ERREPORTAJEA

Ondo pasatzeko eta zer pentsatua izateko

Imanol Garcia Landa 2026ko martxoaren 21a

Asier Hormaza eta Joseba Apaolaza aktoreak aritzen dira 'Trajea' antzezlanean. ATARIA

Txalo Produkzioak etxeak ekoitzitako Trajea obra taularatuko dute martxoaren 27an Leidorren 20:30ean. Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza dira aktoreak, eta oso ondo ezagutzen dute elkar, hainbat obratan bidelagun izan direlako.

«Nik umorez esaten dut gure neurrira egindako trajekomedia bat dela», dio Apaolazak. «Zer den eta zer ez den beti pixka bat kostatzen da azaltzea. Nik esango nuke esperimentu bat dela, non eta pertsona bat muturreraino eramaten den zer egiteko gai den erakusten duena». Merkealdiaren lehen egunean merkatalgune handi batean izan ohi den jende-olde erraldoi horietako batean gertatutakoa da abiapuntua: nonbait gizonezko bat borrokan aritu da emakume batekin traje bat eskuratu nahian. Segurtasun-zaintzaile batek erdi-atxilotu egiten du gizona, eta bere bulegora eramaten du. «Hortik aurrera ordu eta hamar minututan gertatzen direnak asko eta klase askotakoak dira».

Joseba Apaolaza: «Nik umorez esaten dut gure neurrira egindako trajekomedia bat dela»

Funtzioa Juan Cavestanyk idatzi zuen, eta 2015ean egile berak zuzendu zuen. Orain bi urte berreraiki zuten Madrilgo konpainia batekin, Javier Gutierrez eta Luis Bermejo maila handiko aktoreekin. Autoreak berak zuzendu zuen berriz. «Beraiek eman zioten tratamendua, nolabait esateko, tragikoagoa da komikoagoa baino», esan du Apaolazak. «Guk, berriz, pixka bat alde komikoagora jo dugu, nahita nahiez, funtzioak berak eraman gaitu. Baina ez du bere ardatza galtzen, hau da, bere bizitzan arazoak dituen eta presiopean dagoen pertsona hori zer den kapaza egiteko onik ateratzeko eta aurrera egiteko».

Hormazak eta Apaolazak hainbat obratan parte hartu dute elkarrekin. Apaolazak ez du memorian gordeta kopuru zehatza, baina aspalditik lankide direla dio. Bazkide ere izan ziren garai batean Kanping Gags konpainian. Beraiek sortutako obrak aurrera ateratzeko jarri zuten martxan, eta horrela ibili ziren lau bazkide bolada batez elkarrekin. «Gero bakoitzak bere bidea jarraitu dugu, mertzenario gisa, kontratatuak izanik, han-hemenka, telebistan eta zineman. Ibilbide paraleloak daramatzagu eta tarteka aurkitzen gara», azaldu du Apaolazak.

Harrezkero kontratatu gisa funtzionatzen dutela dio. Adibidez, Txalo Produkzioen proiektu bat aurrean dutenean, bertatik hautatzen dituzte antzezleak eta gainera talde guztia. Hain justu, Apaolazak eta Hormazak Txalo Produkzioen beste obra batean ari dira parte hartzen, Artea izenekoa, Ramon Agirrerekin batera.

Sokaldi baten moduan

Elkar ezagutzea beti abantaila dela esan du Apaolazak: «Beste esparruetan bezala. Ezagutzen ditugu gure bertuteak eta gure miseriak, eta horrek erraztu egiten du lana». Ekoiztetxeak bi aktoreen arteko interpretazio duelu moduan aurkezten du obra, baina Apaolazak gehiago sokaldi bat gogorarazten diola zehaztu du: «Oso elkartuta joan behar dugu. Funtzioa exijentea da, azkarra, bizia momentu askotan. Dialogo azkarrak eta biziak ditugu. Leku komunetatik pasatzen gara, eta hitzak eta egoerak errepikatzen ditugu, eta alderdi horretatik oso exijentea da. Batek gaizki botatako preposizio bat tragedia bat izan daiteke, oso lotuta baikaude». Umorearen ardura batzuetan pertsonaia batek eta beste batzuetan besteak duela azaldu du, eta horregatik deskantsatzen du batzuetan, eta beste batzuetan besteak, eta horrenbestez sokaldi baten gisa hartu behar dela nabarmendu du.

Jendearen artean inprobisazioaren mito hori izaten dela esan du Apaolazak, baina ez dela horrela izaten zehaztu du: «Horrelako emanaldietan are gutxiago. Hitzei oso kateatuta zaude, eta edozer aldaketak... Egia da funtzioa menderatzen duzunean, gauzak ez direla hain tragikoak». Konpromisoak zirela-eta oso denbora gutxian muntatu zuten funtzioa, «abenduko lau astetan, nahiko presaka». Hasieran bazuten bertigo moduko bat, baina dagoeneko saio mordoxka bat egin dituztela dio, eta espero dutela galtzeko arriskurik ez izatea. «Oso kontentu gaude jasotzen ari garen erantzunarekin».

