Inauterien ondorena 26

‘Amiano’ eta ‘Mugi Mugi Toloxa’, inauterietako karroza eta konpartsa onenak

Ataria 2026ko martxoaren 13a

Amiano karrozako partaideak dantzan Zaldunita egunean. AITOR ARROYO ASKARAI

Inauterietako hiru karroza onenak eta konpartsa onena aukeratu ditu epaimahaiak; karroza sarituek kokalekua hautatzeko aukera izango dute 2027ko inauterietan. Bestalde, martxoaren 16an amaituko da karrozek eta konpartsek diru laguntza eskaera egiteko epea.

2026ko inauterietako karrozen eta konpartsen ikuskizunak aztertu eta gero, lehiaketako saridunen zerrendaren berri eman du udalak. Karrozen kasuan, hiru onenak izendatu ditu epaimahaiak, eta datorren urtean kokalekua hautatzeko aukera izango dute.

Karrozak

1. postua: Amiano. Tolosako denda historiko batean oinarrituta, irudimenez jositako ikuskizuna egin dute, jostailu zahar eta berriekin. «Erakutsi dute parodia bat omenaldi ederrena izan daitekeela», esan du epaimahaiak.

2. postua: Topic-eko lapurreta. Louvre museoko lapurreta Tolosara ekarri dute, irudimen handiarekin, eta txotxongiloak mozorroetan integratu dituzte. «Gaurkotasun handiko gai baten interpretazioa egitea erabat bat dator inauterien nortasunarekin», adierazi du epaimahaiak.

3. postua: ETB. Askotariko mozorroak erakutsi dituzte: pilotariak, ikusleak, harri-jasotzaileak, sorginak, sukaldariak... «ETBren programazioa baliatuta, nostalgia modu dibertigarrian baliatu dute».

Konpartsak

Mugi-Mugi Toloxa. Mugi Tolosa ekimena parodiatu duen konpartsa. Hainbat belaunalditako parte hartzaileak izan dituzte eta, umorearen bitartez, kirola egiten jarri dituzte herritarrak.

Taldeen argazkiak: Tolosako Udala.

Diru laguntza eskatzeko azken egunak

Bestalde, martxoaren 16an amaituko da 2026an karroza edo konpartsa gisa izena eman zuten taldeek diru laguntzaren eskaera egiteko epea. Erregistro elektroniko bidez egin daiteke eskaera, baita aurrez aurre Udaten ere. Dokumentu honetan daude deialdia eta oinarriak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!