ELKARRIZKETA

«Geologia munduan, Euskal Herriko enbaxadore txiki bat sentitzen naiz»

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko martxoaren 13a

Asier Hilario Orus geologoa. J.A.D.

Mundu mailako geologo aditu aitortuenetako bat da Asier Hilario Orus tolosarra. Besteak beste, Geologia Zientzien Nazioarteko Batasuneko Geologia Ondarearen Batzordeko presidentea eta Unescoren Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoa da.

Geologoen lanari esker dakigu Lurra planetaren bizitzak zenbat urte dituen. Lanbide horretan, eta ez nolanahi gainera, aritzen da Asier Hilario Orus (Tolosa, 1977). 2001eko udaran Pirinioetan doktoretza-tesia egiten hasi, eta bertako mendietako maldak nola, geologian kargu batetik bestera gorantz joan da. Azken urteotan, besteak beste, munduko geoparkeen inbentarioa osatzen ari da. Gaur, berriz, Amalur Jardunaldietako saioan parte hartuko du; Topic-en izango da, 19:00etan.

Gogoan duzu geologiarekin izan zenuen lehen kontaktua?

14-15 urterekin nahiko argi nuen geologia ikasi nahi nuela. Eragina izango zuen tolosarra izateak, mendiz inguratutako herri bat delako, eta hemen inguruan askotariko paisaiak ikusteko aukera dugulako. Zortekoa naiz, gurasoekin askotan joaten nintzelako mendira, Aralarrera nahiz Pirinioetara. Haiek ikustean, beti sentitzen nuen mendiak ulertzeko beharra: Zergatik daude hor? Zergatik dira diren bezalakoak? Zergatik dute duten altuera eta ez beste bat? Gerora ulertu nuen geologia zela galdera horiei hobekien erantzungo zien zientzia.

Zer esan zizuten etxean geologia ikasi nahi zenuela esatean?

Babes handia izan nuen, eta beti eskertuko dut hori. Garai hartan ia etorkizunik ez zuen karrera bat zen; gaur egun, ez da horrela. Geologoek lan asko egiten dute, eta oso ondo, gainera.

Ez zenuen gustura amaitu unibertsitatean, ezta?

2019an, Nikaraguako Rio Coco Geoparkea ebaluatzen eskola batean.

Karrera amaitu nuenean, sentitzen nuen ez zuela nire nahia asebete; uste dut zerikusia duela geologia irakasteko moduarekin. Hori dela eta, doktoretza egitera animatu nintzen. Orduan bai ulertu nuen zer den geologo izatea, paisaiak geologoen begiekin begiratzea, galderak egitea eta horiek erantzutea, eta hein txiki batean, Pirinioetako mendiak ulertzea.

2009an, Polecat Bench eremuan (AEB), duela 56 milioi urteko beroaldi klimatikoa aztertzen.

Izan ere, Pirinioen ardatzean egin zenuen doktoretza tesia, 2001 eta 2004 urteen artean.

Aukera izan nuen urtero, ekainetik urrira, Benasen (Aragoi, Espainia) egoteko; bertan daude Pirinioetako mendirik altuenak. Mendia gustuko dugunontzat sekulako paradisua da. Bi mendikateren historia dago Pirinioetan. Batetik, gaur egungo Pirinioak, duela 40 milioi urte altxatu zirenak eta ordutik higatzen ari direnak; baina Pirinioen barrualdean badago mendikate zaharrago bat, duela 300 milioi urte sortu zena. Lurraren historian inoiz egon den handiena zen; pentsatzen da gaur egungo Himalaiaren antzeko mendikatea izan zitekeela, 9.000 metroko altuerarainoko mendiekin. Hori guztia higatu eta desagertu egin zen. Erliebeak desagertu egin ziren, baina horien sustraietan zeuden arroka deformatuak han eta hemen geratu ziren, eta gaur egun Pirinioetan agertzen dira. Euskal Herrian, esaterako, Aiako Harria da Pirinio zahar horren testigu bat.

