ateratzeko eguna, eta beste behin ere, euria ari du; merkataritza txikia sustatzeko ekimena baldintzatzen ari da eguraldia. Hala ere, euriak ez ditu herritarrak kikildu, eta askok ez dute huts egin; denda atari batzuetan ia ez zegoen produktuak ikusteko tarterik ere.
10:00etan hasi da eguna, elkarteko zenbait ordezkarik Trianguloa plazan egin duten ekitaldiarekin. Zinta moztearekin batera, parte hartzen ari diren 50 saltokik produktuak saltzeari ekin diote. Denboraldiko azken beherapenak atera dituzte kalera, eta herritarrek deskontu bereziez gozatzeko aukera izan dute.
Haurrak ere egunaren parte
Braderie eguna ez da bakarrik erosketak egiteko izaten ari. Aurten, berrikuntzez betea dago egitaraua. Guztietan erakargarriena Trianguloa plazan kokatu duten erruleta izan da. Goizean zehar, azken bi asteetan elkarteko dendetan erosketak egin dituzten herritarrek sariak irabazteko aukera izan dute bertan. Une batean, ilara luzea egin behar izan dute parte hartu nahi zutenek.
Baina, helduek ez ezik, haurrek ere gozatu dute gaurko egunaz. Batetik, aurpegi margolaria egon da Trianguloan, eta tren txu-txuak ere bertan hasita egin ditu ibilaldiak. Horrez gain, Tolosako Erraldoi eta Buruhandien konpartsak antolatuta, txikienek erraldoi eta buruhandien mundua ezagutzeko aukera izan dute kultur etxean. Erraldoiak margotu, muntatu eta dantzak ikasteko saioa izan da, eta tartean, buruhandi bat probatzeko aukera ere izan dute haurrek.
Erraldoiak eta bingo musikatua
20:00ak arte iraungo du gaurko ekimenak. Arratsaldean, erraldoi eta buruhandiak aterako dira kalera; 17:00etan abiatuko dute kalejira, Emeterio Arrese plazatik. Eguraldiak tregoa emanez gero, kaleak girotuko dituzte. Amaitzeko, 20:00etan, Alex Padillak gidatuta, bingo musikatua egingo dute Euskal Herria plazan; eguraldi txarra eginez gero, Zerkausian izango da.