Txalo Produkzioak ekoiztetxearekin egin dituzten azken antzezlanak Begoña Bilbaok zuzendu ditu. «Berak hartu du ardura, eta bera izaten da Txaloren produkzio gehienetan arduradun. Oso ondo ezagutzen dugu elkar, badakigu nola funtzionatzen duen, eta nola funtzionatzen dugun elkarrekin. Askatasunez jasotzen ditu egindako proposamenak eta gero horri erremate bat eman behar zaio, musika eta abarrak sartuz». Izan ere, obrak beste dimentsio bat ere badu: eszenografia monitoreak daude, eta bulegotik kanpo gertatzen diren gauzak ikusten dira. Bi dimentsioak uztartzen dira, hau da, filmatuta dagoen zerbait ikustea antzezlanarekin batera. «Hori denak ondo lotuta egon behar du: musika, efektuak... Obra gertatzen da merkatalgune handi baten soto batean, eta megafoniako ohar batzuk entzuten dira. Funtzioak ere miazkatzen du pixka bat surrealismotik eta absurdotik momentu batzuetan, eta efektu horiek atmosfera berezi bat sortarazten dute». Funtzioa oso pieza berezia dela, eta batzuetan errealismotik ihes egiten duela gaineratu du Apaolazak. «Horren guztiaren uztartzea ordu bat eta hamar minututan eskaintzen dugu, futbol partida bat baino pixka bat gutxiago».

Aretoak betetzen

Euskarazko bertsioa estreinatu zuten lehenbizi, eta otsaila bukaera aldera estreinatu zuten gaztelerazkoa. «Guk beste merkatu batera iritsi nahi dugu, Euskal Herri bertako merkatu batera, eta horretan gabiltza. Egin ditugu hamar bat funtzio euskaraz, beste batzuk gazteleraz, eta bi bertsioak martxan ditugu».

Leidor aretoa plaza ona dela dio Apaolazak, «betetzen bada, onena». Ez dela erreza betetzea dio, baina bete izan dutela. «Eserleku kopuru aldetik badaude antzoki handiak, eta gero batzuk beste batzuk baino exijenteagoak direnak, proiekzio bat eskatzen baitu. Antzoki guztiak dira ezberdinak eta bakoitzak bere xarma du. Leidorrek duena da oso handia dela, eta betetzen baduzu ere, exijentea da bukaeraraino iritsi eta denek ondo entzutea nahi duzulako». Leku guztietan ari direla aretoak betetzen esan du: «Ez dakit zer sortu den, eta pentsatu nahi dut ahoz ahoko ona duela obrak». Hain justu, onerako «oso harrituta» daude jendearen erantzunarekin: «Pieza bat hartzen duzu eta ez dakizu zer erantzun izango duen jendeak, beti misterio bat izaten da. Oso kontentu gaude jasotakoarekin, eta jendeak nola erantzuten duen ikusita».

Joseba Apaolaza: «Gureak sakrifizio bat eskatzen du: zure ipurdia mugitu beharra duzu eta antzoki batera joan eta ikusi»

Antzerkiaren osasunaz galdetzean, 65 urte beteak dituela esan du: «Nik 40 urte egin ditut honetatik bizitzen nagusiki. Dena gutxi izaten da, eta denetik egin beharra dago; ikus-entzunezkoak eta zinema egin ditut ere. Beti esan ohi da etengabeko krisian gaudela, baina orain adimen artifizialarekin ematen du edozein gauza etxean ikusi dezakezula edozein momentutan. Gureak sakrifizio bat eskatzen du, zure ipurdia mugitu beharra duzu eta antzoki batera joan eta ikusi. Hor gaude, eta bizia da, ezin da oraingoz antzerkia deskargatu». Aurrekontu txikiko proiektuetan ibiltzen dela esan du Apaolazak, baina horrek ere ematen diola askatasuna, neurri batean behintzat, nahi duena egin eta kontatzeko.

Euskarazko antzerkiaren egoera «beti zailagoa» dela gaineratu du. «Hori nabaritzen duzu joaten zaren lekuaren arabera. Badakizu hainbat tokitan erantzuna ez dela berdina, eta beste batzuetan, berriz, beti euskaraz joaten zara jendeak hori nahi duelako». Antzerkia kinka larrian dagoela eta euskarazko antzerkia ere bai esan du. «Gure afizio hau gizakia bezain zaharra da, eta uste dut oraindik emango dugula gerra pixka bat».

Antzerkiaren sustapen horretan, jendea animatu nahi du Trajea obra ikustera: «Pixka bat itsusi samarra izan daiteke geure burua goraipatzea, baina uste dut funtzio oso polita dela, eta hainbat gai ukitzen ditugu: ustelkeria, belaunaldien arteko inkomunikazioa... Nire pertsonaiaren bitxikeriak ere azaltzen dira, nahiko xelebrea baita. Etortzen denak ondo pasatuko du, eta zer pentsatua ere emango diogu».

FITXA ARTISTIKOA

Egilea: Juan Cavestany.

Itzulpena: Martin Agirre.

Antzezleak: Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza.

Zuzendaritza: Begoña Bilbao Lejarzegi.

Jantzi diseinua: Leire Santillan.

Argi diseinua: Julen Zaballa.

Eszenografia diseinua: Asier Sancho Senosiain.

Ekoizpena eta banaketa: Txalo Produkzioak.

Argi eta soinu teknikaria: Alfredo Medina Lirio.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!