Nolako esperientzia izan zen?

Itzela. Intentsitate handiko urteak izan ziren, eta era berean, aberasgarriak. Egunean zehar mendian aritzen nintzen lanean; aterpetxeetan bizi nintzen. Mapa eta iparrorratz banarekin moldatu behar nuen, eta laginak hartzen aritu nintzen. Etengabe galderak egiten aritu behar izan nuen, gauzak ulertzeko eta erantzunak topatzeko. Gerora konturatu nintzen, esperientziagatik, zeinen inuzenteak ziren hasieran egiten nituen galderak. Ikaragarri gozatu eta ikasi nuen.

24-25 urte zenituen orduan. Ausardia behar da gero!

Denborarekin ohartzen zara egindakoaz. Momentuan, bultzadak eraginda egiten duzu, nahigabe edo gogo handia duzulako. Konfiantza handia nuen, eta esperientzia hark asko indartu ninduen pertsonalki, ez ikuspegi geologikotik bakarrik. Toki haietan nire kabuz ibiltzeko eta moldatzeko gai izatea ikaragarria izan zen.

Gero, Suitzako Teknologiaren Institutu Federaleko ikerlari izan zinen, eta Himalaiako Karakorum mendi sisteman aritu zinen lanean. Nola gogoratzen dituzu garai haiek?

Pirinioetan granitoaren deformazioak nolakoak ziren neurtu nuen, eta horretarako teknika nahiko berritzailea erabiltzen nuen. Horrek balio izan zuen inguruko deformazio guztiak nolakoak ziren ulertzeko. Bat-batean, Suitzako institutuan lanean ari zen geologo frantses bat, Karakorumen esperientzia handiena zuena, gurekin harremanetan jarri zen. Urteak zeramatzan eremu hartan lanean, baina ez zekien granitoaren deformazioak nola interpretatu, eta gure teknika erabili nahi zuen.

Aukera onartu nuen. Era berean, esperientzia aberasgarria, frustragarria eta argigarria izan zen. Ezin izan genuen Karakorumera joan, politikoki oso leku arriskutsua zelako. Bizpahiru hilabetez mendian utzi nahi ninduten, pare bat astorekin, bertako bi biztanlerekin eta kalashnikov bat zeraman gizon batek eskolta emanda. Gainera, tribuetako buruzagien onespena behar nuen. Ez zitzaidan batere gustatu proposamena. Baldintzek ez zuten ahalbidetzen lana ondo eta lasai egitea. Eremua ezagutu nahi nuen, eta aurrerago, nire kabuz joateko aukera izan nuen, eta asko gozatu nuen.

Behin doktoretza-tesia egin eta Suitzan lanean aritu ondoren —urtebete egin zuen—, ohartu nintzen zientzialari izatea ez zela nire bide naturala. Nire bizitza hemen garatu nahi nuen, gaur egun egiten ari naizen moduan, kudeaketaren eta koordinazioaren alorrean. Esperientzia propioekin eraiki dut nire ibilbidea, eta zentzu horretan, esperientzia oso argigarria izan zen Suitzakoa.

Ordutik, nazioarteko proiektu ugaritan parte hartu duzu. Zertan aritu izan zara?

2009an, 'Flysch, Haitzen Hitza' dokumentala grabatzen Islandian, Europa eta Amerikako plakak banatzen diren arroilan.

Suitzatik bueltan, Zumaiako Flysch-ean hasi nintzen lanean, Unescoren Euskal Kostaldeko Geoparkean. Horrek nazioarteko proiektuetan parte hartzeko ateak ireki zizkidan. Gaur egun, buru-belarri ari naiz mundu mailako proiektu potoloetan. Besteak beste, aukera izan dut munduko leku geologikoen inbentarioa abian jarri eta koordinatzeko. Profesionalki inoiz egin dudan proiektu garrantzitsuena da.

