Eskiatzaileek Euskal Herriko bi txapelketa dituzte asteburuan

Imanol Garcia Landa 2026ko martxoaren 12a

Alpino Uzturreko iraupen eskiko taldeko kideak. ALPINO UZTURRE

Alpino Uzturrekoak Larra-Belaguan lehiatuko dira, skatingean eta erreleboka. Gustura daude orain arteko emaitzekin, eta eskiatzaileak «ilusio handiz» aritzen direla dio arduradunak.

Iraupen eskiko Euskal Herriko Txapelketak izango dira jokoan asteburuan Larra-Belaguan. Bertan izango dira Alpino Uzturre elkarteko kideak. Larunbatean distantziako skating modalitateko proba izango dute, eta igandean taldekako erreleboak esprint modalitatean. «Azken hori kluben arteko lehiaketa izaten da», esan du Igor Aranburu taldeko arduradunak. «Taldeek mistoak izan behar dute saria jasotzeko. Modu horretan ziurtatzen da guztien parte hartzea».

Alpino Uzturreko hiru taldek parte hartuko dute errelebo proban. Ohiko eskiatzaileez gain, proba horretan beste eskiatzaile batzuek ere parte hartuko dute. «Eski ikastaro batzuk antolatu ditugu, aspaldi egiten ez zirenak. Ikusten genuen beharra zegoela, eta gazteek ere ondo pasatzen dute». Hori horrela, ikastaro horretan parte hartu zuten batzuk izango dira asteburuko probetan, eta egunean bertan lehiatzeko lizentzia egingo zaie. «Nafarrekin lehia handia izango dugu, gazte dezente dituzte eta, baina dominaren bat lortzea espero dugu».

Taldean bost eskiatzaile daude: June Aranburu, Magali Lekue, Libe Curras, Inge Arin eta Iker Aranburu, eta entrenatzailea Alaia Juaristi da. Horiez gain, master kategoriko Igor Aranburu berak eta Harkaitz Labeagak lehiatzen dute. «Emaitza politak izaten ari dira, kontuan izanik elurra 200 kilometrotara dugula, eta dauzkagun zailtasunak ikusita», esan du Aranburuk. «Tolosan iraupen eskiaren tradizio hori daukagu, eta beti ateratzen da gazte bat edo beste emaitza onak ematen dituenak. Alde horretatik oso gustura eta oso harro nago». Aurkariak Pirinioetatik gertu bizi diren eskiatzaileak direla ekarri du gogora: «Askoz errazago dute, eta gainera kopuruz gehiago dira».

Alpino Uzturreko eskiatzaileak «ilusio handiarekin» aritzen direla dio taldeko arduradunak. «Ez da erraza, dauzkagun baliabideekin: bidegorria dugu, portuak ditugu, atletismoko pista eta gimnasioa. Eta bakoitzak ahal duen tokitik denbora ateratzen du entrenatzeko, bere kontura, eta emaitza oso onak lortzen dituzte. Kalitate oso ona dute».

Hain justu, June Aranburuk eta Libe Currasek Fesa Games izeneko nazioarteko probetan parte hartuko dute Espainiako selekzioarekin Italian. Santa Caterinan ariko dira lehian hilaren 21ean eta 22an, eta Europako eskiatzaile gazte onenak izango dituzte aurkari.

Rojo, Munduko Kopan

Olinpiar Jokoetako deialditik kanpo utzi ondoren, Alpino Uzturreko Imanol Rojo eskiatzaileak asteburuan izango du bigarren proba. Oraingo honetan Oslon jokatuko den Munduko Kopako lasterketa bat izango da. «Gogoz dago, ea emaitza polita lortu eta Olinpiar Jokoetako arantza hori kentzen duen». Aurretik proba herrikoi batean parte hartu zuen Frantzian otsailaren hasieran. Berez 50 kilometrokoa izan behar zuen, baina elur faltagatik murriztu egin zuten. Lehen hamarrek esprintean bukatu zuten, eta Rojok seigarren egin zuen.

Martxoaren bukaeran izango dira Espainiako txapelketak, eta ikustear dago Rojok bertan parte hartuko duen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!