ELKARRIZKETA

«Argazki bat ez da gure lana bakarrik; talde-lanaren emaitza da»

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko martxoaren 15a

Ane Yarza Alustiza argazkilaria. J.A.D.

Etxean topatu du lasaitasuna Ane Yarza Alustiza argazkilariak, 20 urtez Bartzelonan bizi eta pasioa ofizio bilakatu ondoren; argazkiak egiten ditu izen handiko arropa markentzat.

Ia bizitza erdia baino gehiago egin zuen Bartzelonan Ane Yarza Alustiza (Tolosa, 1982) argazkilariak. Bertan ikasi, lanean hasi, eta duela bost urte itzuli zen jaioterrira, lasaitasun bila. Bikotekidearekin batera argazkilaritza enpresa sortu, eta hamarkada baino gehiago daramate bertako nahiz nazioarteko moda enpresa ezagunentzat lanean. Bestelako proiektuak ere egiten dituzte, baina uneoro ondo egiteko presiopean eta bezero berrien deia jasotzeko esperantzarekin: «Beti eman behar duzu % 100a».

Txikitatik duzu argazkiekiko zaletasuna?

Aitak argazki kamera bat zuen; gaur egun edonork dauka bat, baina lehen ez. Nik tarteka hartzen nion, eta argazkiak egitera ateratzen nintzen. Paisaien argazkiak egiten nituen, eta lagunei ere ateratzen nizkien. Oso ondo pasatzen nuen. 16 urte ingururekin, kultur etxeko bi argazkilaritza ikastaro egin nituen Iñigo Royorekin. Asko ikasi nuen, eta oso oroitzapen onak ditut.

Behin batxilergoa amaitzean, zer ikasketa egin aukeratu behar nuen, eta komeri handiak izan nituen. Aitak aholkatu zidan argazkilaritzari lotutako ikasketak egitea, zaletasun handia nuelako. Nik ez nuen uste argazkilaritzatik bizi zitekeenik, baina aurrera egitea erabaki nuen. Terrassako (Katalunia) argazkilaritza eskolara joan nintzen, eta hiru urtez aritu nintzen ikasten.

Zer ikasten da argazkilaritza eskola batean?

Denetik: argazkilaritzaren historia, optika, teknika desberdinak... Gaur egun, akaso, ez da horrenbeste teknika behar. Gure kasuan, argazkilaritza analogikoarekin hasi ginen. Laborategi bat zegoen eskolan, eta eskuak zikintzen aritzen ginen. Konturatu gabe, orduak igaro genitzakeen bertan. Lehen, argazkilaritza analogikoan, argiztapen handiagoa behar zen. Gaur egun, argazki kamera digital batean ISO sentsibilitatea 5.000 puntutan jarri dezakezu farola batez baliatuta argazki on bat egiteko. Laborategia ez ezik, argazki-estudioak ere bagenituen eskolan. Beraz, erabat praktikoa izan zen. Gozamen handia.

Behin ikasketak amaitzean, lanean hasi zinen?

Lehen ikasturtea amaitutakoan, udan lanean hasi nahi nuen. Tolosara etorri eta Joseba Urretabizkaia argazkilariarengana jo nuen. Oso gustuko nituen haren erretratuak; argazki mota horiek egiten zituzten inguruko argazkilarien lanak begiratzen aritu nintzen, eta haren ikuspuntuak erakarri ninduen gehien.

Neure burua aurkeztean, haren erantzunak ezustean harrapatu ninduen: «Une honetan, ezkontza asko dauzkat». Nahi izanez gero, horietan argazkilari laguntzaile aritu nintekeela esan zidan, eta nik pentsatu nuen zerbaitekin hasi behar nuela. Donostiako beste mutil bat eta hirurok aritzen ginen, eta oso ondo pasatzen genuen. Ezkontzez gain, beste proiektu batzuetan aritzeko aukera ere eman zigun Urretabizkaiak. Bigarren ikasturtean Terrassara itzuli nintzen, baina ezkontzaren bat izaten zen asteburuetan Tolosara etortzen nintzen.

Eskolan ikasten ari nintzen bitartean, proiektu txiki gehiagotan ere lan egin nuen. Ikasketak amaitutakoan lan-poltsa batean izena eman nuen, eta laborategi eta argazkilaritza-artxibo banatan aritu nintzen lanean. Beranduago, argazkilari laguntzaile hasi nintzen. Gehiago gozatzen hasi nintzen, baita eskolan ikasitako teknikak ez erabiltzen ere.

Zer esan nahi duzu?

Eskolan teknika jakin batzuk irakatsi zizkiguten, eta horiek banekizkien erabiltzen, baina moda eta publizitateari lotutako argazkiak egiten hasi nintzenean teknikak erabat apurtzea eskatu zidaten. Ikasgai berri bat izan zen niretzat. Urte asko egin nituen freelance argazkilariekin.

Geroago, Ane & Jose Photography enpresa sortu zenuen bikotekidearekin.