Zumaiako Flysch-a izan da Hilarioren lanaren inspirazio-iturri nagusia.

«Munduko leku geologikoen inbentarioa profesionalki inoiz egin dudan proiektu garrantzitsuena da»

Zertarako ari zarete inbentarioa egiten?

Munduko leku geologiko garrantzitsuenak aitortzeko. Epe motzean, sekulako emaitzak lortu ditugu. Aukera izan dut mundu osoko mila ikertzaile baino gehiagorekin lan egiteko. 90 herrialdetako mila aditu baino gehiagok parte hartu dugu proiektuan, baita nazioarteko 25 erakunde zientifikok ere, eta momentuz 300 leku izendatu ditugu IUGS SITE bezala. 

Inbentario bat egitea, hau da, zerrendan sartu beharreko lekuak adostea ez da zaila, baina zerrenda horrek mundu guztiaren bermea izatea bai, gauzak ez direlako berdin ulertzen kontinente guztietan. Horretarako, beharrezkoa da programa sendotasunez eta malgutasunez zuzentzea.

2022an, Zumaian aurkeztu genituen inbentarioko lehen ehun lekuak. 2024an, beste ehun aurkeztu genituen Korean, Munduko Geologia Kongresuan. Duela hilabete, Geologia Zientzien Nazioarteko Batasuneko Zuzendaritza Batzordearen bileran egon nintzen Kolonbian, eta bertan beste ehun onartu genituen. Horiek Portugalen emango ditugu ezagutzera, azaroko lehen astean. Laugarren ehunekoa 2028an aurkeztuko dugu, Kanadan, eta orduan amaituko da proiektua. Ezinbestekoa da proiektuak ireki moduan ixtea, proposamenak kalitatea galtzen hasi baino lehen. Ez dakit zer egingo dudan 2028tik aurrera nazioartean, baina oso harro sentituko naiz ordura arte egindakoaz.

Unescoren Geoparkeen programaren garapenean ere oso murgilduta zaude. Zer da Geoparke bat?

Geoparke bat ondare geologikoa duen lurraldea da; gainera, ondare hori eremuaren garapenerako erabiltzen du, nortasun bat emateko. Gaur egun, mundua zein bidetik doan ikusita, geoparkeak mugimendu politiko bat dira. Ez nuke esango globalizazioaren aurkako erresistentzia-mugimendu bat denik, baina badu zerbait horretatik, geoparkeek balioa ematen diotelako tokian tokiko paisaiari, lurrari, kulturari eta herritarrei. Geoparkeetan topatu dut beti bilatu izan dudan lotura: harria eta herria.

Munduan 229 geoparke daude. Euskal Herrian bakarra daukagu, Euskal Kostaldekoa. Espainian 18 daude; Txinaren atzetik, gehien dituen herrialdea da. Gure geoparkea munduko txikiena da, eta lurraldearentzako emaitza positiboak izan ditu. Geoparkeak balio du eremuak elkartzeko, eta Euskal Kostaldekoaren kasuan, Deba, Zumaia eta Mutriku kohesionatu ditu.

Euskal Kostaldeko Geoparkearen barruan, Flysch-a nabarmendu beharko da. 'Flysch Biotopoa' liburua argitaratu zenuen eta 'Flysch, Haitzen Hitza' dokumentala ere egin zenuten.

Inbentarioko lehen ehun lekuen artean sartu genuen. Gure marka geologiko nagusia da, milioika urteetako itsas hondoen pilaketa erraldoi bat. Gauza asko erakutsi dizkit. Mendietatik iritsi nintzen Zumaiara, eta bertan aurkitu nuen nire ustez geologiak duen esanahi garrantzitsuena: denbora geologikoa. Denbora geologikoa zer den eta nola neurtzen den ulertzeko munduko leku geologiko onena da. Gaur egun ikusten dugun edozein paisaia milaka diaporama dituen pelikula bateko azken diapositiba besterik ez da. Diapositiba asko daude lurraren historia ezagutzen laguntzen dutenak.

