Uraren Euskal Agentziak INES Ingenieros Consultores SL Malagako (Andaluzia) enpresari esleitu dio Tolosa parean Oria ibaia uholdeetatik babesteko Zubiberria ordezkatzeko proiektuaren idazketa, 2026an gauzatzeko. Proiektuaren idazketarako kontratua esleitu eta jada formalizatu du Urak, eta 91.960 euroan balioa du, Balio Erantsiaren Zerga barne. Orain, enpresa esleipendunak sei hilabeteko epea du zubiaren behin betiko proiektua idazteko. Zubi berriaren behin betiko proiektua itxi bezain laster lizitatuko ditu Urak zubia ordezkatzeko lanak.
Zutaberik gabeko zubi bat proposatzen du enpresak, bao bakarrekoa. Era berean, galtzadaren gainetik egitura bat du, ahalmen hidrauliko handiena lortzeko, eta, horrela, uholde-arriskua murrizteko. Altxaeran dauden bi habe kurbatu nagusitan oinarritzen da, arrain-silueta baten antzekoa. Zubia inguruko paisaian integratzen da, eta konponbidea ematen zaio ezkerraldeko espazio faltari.
Errepidearen egungo errei kopurua mantentzen du, baita horien neurriak ere, bakoitza 2,80 metroko zabalerarekin. Zubiak bi espaloi handi ditu, 2,40 metrokoak, habeen bidez bereizita, eta ibilgailuen eta oinezkoen arteko hesi fisiko gisa funtzionatzen dute. Forma kurbatuko estetika oinezkoen ikus-eremuaren azpitik geratzen da. Gauez ere integratuta gera dadin, ingurunearekin behar bezala integratzen den argiztapen bat erabiltzen da.
Puntuaziorik altuena hiru zatietan
Proiektua hautatzeko prozesuak bi fase izan ditu. Lehenengoan, Urak azterketa teknikoa egin zuen. Fase honetan, gaitasun hidraulikoa, jarduketa- eta diseinu-proposamena, lurren eta obrarako sarbideen okupazio-maila, ingurumen-ondorioak, udalerriari eta zerbitzuei lotutako ondorioen azterketa, plangintza eta metodologia aztertu zituen, besteak beste. Azterketa horretan lortutako puntuazioa azken emaitzaren % 40 izan da.
Bigarren fasean formulen bidez automatikoki ebaluatutako beste bi alderdi aztertu zituen Urak, tartean interpretaziorik eta balio-iritzirik egin gabe. Batetik, Tolosako herritarrek herri-bozketa bat egin zuten –hau ere, azken emaitzaren % 40–. Bestetik, hautagaitza bakoitzaren proposamen ekonomikoa ebaluatu zen –gainerako % 20–.
INES Ingenieros Consultores enpresaren proiektuak puntuaziorik altuena lortu du hautaketa-prozesuaren hiru zatietan: balorazio teknikoan, herri-bozketan eta eskaintza ekonomikoan.
Honakoa izan da prozesuaren azken emaitza:
|
Enpresa |
Balorazio teknikoa |
Herri-bozketa |
Eskaintza ekonomikoa |
Denera |
|
1. INES INGENIEROS CONSULTORES S.L. |
36,00 |
40 |
20,00 |
96,00 |
|
2. ANTA INGENIERÍA CIVIL, S.L.P. |
35,50 |
31,87 |
15,97 |
83,34 |
|
3. INJELAN, S.L. |
26,50 |
14,22 |
17,40 |
58,66 |
|
4. SBP INGENIEROS ESPAÑA SL. |
20,00 |
8,25 |
11,69 |
39,24 |
