Zaintza lanak publiko izatea eskatu du LABek

Ataria 2026ko martxoaren 11

Aldundiari eta patronalei Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmenaren negoziazioari ekitea eskatu die sindikatuak.

LAB sindikatuak zaintza lanetan diharduten beharginen lan baldintzak langile publikoenekin parekatzea, eta areago, zaintza lanak publiko egitea eskatu du. Izan ere, sindikatuak garbi du zaintza lanak «ezinbestekoak» direla eta «zerbitzu publikoa» dela. «Argi dugu lan baldintzak okertzen dituena pribatizazioa dela, zaintzarekin negozioa egiten dute eta ez dute eskaintza duinik langileontzat». Hain justu, hori salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte.   

LABek adierazi duenez, helduen egoitzetako langileek geroz eta lan baldintza gogorragoak dituzte: «lan kargak, ratioak ez dira berrikusten, batzuetan soldatak kobratzeko arazoak, harrera zerbitzua kendu dute derrigorrezkoa ez dela argudiatuz, gaixotasun arruntek ez dute konplementurik, jakinda lan honek sortzen dituen ezin fisiko eta psikosozialak enpresen presioaren ondorioz». 

Era berean, Gipuzkoako hitzarmenaren alde borrokan jarraitzen dutela azaldu du. Hain justu, gogoratu du urtarrilaren 28an Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmenaren negoziaketa mahaia zutela, baina patronalak bezperan bertan behera utzi zuen. «Beste behin, arduragabekeria eta sektoreko langileekiko mespretxagarria den jarrera erakutsi zuen», salatu du LABek. Sindikatuak esan duenez, joan den urte osoan negoziaketa mahaia geldirik egon zen, «inongo proposamenik gabe», eta urte amaieran patronalek 2024ko KPIa aplikatzeko ituna proposatu zuten. «Sindikatu guztiek aho batez ez zela nahikoa eta aldebakarrez egin zezatela proposatu genien. Hainbat eztabaidaren ondoren, patronalek erabaki zuten 2024ko KPIa ematea». 

LABek argi du langileen eta mugimendu feministaren «borroka luzearen emaitza» dela, eta, era berean, borroka desaktibatzeko «saiakera bat gehiago» dela uste du. «Patronalaren erabaki horri gardentasuna falta zaio, beti ere Aldundiak dirua jartzen badu ordainduko dutela esan dutelako, eta beste aldetik, kontuan izan behar dugu zerbitzua ematen duten enpresa guztiak ez daudela inongo patronalaren barne».

Dena den, sindikatuak esan du KPIaren eguneraketak ez dituela asebete, lan baldintzak parekatzea eta zaintza lanak publiko egitea baita euren aldarrikapena. Bada, Aldundiari eta patronalei euren ardura hartu eta hitzarmenaren negoziazioari ekiteko, ratioak aldatzeko eta helduen egoitzak publifikatzeko prozesua euren gain hartzeko eskatu die.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!