«Denbora geologikoa zer den eta nola neurtzen den ulertzeko munduko leku onena da Zumaiako Flysch-a»

Guztira, zazpi liburu eta 50 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu dituzu. Ez da lan makala. Zertarako balio izan dute?

Nire artikulu gehienak komunikazioarekin edo geoparkeekin zerikusia dutenak izan dira, eta ondare geologikoa nola barneratu eta erabili erakusteko balio izan dute. Badirudi Zumaiako kasuan asmatu dugula gauzak nola egin; munduan erreferente bilakatu da. Asmatu dugu geologiaren garrantzia partekatzen eta sozializatzen, gure egiten, gipuzkoarrona ez ezik, euskal herritarrona eta bisitatzen gaituzten guztiena. Polita ez ezik, irisgarria da, erakargarria, eta ulerterraza. Askok bertan ulertzen dute lehen aldiz geologia eta lurraren historia.

Bisitatu beharreko lekuetako bat bilakatu da, ikonoetako bat. Azken 5-10 urteetan, turismoak espantsio ikaragarria izan du leku guztietan. Bestela ere oso ezaguna izango zen eremua, baina guk egindako lanak eduki edo marka bat eman dio, baita hori ondo kudeatzeko tresna bat ere. Geoparke batek garapenerako helburu asko ditu, ez ekonomikoa bakarrik. Esaterako, bertakoak jakitun dira duten altxorraz, harro daude, eta hori ukiezina da.

Eta Tolosaldean, badira leku geologiko garrantzitsuak?

2021ean, Aralarren irteera bat gidatzen.

Aralar da leku bereziena eta aberatsena. Eta Aralarren bertan, bereziki nabarmenduko nuke Amezketako Arritzagako bailara. Bertan egon zen Pirinioetatik kanpo Euskal Herrian ezagutzen den glaziar bakarra, duela 40.000 urte inguru. 5 kilometroko luzera eta 70 metroko izotz-lodiera zuen glaziar-mingaina zen. Horri esker, bailarak forma berezia du eta geologikoki oso interesgarria da.

'Geodibertsitatea, gure lurraldearen memoria ezkutua' liburua ere argitaratu zenuen, eta garrantzitsua izan zen zure ibilbidean.

Oso interesgarria da geologian interesa duen edonorentzat, eta balio du Euskal Herriko paisaia modu sinplean ulertzeko. Gainera, geologiak beste guztia, hala nola, ekonomia, ekologia, historia edo nortasuna, nola baldintzatzen duen azaltzen du.

Gaur egun, mundu mailako geologia aditu aitortuenetako bat zara. Zer suposatzen du horrek? Presioa? Ohorea?

Lan ikaragarria. Ni ez naiz kontsideratzen mundu mailako aditu aitortuenetakoa, ez naizelako zientzian aritzen, ez dudalako ikerketa egiten. Hala ere, gauza bat edo beste tarteko, zuzendaritza- edo koordinazio-postuetan kokatu naute, nik horretarako intentzio berezirik izan gabe. Gustuko dut alor horretan lan egitea, eta moldatzen naiz. Ardura handia da, baina oso aberasgarria, munduaren ikuspegi zabalagoa daukadalako.

Unescoren Munduko Geoparkeen Kontseiluko eta Munduko Geoparkeen Sarearen Batzorde Exekutiboko kide zara, eta tartean, Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoa.

Hori da nire eguneroko lana, eta oso harro nago. Horrelako programa handietan sartzen zarenean, garrantzitsua da hankak lurrean mantentzen dizkizun zerbait edukitzea, eta horretarako leku fisiko bat behar da. Geologia munduan Euskal Herriko enbaxadore txiki bat sentitzen naiz. Harremana daukat munduko elkarte geologiko nagusi guztiekin, eta nik koordinatzen ditut. Gainera, nire izena lotuta doa Basque Coast delakoarekin. Hori ohore bat da niretzat, gure herriaren izena eta izana nazioartera eramateko aukera dudalako.

