Tolosako Udalak bigarren aldiz antolatu ditu udako udaleku irekiak, iazko arrakasta errepikatzeko desioarekin. Tolosan erroldatutako 6 eta 14 urte arteko 300 haur eta gaztetxok (2012 eta 2020 urteen artean jaiotakoek) izango dute udalekuak bizitzeko aukera. Lau asteko eskaintza antolatu dute, ekainaren 29tik uztailaren 24ra. Iazko lehen esperientziarekin alderatuta, ordea, iraupenak aldatu dituzte, udalekuak ez baitira asteka banatuko: hilabete osorako modalitateaz gain, lehen edo bigarren hamabostaldirako (ekainak 29-uztailak 10 eta uztailak 13-24) izena emateko aukera izango dute haur eta gaztetxoek.
Gainerakoan, eta iaz egin bezala, bi multzotan banatuko dituzte udalekuak, adin-tarteen arabera: 6-10 urte (2016-2020) eta 11-14 urte (2012-2015). Multzo bakoitzean 150 haurrentzako lekua izango da. Eskainitako plaza guztien % 5 gordeko dute gutxienez % 33ko desgaitasuna eta/edo ofizialki aitortutako mendetasun-maila duten adingabeentzat; guztira, 15 plaza. Plaza horiek honela banatuko dituzte: 6 eta 10 urte bitartekoen taldean zortzi plaza, eta 11 eta 14 urte bitartekoen taldean zazpi. Horretarako, begirale gehiago kontratatuko ditu aurten udalak.
6 eta 10 urte bitartekoek astelehenetik ostiralera 09:30etik 13:30erako ordutegia izango dute. Eskulanak, sukaldaritza, musika eta dantza, zientziarekin lotutako jarduerak, ur-jolasak eta txangoak izango dituzte. 11 eta 14 urte arteko gaztetxoek, berriz, ordutegi bera izango dute astelehen, asteazken eta ostiraletan. Astearte eta ostegunetan, ordea, irteerak egingo dituzte eta 16:30ak arte luzatuko da ordutegia. Abenturarekin lotutako jarduerak izango dira nagusi, hala nola, piraguismoa, eskalada, naturan esplorazioa, herri-kirolak eta orientazioa, baita adierazpen artistikoekin edota gastronomiarekin lotutakoak ere.
Udalekua hasi baino ordubete lehenagotik zaintza-zerbitzua egongo da aukeran, baita ondoren ere, 14:30ak arte. Irteera-egunetan, amaieran, ez da zaintza-zerbitzurik izango. Izena ematerako orduan adierazi behar da zerbitzu horren beharra.
Izen-ematea, astelehenetik aurrera
Astelehenean (martxoak 16) abiatuko da aurretiazko izen-ematea. Martxoaren 29ra arteko epea izango da horretarako, eta ez da dokumentaziorik aurkeztu behar. Bi aukera daude: online edo presentzialki, kultur etxean (astelehenetik ostiralera, 10:00-13:00 edo 17:00-19:00 artean). Izen-ematea egitean udalekuen iraupena zehaztu behar da: hilabete osoa, lehen hamabostaldia edo bigarrena. Horren araberako prezio publikoa ordaindu behar da: 87,30 euro hilabeteagatik eta 46,20 euro hamabostaldiagatik. Prezio horietan ere hobariak aplikatu daitezke.
Leku kopurua baino eskaera gehiago egonez gero, zozketa bidez esleituko dituzte. Kasu horretan, lehentasuna izango dute hilabeteko iraupena aukeratu dutenek. Zozketa egitekotan, martxoaren 30ean eta 31n egitea aurreikusten dute, eta emaitzak zozketaren hurrengo egunean jarriko dituzte ikusgai udalaren webgunean eta kultur etxean.
Lekua eskuratzen dutenek, behin betiko izen-ematea egin beharko dute, agiriak aurkeztearekin batera. Behin betiko izen-ematea amaitzen denean tokirik balego, hutsik daudenak erreserban daudenei esleitzeko prozedura jarriko dute martxan.
Informazio gehiagorako, 943 670 383 telefonora deitu edo gazteria@tolosa.eus helbidera idatzi behar da. Horrez gain, lekua lortzen duten haurren familiekin bilera informatiboak egingo dituzte ekainean. Informazio gehiagorako, Udala.tolosa.eus/udalekuak web-orria bisitatu daiteke.
Nerabeentzako auzolandegiak eta UEMAren udalekuak
Azken urteetan egin bezala, 14 eta 18 urte bitarteko nerabeentzako eskaintza ere prestatuko du udalak. Auzolandegiak egingo dituzte uztailan, eta aurrerago emango dute horien berri.
UEMAren Salto udalekuetan izena emateko epea ere zabalik da. Udalerri euskaldunetan 2008 eta 2011 urteen artean jaiotako gazteei zuzendutako udalekuak dira, eta helburu dute saretzea eta euskararen inguruan sentsibilizatzea. Bi txanda izango dira: ekainaren 23tik uztailaren 1era eta uztailaren 3tik 11ra. Azken urteetan bezala, ibiltaria izango da ekimena: Markina-Xemeinen hasi, eta Aulesti eta Berriatua zeharkatu ondoren, Ondarroara iritsiko dira gazteak. Martxoaren 31n amaituko da izen-emate epea. Informazio gehiago esteka honetan.