Euskal Zirku Elkarteak topaketa egingo du asteburuan, Tolosan, Gure Zirkuak San Esteban auzoan duen gunean; hirugarren urtez jarraian antolatu dute. Ostiraletik igandera izango da, eta larunbat arratsaldean egingo dute ekitaldi nagusia: kabareta. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako artista profesionalak elkartuko dira Tolosan, eta elkarrekin egingo dituzte otorduak; gainera, zirkuko karpan lo egiteko aukera izango dute.
Garazi Pascual Esnaola zirku garaikideko funanbulista debarra Euskal Zirku Elkarteko kidea da, eta adierazi du topaketak aukera ematen diela artistei ohiko laneko girotik aldendu eta elkar hobeto ezagutzeko. «Askotan ez dugu denok ezagutzen, bazkide berriak sartzen baitira elkartean, eta topaketak aukera ematen digu gure artean elkar ezagutzeko. Gainera, gure artean hitz egiteko ere balio du, bakoitzak zirkuko egoera nola bizi duen adierazteko, bakoitzaren esperientziak, egoerak eta bizipenak partekatzeko, alegia».
Etzi arratsaldean bilduko dira parte-hartzaileak, elkarrekin egon eta gero, afaldu egingo dute. Egun horretan, gainera, astebururako ekintzetan parte hartzeko izena eman beharko dute. «Ekintza asko momentuan bertan antolatzen ditugu. Artistak iristen diren heinean sortzen dira ideiak eta ekintzak. Gainera, asteburuan zehar askotariko eginkizunak egongo dira, hala nola, sukaldean laguntzea, ikastaroren bat egitea edo garbiketa lanak egitea», azaldu du Pascualek.
Egunean bertan sortua
Larunbat goizean, haurrek zirkuko diziplinak probatu eta jolasteko aukera izango dute, horretarako prestatuko duten karpa txiki batean. Beste karpa bat ere izango da, artistek entrenatu dezaten. Arratsaldean, kabareta edo gala nagusia egingo dute. «Topaketan parte hartzen dugun artistok aukera izango dugu galan saio bat egiteko».
Saio horiek aurrez prestatutakoak edo egunean bertan sortutakoak izan ohi dira. Artista debarrak aurreratu du gehienek aurrez prestatuta eramaten dutela, baina zenbait gauza topaketan sortzen dituztela. «Inprobisatutako gauza asko izaten dira, baita larunbatean sortzen diren elkarlan berriak edo azken momentuan prestatutako saioak ere. Goizean, proposamenak ezagutu eta talde-entrenamenduak sortzen ditugu. Gero, dena ordenan jartzen dugu ikuskizuna osatzeko. Oso polita izaten da prozesua».
Zirku eskoletako ikasleek ere parte hartuko dute kabaretean, haiek egiten duten lana ikusarazteko. «Aukera ematen diegu etorkizuneko artistei agertokia probatzeko». Kabaretaren helburua ere bada urtean zehar elkarteko artistek egindako lana erakustea. «Egun horretarako espresuki sortzen dugun ikuskizun bat da, aurretik prestatu gabekoa. Herriari lanean ari garela erakusteko modua da», adierazi du Pascualek. 19:00etan izango da saioa, eta ikustera joan nahi duenak Entradium.com webgunean erosi ditzake sarrerak, bakoitza sei euroan.
«Larunbaterako espresuki sortzen dugun ikuskizuna da kabareta»
Garazi Pascual
Euskal Zirku Elkarteko kidea
Azkenik, igandea egun lasaiagoa izango da. Artistek elkarrekin gosalduko dute, eta ondoren, dena txukundu eta garbituko dute, materiala jasotzearekin batera.
Urtean zehar ez bezala
Debarrak aitortu du aurreko bi aldietan erantzun «oso ona» izan duela topaketak eta «oso ondo» funtzionatu duela. «Helburua elkartzea denez, elkarrekin gaudenean oso gustura egoten gara. Urtean zehar askotan elkartzen gara, baina bakoitza bere ikuskizunarekin, bere konpainiarekin. Topaketa honetan, berriz, beste modu batera elkartzen gara, presiorik gabe, gure artean egoteko eta ondo pasatzeko». Pascualek gehitu du elkartearen asmoa ez dela topaketa erraldoi bat egitea: «Formatu txikiagoa nahi dugu, gertukoa».
Topaketa, berez, ekintza irekia da. Elkarteko bazkideek parte hartzeko antolatzen dute, baina ateak zabalik dituzte zirkuaren munduan dabilen edonorentzat. Asteburuan zenbat lagun elkartuko diren jakiteko, parte-hartzaileek galdetegi bat bete behar izan dute aurrez. Hartara, aurrez antolatuko dituzte otorduak eta lo egiteko lekua.
Ez dute aurrekonturik, eta parte-hartzaile bakoitzak 10 euro ordainduko ditu gastuei aurre egiteko. Topaketan bertan, guztien artean banatzen dituzte eginkizunak. «Horrek erantzukizuna sortzen du, eta denok sentitzen gara proiektuaren parte. Espazio guztia gure artean antolatzen dugu eta borondatez aritzen gara lanean. Gainera, lan horiek egiten ari garenean jende berria ezagutzeko aukera izaten dugu. Hori guztia ederra da», esan du Pascualek.
«Espazioa gure artean antolatzen dugu, eta borondatez aritzen gara lanean»
Garazi Pascual
Euskal Zirku Elkarteko kidea
Artisten baldintzak hobetzeko
50 bazkide inguruk osatzen dute Euskal Zirku Elkartea. Horien artean, 28 konpainia eta 14 zirku eskola daude. Elkartearen eginkizuna da zirkua sustatu eta Euskal Herrian lan egiten duten artista profesionalen baldintzak hobetzea. Horretarako, azoketara eta jaialdietara joaten dira. Gainera, katalogo bat dute, egiten duten lana erakusteko.
Bestetik, EZE elkarlanean aritzen da erakundeekin, besteak beste Eusko Jaurlaritzarekin, elkartearen eta artisten baldintzak hobetu eta programazioa areagotzeko. «Helburua da antzokietan zirku saio gehiago antolatzea eta konpainiek lan egiteko aukera gehiago izatea», azaldu du Pascualek. Bien bitartean, elkarteak konpainiei eta eskolei laguntzen jarraituko du, baldintzak hobetu, aukera berriak sortu eta zirkuaren sektorea aurrera eramateko. Oraingoz, asteburuan Tolosan egingo dute urteroko topaketa, eta larunbatean ikuskizun nagusiaren txanda izango da.