2020az geroztik, Geologia Zientzien Nazioarteko Batasuneko (GZNB) Geologia Ondarearen Batzordeko presidentea zara.

Hori da dudan ardura handiena. Dei bat jaso nuen, hamar urte lehenago ezagutu nuen geologo amerikar ospetsu batena. Hark proposatu zidan kargua hartzea, eta horrela murgildu nintzen inbentarioen proiektuan. Duela 60 urte sortu zen batasuna, geologoek pentsatu zutelako denen artean adostu behar zela nola garatu gure zientzia, beharrezkoa zela bateratze bat, nahiz eta gero tokian tokiko erabakiak egon. Gaur egun, munduko eragile geologiko handiena da, nolabait esateko, geologia elkarteen ama.

Zer eman dizu geologiak?

Mendiak maite nituelako eta mendiak ulertu nahi nituelako hurbildu nintzen geologiara, baina denborarekin lurraren dinamikarekin eta formekin zerikusia dutenak baino gauza askoz gehiago erakutsi dizkit, sakonagoak. Geologiak gehiago eman dit ikuspegi filosofiko edo existentzial batetik ikuspegi zientifikotik baino; nor naizen edo nor garen hobeto ulertzeko testuinguru bat eman dit.

Zortekoa sentitzen naiz, nire betiko zaletasuna ofizio bilakatu zaidalako. Nire garapen profesionalak, geologiak, nire garapen pertsonala elikatu du, eta ziurrenik, nire garapen pertsonalak asko elikatu ditu geologiaren kudeaketan egin ditudan zenbait gauza.

Zenbateko garrantzia du geologiak ingurumenean? Eta zenbateraino gara kontziente duen garrantziaz?

Oso bestelako erantzuna dute bi galderek. % 100eko garrantzia du geologiak, gero eta gehiago, gainera; bestalde, ez gara kontziente duen garrantziaz. Edozein gizarte edo lurralderen garapenerako ezinbesteko zientzia da. Etorkizunean, ingurumenarekin eta ekonomiarekin zerikusia izango duten erronka nagusiak guztiz lotuta egongo dira geologiarekin.

Geologoak iraganeko detektibeak zaretela esan zenuen duela 14 urteko elkarrizketa batean. Iritzi berdina duzu orain?

Bai. Munduko artxiborik zabalena eta politena daukagu, eta, horregatik, iraganeko detektibeak gara. Hori ulertzea ezinbestekoa da, etorkizuneko erronka nagusiei aurre egiteko prestatuago egoteko.

«Munduko artxiborik zabalena eta politena daukagu, eta, horregatik, iraganeko detektibeak gara»

Geologia osasuntsu dago gaur egun?

Bai, geroz eta gehiago dakigulako, eta lanerako geroz eta aukera gehiago daudelako. Gainera, estrategikoki, nazioarteko erlazioetan ezinbestekoa izango da. Hala ere, komunikazioan oraindik ez dago osasuntsu. Gizartea oraindik ez da kontziente geologiaren eta geologoon egitekoa zein den. Azken bi hamarkadetan hobetu da hori, baina oraindik urruti gaude. Eskoletan oso gutxi irakasten da eta unibertsitatean geroz eta ikasle gutxiago dago. Desoreka bat dago. Ezinbesteko zientzia da eta izango da, eta lan egiteko aukera oso onak ematen ditu. Aldiz, ez gara gai izan hori ondo transmititzeko eta horri lotuta bokazioak sortzeko.

«Gizartea oraindik ez da kontziente geologiaren eta geologoon egitekoa zein den»

Ehun hitzaldi eta konferentziatik gora egin dituzu munduan zehar. Nolako erantzuna izaten dute saio horiek? Gizarteak badu interesa geologian?

