'Ozeko Aztia' ikuskizuna, etzi Topic-en

Ataria 2026ko martxoaren 12a

La Canica konpainia madrildarrak Lyman Frank Baumen eleberri ezagunean oinarritutako mahai-txotxongiloen ikuskizuna egingo du, 18:30ean hasita.

Larunbatean, martxoak 14, La Canica konpainia madrildarrak Ozeko Aztia ikuskizuna egingo du Tolosako Topic museoko Antxon Elosegui antzokian. Titereszena programazioko martxoko saioa izango da. Hala, Lyman Frank Baumen izen bereko eleberri ezaguna mahai-txotxongiloen ikuskizun bilakatuko dute.

Liburu horretan oinarrituta dago ikuskizuna. Dorothy izeneko neskato batek etxerako bidean Ozeko Mundu Magikoan izandako abenturak kontatzen ditu. Pablo Vergne konpainiako zuzendariak haur literaturako klasiko handienetako bat gidatzen du, eta adiskidetasunaren, elkartasunaren, lankidetzaren, adimenaren, ontasunaren eta irudimenaren balioa nabarmentzen duen muntaia da. 18:30ean hasiko da ikuskizuna, eta gomendagarria da 4 urtetik gorako haurrentzat eta familientzat. Gaztelaniaz izango da.

Lehenago, 17:00etarako, familientzako tailerra antolatu du Topic-ek. Goizean, gainera, museoko pedagogia saileko kideetako batek bisita gidatu dramatizatu bana egingo du, 11:30ean euskaraz, eta 12:30ean gaztelaniaz.

Tailerreko eta ikuskizuneko sarrera-bateratua eskuratu daiteke. Horretarako, aurrez eman behar da izena, 943 650 414 telefonora deitu edo pedagogia@cittolosa.com helbide elektronikora idatzi behar da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!