San Frantzisko pasealekuko 37. zenbakiko proiekturako udalaren prozedura egokia izan zela berretsi du epaileak

Ataria 2026ko martxoaren 13a

Sagrado Corazon etxearen eta haren atzeko orubearen inguruko jabekideen-erkidego batzuk bi administrazio auzi-errekurtso jarri zituzten udalaren aurka; bada, epaileak guztiz ukatu ditu bizilagun demandatzaileek ezarritako aurkaratze-arrazoi guztiak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio-Auzietako Salaren 2. Atalak ebatzi du 13.1 San Frantzisko pasealekua 37 azpi-esparruko xehetasun-azterketa eta egikaritzeko araubide aldaketarako Tolosako Udalak erabilitako prozedura egokia izan zela.

San Frantzisko pasealekuko 37. zenbakian dagoen Sagrado Corazon etxearen eta haren atzeko orubearen inguruko jabekideen-erkidego batzuk bi administrazio auzi-errekurtso jarri zituzten udalaren aurka: bata, Tolosako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 13.1 San Frantzisko pasealekua 37 azpi-esparruko xehetasun-azterketa eta azpi-esparrua egikaritzeko araubide aldaketaren aurka bestea, berriz, jabe bakarreko birpartzelazio-proiektuaren aurka.

Bada, aste honetan egin da lehen errekurtsoaren epaia. Epaileak guztiz ukatu ditu bizilagun demandatzaileek ezarritako aurkaratze-arrazoi guztiak, eta aldeko epaiarekin, udalak egoki jokatu zuela berretsi du. Epaiak zehazten du xehetasun azterlana adierazitako azpi-esparruaren exekuzio-araubidea aldatzeko tresna egokia dela, eta antolamendu xehatuaren zehaztapenak osatu edo egokitu daitezkeela.

Epaia ezagutzearekin batera, administrazioarekiko bigarren auzi-errekurtsoa, jabe bakarreko birpartzelazio-proiektuari jarritakoa, atzera botatzea eta prozedura artxibatzea eskatu dute jabekideek. Horrenbestez, garapen urbanistikoarekin aurrera jarraituko du udalak.

Epaiarekin pozik

Udal gobernua pozik dago epaiarekin. Andu Martinez de Rituerto alkateak esan du iinteres orokorra lehenetsi dutela hasieratik, interes partikularren gainetik. «Batetik, balio historikoa duen eraikin bat babestea eta ez eraistea lortu dugu, eta, gainera, udalaren jabetzakoa izatera pasatu da. Horrek, gazteentzako zuzkidura-etxebizitzak egitea ahalbidetuko digu. Bestetik, aurreikusitako etxebizitza kopurua mantentzea lortu zen antolamendu berriarekin. Uneoro ondo jokatu izan dugunaren konbikzioa izan dut, teknikariek ziurtasun hori transmititu digutelako, eta epaiak hori erakusten du», azaldu du alkateak.

Ander Figuerido Hirigintza Saileko zinegotziak, berriz, saileko teknikarien lana nabarmendu du: «Prozesu gogorra izan da; sekulakoak eta bi entzun behar izan ditugu, bai gobernuko kideok, baita teknikariek ere. Eraikin berria botatzeko beldurrak haizatzera ere iritsi izan dira. Guk argi genuen prozedura egokia zela: hala berretsi digute uneoro bai teknikariek, baita kanpo-aholkulariek ere, eta konfiantza osoa izan dugu. Eskerrak eman nahiko nizkieke egin duten lanagatik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!