Iaz, Oreka Tolosa slackline taldeko kideek Gorbeian bizitako abentura kontatzen duen film laburra da Tximista. Arrabako zelaiak gurutzatzeko 1.300 metroko soka jarri zuten, iberiar penintsulako highline luzeena egiteko. Batzuek bakarrik lortu zuten gurutzatzea, tartean, Ibai Arsuaga Vallejo tolosarrak. Gaur, Leidorren emango dute filma, Mendi Tour jaialdiko hirugarren eta azken egunean. 19:30ean hasiko da saioa, eta lau ikus-entzunezko proiektatuko dituzte; Tximista izango da lehena. «Oraindik ez dut ikusi, beraz, ezin dut azaldu zer kontatzen den», aitortu du Arsuagak.
Nolako abentura bizi zenuten Gorbeian?
Linea muntatzea nahiko erraza izan zen, zelai handi bat delako. Soka lurrean zabaldu genuen, eta ondoren altxatu. Gero, gurutzatzeko saiakerak egiten hasi ginen. Ez zen oso linea teknikoa, baina luzea zen, eta bakoitzak bere helburua zuen: ahalik eta azkarren igarotzea, gurutzatzea bakarrik edo erori gabe pasatzea.
Elkarbizitza ere oso polita izan zen. Bagenekien linea berezia izango zela eta ahalik eta jende gehien gonbidatu genuen. Aspaldiko lagunak elkartu ginen, lau taldetakoak: Slackline Valentzia, Euskal Herriko Slack Herria, Iparraldeko Slackline Pays Basque eta gu. Han inguruko aterpetxe batean egon ginen. Bilboko Juventus Kirol Elkartearena da, eta erronka antolatzen hasi ginenean hitz egin genuen haiekin. 2024an, Gorbeian bertan 500 metroko linea muntatu genuen, eta ordutik harreman handia daukagu.
Iberiar penintsulako luzeena da. Zailtasun handia du?
Edozein linea, geroz eta luzeagoa izan, orduan eta egonkorragoa da. Beraz, paradoxikoki, alderdi teknikoari dagokionez, linea motzago bat baino errazagoa da. Hori bai, psikologikoki erronka handia da, denbora asko egon behar duzulako linean. Teknikoki erraza izan daiteke, baina ordu eta erdi edo gehiago soka gainean egoteko ohitura izan behar duzu. Oso azkarrak direnek, agian, 45 minutuan igarotzen dute; beste batzuk bi ordu edo gehiago egon daitezke linean.
Buruz prest egon behar da, beraz. Zuk lortu zenuen?
Bai. Bi saiakera egin nituen; lehena, zehazki, linea muntatu genuenean. Gehienak nekatuta zeuden, eta probatzea erabaki nuen, baina baldintzak nahiko txarrak ziren; haize handia zegoen. Kilometro bateko linea bat probatzen nuen lehen aldia izan zen. Hasieran zalantza asko nituen. Aurrera egiten hasi nintzen, baina asko erortzen nintzen. Bi ordu inguru egon nintzen eta lanak izan nituen, baldintzengatik. Beranduago, beste saiakera bat egin nuen, baldintza hobeekin, eta aldea ikaragarria izan zen: bi ordutatik 50 minutura jaitsi nuen denbora, eta gutxiago erori nintzen, lau aldiz edo. Sentsazio onak izan nituen, eta gustura aritu nintzen.
Tamalez, fenomeno meteorologiko batek zapuztu zuen abentura.
Berez, eguraldiaren aurreikuspena oso ona zen. Egia da estaldurarik gabe geundela, eta hasieran bakarrik begiratu genuela; gehiegi fidatu ginen. Astelehenean muntatu genuen linea, eta ostiralera arte eguraldi ona izan genuen, baina zenbait kidek abisatu zuten astebururako ekaitza zetorrela. Ostiral arratsaldean euria ari zuen, trumoiak entzuten hasi ginen eta aterpetxera joatea erabaki genuen. Gauean ekaitz handia egin zuen: tximistak, trumoiak… Larrituta geunden gertatu zitekeenarekin. Bada, larunbatean soka lurrean aurkitu genuen, tximista batek jo eta hautsi zuelako. Hortik dator film laburraren izena.