2023an, Indian Unescoren monumentuak eraikitzeko erabili ziren arrokak aztertzeko kongresuan.

Lehen marraztu dudan argazki negatibo hori ez da berdin munduan leku guztietan. Adibidez, AEBetan, Txinan, Japonian edo Australian geologia modan dago; gazteei erakargarri zaie, eta estimua diote. Gainera, lanerako aukera onak dituzte. Gizartean merezi duen aitortza du geologiak herrialde horietan. Europan, ordea, aitortza txikiagoa dauka. Nire kasuan, geologiarekin loturarik ez duen publikoari hitz egin izan diodanean, eta begiak ireki dizkiodanean, feedback-a oso positiboa izan da. Interesgarria egiten zaie, eta zientzia garrantzitsua iruditzen zaie. Hitzaldi bakoitzean lauzpabost kontzientzia esnatuz gero, oso pozik nengoke.

Gaur, 'Glaziarrak gainbehera azkarrean' solasaldia egingo duzu Eñaut Izagirrerekin, Amalur Jardunaldietan. Zeri buruz ariko zarete?

Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Azken urteetan Pirinioetako glaziarren desagerpena aztertzen aritu da. Bost edo sei glaziar nagusi daude Pirinioetan, eta azken urteetan izotz-masa handia galdu dute. Duela gutxira arte, adituek uste zuten urtean metro bateko lodiera galtzen zutela, baina azken lauzpabost urteetako azterketen arabera, urtean bi eta bost metro artekoa galtzen dute. Hamarkada gutxietan Pirinioak glaziarrik gabe geratuko dira, eta desberdinak izango dira; klima aldaketaren ondorioetako bat da. Mendiak bereziki sentsibleak dira tenperatura aldaketa handien aurrean, eta glaziarrak dira horren erakusle.

Zenbateko eragina du klima aldaketak geologian?

Iaz, Reykjanes Geoparkean (Islandia), azken urteetako erupzioa eta koladak aztertzen.

Zorionez, geologoak garrantzitsuagoak dira ingurumen-ikerketetan. Geologiak badu beste edozein zientziak ez duen zerbait: artxibo historikoa. Betidanik izan dira aldaketak naturan, espezieren batek eragindakoak, baina orduan ez ziren kontziente. Gaur egun, gure espeziea da klima aldaketaren eragile nagusia, baina are gehiago, kontziente gara aldaketaz. Beraz, nahiko bagenu, norabidea aldatzeko gai izan beharko genuke.

«Geologiak badu beste edozein zientziak ez duen zerbait: artxibo historikoa»

Ez da Amalur Jardunaldietan parte hartuko duzun lehen aldia. Nolako garrantzia dute?

Niretzako opari bat da herrian bertan nire esperientzia partekatzea. Ez dira leku askotan izaten halako jaialdiak. Arrakasta handia dute hitzaldi guztiek, eta ikusten da atzetik lan handia dagoela. Eskaintza kalitate handikoa izaten da beti, eta urtez urte mantendu egiten da. Sekulako balioa dauka gaur egun hitza erdigunean jartzen duen ekimen batek halako arrakasta edukitzea.

Motzean

Geologo bat?

James Hutton eskoziarra. Denbora geologikoaren sakontasuna definitu zuen lehen geologoa.

Geoparke bat?

Granadakoa eta Ordesa inguruan dagoen Sobrarbe-Pirinioak.

Geologia proiektu bat?

Azken urteetan garatu dugun munduko leku geologiko garrantzitsuenen inbentarioa.

Euskal Herriko geologia eremu garrantzitsu bat, Zumaiako Flysch-az aparte?

Aralar.

Inoiz bisitatu ez duzun zer geologia eremu edo geoparke bisitatu nahiko zenuke?

Himalaian, Everest ingurua, munduko mendi altuenak dauden tokia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!