Hamabost jarduera berri, Jabetze Eskolako udaberriko eskaintzan

Ataria 2026ko martxoaren 12a

Ura Iturraldek, Ione Zuloagak eta Elene Jimenezek jarduera bana gidatuko dute. J. A. / L. C. / ATARIA

23 jarduera antolatu dituzte, eta horietako zortzi aurreko edizioetakoen jarraipena izango dira. Izena emateko eta ordainketa egiteko epe zehatz bat egongo da.

Bihar irekiko dute Tolosako Jabetze Eskolaren udaberriko eskaintzako jardueretan izena emateko epea. Ekainera bitarteko eskaintzak 23 jarduera jasotzen ditu. Horietatik zortzik jarraipena izango dute aurreko ediziotik: euskal emakume idazleen irakurketa feminista taldea, munduko emakumeen literatura taldea (gaztelaniaz), batukada feminista, Txarangora, xilografia tailerra, ahalduntze-margolanak (elebitan), sormenezko argazkigintza ikuspegi feministatik eta maskulinitateen inguruko hausnarketa espazioa (elebitan).

Gainerako hamabostak berriak izango dira. Horietako batean, Hil arte bizi izenekoan, bigarren zatia egingo dute, gaztelaniaz; udazken-neguan izan da lehena. Heriotzaren aurrean ahalduntzea du helburu jarduera honek, eta udaberriko saioetan Aurretiazko Borondateen Dokumentuari erreparatuko diote, osasun sistemaren barruan dituzten eskubideei buruz informatuko dute, bakoitzak dituen lehentasunak ezagutuko dituzte eta hartu daitezkeen erabakiak argitzen saiatuko dira.

Beste jarduera bat historiari lotuta dago, eta saio bakarra izango da. Apirilaren 24rako Errepublika, gerra eta erresistentzia frankistako gure emakumeak ibilbidea antolatu dute. Ione Zuloaga Aranzadi Zientzia Elkarteko historialariak Tolosan azken urteetan egindako ikerketen emaitzak eta bizipenak kontatuko ditu, eta Bigarren Errepublikan protagonismoa izan eta 1936ko gerran eta diktadura frankistan frankisten errepresioa jasan zuten emakumeen eta disidentzia sexu-generikoen berri emango du.

Kirola eta musika

Aurreko edizioetan bezala, askotariko alorretako jarduerak antolatu dituzte. Kirolari edo jarduera fisikoari dagokionez, hiru motatakoak izango dira. Hasteko, udaleko Kirol Sailarekin elkarlanean, korrika egiteko, mugikortasun zein luzaketak lantzeko eta lesioak saihesteko saioak antolatu dituzte, Emakumeak mugimenduan izenburupean. Horrez gain, talde-giroan egiteko hiru mendi txango antolatu dituzte: Kutxidazu Bidea Ixabel ibilbidea apirilaren 18an, Herniora txangoa maiatzaren 16an eta Zumaia-Deba ibilbidea ekainaren 13an.

Halaber, hiru dantza-ikastaro izango dira. Batetik, dantza-estilo ezagunen oinarrizko urratsak modu errazean eta naturalean ikasteko eta askotariko erritmoak praktikan jartzeko Andragora dantzan! ikastaroa. Bestetik, twerking ikastaroa, utero eta aldaken mugimendu naturala, sentsualitatea eta norbere gorputzarekin jolastuz gozatzeko gaitasuna berreskuratzeko, mugimendua osasun eta plazer iturri gisa bizitzeko. Azkenik, Afrosesion deiturikoa, oinarria Afrikan duten dantza-estilo urbanoak ezagutzeko.

Musika alorrean, DJ ikastaroa antolatu dute. DJ set bat sortzeko oinarrizko ezagutza eta norberaren musika-gustuekiko konfiantza eta partekatzeko gogoa sustatzeko tresnak landuko dituzte.

Hausnartu eta estereotipoak hausteko

Kirola ez ezik, gogoeta egiteko ere balio du Jabetze Eskolak, eta horretarako tartea izango da bi ikastarotan. Batean, generoaren, bere arauen eta egunerokotasunean duten adierazpenaren inguruan hausnartuko dute, jolasa, sormena eta terapia uztartuta. Bestean, berriz, maitasunari, maitatzeko moduei eta horien ondorioei buruz hausnartuko dute, sinesmenak, mitoak eta aginduak aztertuta. Gaztelaniaz izango dira bi ikastaroak.

Emakumea erdigunean izaten da Jabetze Eskolako jardueretan, eta horietako batzuetan baita emakumeen gorputza ere. Udaberriko ikastaro batean, Ziklikoak gara, ugalkortasun-aldia izenekoan, heldutasun-garaiari helduko diote. Ziklikotasunera hurbildu, eta izan ditzakeen ondorio fisiko, emozional eta sozialak ezagutuko dituzte, baita presio soziala askotariko ikuspegietatik ere. Maiatzaren 5ean, berriz, emakumeen genitalen mutilazioaren inguruko estereotipoak hausteko prestakuntza-saioa egingo dute, gaiari buruzko ideia faltsuak desmuntatzen laguntzeko; gaztelaniaz izango da.

Oinarrizko ezagutza

Beste alorretako bat eskulangintza da, eta horri lotuta, bi jarduera antolatu dituzte, biak gaztelaniaz. Batetik, iturgintzako eta lorezaintzako erreminten oinarrizko ikastaroa, apirilaren 25ean. Etxeko ur instalazioetako arazo txikiak konpontzen eta lorategiko makineria modu seguruan erabiltzen ikasiko dute. Bestetik, josten, konponketak egiten eta josteko makina erabiltzen ikasteko tailerra. Joskintzaren munduan hobetu nahi duten eta jardueraren oinarrizko ezagutza duten emakumeei zuzenduta dago.

Halaber, zenbait gairen inguruan informazio praktikoa emateko doako saio bat izango da, gaztelaniaz, apirilaren 15ean, Miren Unsuain SOS Arrazakeria elkarteko abokatuarekin. Jatorri atzerritarra duten pertsonen eskubideez, bizileku-egoerez, baimenez nahiz atzerritarren erregularizazioaz hitz egingo du.

Izena emateko bi aste

Izen-emate prozedurari dagokionez, bi aldaketa izango dira aurreko edizioekin alderatuta. Batetik, epe zehatz bat egongo da, kasu guztietarako berdina. Hori horrela, izena emateko galdetegia erabilgarri egongo da bihartik hilaren 27ra bitarte. Beraz, epe horretan bakarrik eman daiteke izena.

Beste aldaketa ordainketaren epea izango da. Matrikula formalizatzeko, jardueraren prezioa ordaindu beharko dute parte-hartzaileek. Ordainketak egiteko epea ere zehatza izango da, guztientzat bera: apirilaren 13tik 24ra. Ordurako ordainketa egin ezean, baja eman, eta itxaron zerrendako lehenari emango zaio tokia.

Zalantzarik izanez gero, Andragorara joan edo deitu (943 008 967), udaleko Berdintasun Sailera deitu (688 869 023) edo berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatzi behar da.

Informazio gehiago, esteka honetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!