Errekorra egitea motibagarria izango da, ezta?
Ez diot garrantzi handia ematen. Horrelako linea bat muntatu eta probatzeko aukera izatea da garrantzitsuena. Gorbeian bertan aukera dago, eta, gainera, erraz muntatu daiteke. Bestela, amildegien artean muntatu beharko balitz, material bikoitza beharko genuke, eta zailagoa izango litzateke; zelai batean errazagoa da.
Noiztik zenuten buruan erronka hau?
2024an, 500 metroko linea muntatu genuenean, konturatu ginen luzeagoa egiteko aukera zegoela. Motibatuta gaude, eta pixkana joan gara luzerak handitzen: Hernion kilometro batekoa egin genuen, eta beste leku batzuetan 900 metro ingurukoak.
Iaz, Gazume eta Hernio ere elkartu zenituzten soka batekin. Ez zenuten pantaila handira eraman nahi izan erronka?
Iaz eman genuen dokumentala beka bati esker egin genuen. Azken bi erronketan, Herniokoan eta Gorbeiakoan ez genuen ikus-entzunezkorik egiteko asmorik, baina bigarrenean aukera suertatu zen. Erronka egin behar genuen astean, Jon Mendizabal zinemagile bizkaitarra Gorbeian bertan zegoen, espeleologiari buruzko dokumental bat grabatzen. Taldekideek berarekin hitz egin zuten, bazekitelako highline-aren inguruan zerbait grabatzeko interesa zuela. Azkenean aldi berean grabatu zituen bi ikus-entzunezkoak, eta biak aurkeztu zituen Mendi Film jaialdira, baina bestea bakarrik aukeratu zuten, gurea ez. Hala ere, eginda dagoenez, Tolosan erakutsiko dugu.
'Peligro. No asomarse' dokumentalerako Nerbioiko ur-jauziaren inguruan linea muntatzeko nahikoa buruhauste izan zenituzten baimenekin. Oraingoan ere izan dituzue?
2024an Gorbeian egin genuen erronkarako urtebete lehenago hasi ginen Bizkaiko Foru Aldundiari baimenak eskatzen. Zortea izan genuen, Ingurumen saileko teknikaria eskalatzailea delako, eta harremana gertukoa izan zen hasieratik. Linea luzeago bat egiteko aukera genuela ohartu ginenean, berriro jarri ginen teknikariarekin harremanetan, eta oso erraza izan zen prozesua. Ez genuen arazorik izan.
Iazko dokumentala nazioartean erakutsi dute, tartean, AEBn. A ze ohorea, ezta?
Jaialdi askotan aurkeztu dute. Coloradon highline modalitateari buruzko zinema jaialdi bat antolatzen dute. Nik zuzendariari eman nion horren berri eta filma bidali zuen. Bestetik, Italian, emakume kirolarien mendiko zinemaren jaialdi batean saria jaso zuen. Eta hemen, Mendi Tour-eko saioetan ez ezik, hainbat tokitan eman dugu.
Aurrera begira baduzue beste erronkarik begiz jota?
Gorbeian bertan aukera dago linea apur bat luzatzeko, Lekanda mendirantz zabalduz gero. Baliteke uztailean berriro itzultzea, hirugarren urtez jarraian, eta linea luzeago bat muntatzen saiatzea. Motibazioa eta jendearen konpromisoa beharko dugu, lan handia delako. Azken batean jendeak pertsona bat soka gainean dabilela ikusten du, baina lan handia dago atzean: baimenak, tokia aztertzea, logistika, materiala, janaria…