Josean eta biok elkar ezagutu genuen eskolan. Ikasketak amaitutakoan bakoitzak bere bidea hasi zuen argazkilari laguntzaile modura, baina duela hamahiru urte etorri zen aldaketa handiena, Joseanek eta biok lehen haurra izan genuenean. Lehenago lan-karga handia izaten nuen, ordu asko sartzen nituen, eta ama izan nintzenean erlaxatzen hasi nintzen. Orduan, bestelako proiektuak egiteko aukera ere sortu zitzaidan, txikiak zein handiak. Besteak beste, Desigual arropa markarako hasi nintzen argazkilari laguntzaile; beranduago, argazkilari aritzeko deitu zidaten, proiektu handiagoetarako. Hori dela eta, Joseanek eta biok elkarrekin lan egiten hastea erabaki genuen, eta horrela sortu genuen enpresa. Pixkana, bata bestearen atzetik heldu zitzaizkigun proiektuak.

Une honetan, argazkilaritza da zure ofizioa. Gustura ari zara lanean?

Bai. Zorionekoa naiz, gustuko dudan horretan lanean ari naizelako; batzuetan, pribilegiatua ere sentitzen naiz. Ez dut esan nahi egin behar izaten ditudan lan edo enkargu guztiak gustatzen zaizkidanik.

Nolako garrantzia du argazkilaritzak zure egunerokotasunean?

Beno, dena ere ez da. Nire lana da, baina azken aldian denbora gutxi izaten dut proiektu pertsonaletarako, edo neronek ere ez dut tarte handirik hartzen. Gainera, hemen bizitzeak beste zaletasun batzuk sortu dizkit, eta horietarako ere denbora nahi izaten dut.

«Ikusten ez diren zeregin asko daude argazki saio baten atzean; ez da egun bakarreko lana»

Hori bai, arratsalde batean argazki saio bat egitea ez da ordu gutxi batzuetako kontua. Aurrez ondo prestatu behar da eta bilera ugari egin behar dira. Gero, egindako argazkiak etxera ekarri eta produkzioan lan egin behar da. Eta hori egin bitartean, beste bezero batzuek enkarguak egiten dituzte. Igande honetan daukagun saio baterako duela bizpahiru aste casting-a eta bilerak egiten ari ginen, baita argazkiak egiteko tokiak begiratzen ere. Ikusten ez diren zeregin asko daude argazki saio baten atzean; ez da egun bakarreko lana. 

Frame bat da argazki bat, segundo bat baino gutxiago, klik bat. Zenbat lan dago klik horren atzean, bai aurretik eta bai ondoren?

Asko. Eta ez da argazkilarion lana bakarrik; talde-lanaren emaitza da. Enpresa batzuek sorkuntza-zuzendaritza izaten dute, eta modari buruzko proiektuetan estilistak eta makillatzaileak egoten dira. Jantzi mota batetik bestera ere aldea dago. Gauza asko hartu behar dira kontuan, hala nola, publikoa, atrezzo-a, tokia, objektibo mota, argiztapena, aurrekontua eta modeloaren itxura nahiz postura. Gainera, gaur egun lan komertzial bat egiten duzunean, argazkia unean bertan ikusten duzu; lehen ez zen horrela.

Zer ematen dizu argazkilaritzak?

Lanean ari naizenean, tarteka asebeteta sentitzen naiz, gustuko dudan zerbait egiten eta bizitzen ari naizelako. Gure lanari esker askotariko sektoreak ezagutzeko aukera dugu. Egun batetik bestera elkarrengandik oso bestelakoak diren proiektuetan egon gaitezke.

Hala ere, lanbide gogorra da.

Bai, oso gogorra. Uneoro izaten ditugu gorabeherak. Denboraldi oso onak izan ditzakegu, lanean topera aritzen garenak, baina beste batzuetan oso lasai egoten gara, eta orduan pentsatzen hasten gara ea zer ari zaigun gertatzen.

Era berean, gogorra da, etxean baino denbora gehiago igarotzen duzuelako etxetik kanpo, ezta?

Bai. Euskal Herrira itzuli ginenetik errazagoa da. Bartzelonan bizi ginenean ez genuen familia-sare bat, eta umeak ditugunetik asko aldatu zaigu dena. Lan egitera kanpora bidaiatu beharrak egunerokoa zailtzen zigun; joaten ginen, baina burua Bartzelonan genuen. Hemen, nire ahizpen eta gurasoen laguntza daukat. Batzuetan, kanpoan lan bat egin eta gero, asebeteta sentitzen zarenean, berehala ahazten zara aurrez lanera kanpora joateko egindako esfortzuaz. Gaur egun, askotan joaten gara Bartzelonara lanera; gustuko dugu hirira berriz bueltatzea. Hala ere, oso bestelakoa da tarteka itzultzea edo bertan bizitzea.

Zer dela eta joaten zarete?

Gure bezero batzuk bertakoak dira. 20 urtez bizi izan ginen han, garai hartan hasi ginen lanean bertako bezeroekin, eta orain tarteka hara joan behar izaten dugu. Hiria bisitatu eta lagunekin egoteko aprobetxatzen dugu denbora.

Erraza da argazkilaritzatik bizitzea?

Ez. Ikaragarri zaila da. Ez dugu lanpostu finko bat, eta gure bezeroak ez dira betirako. Baliteke bezero batekin proiektu handi bat egitea edo zenbait urtez lanean aritzea, baina berriro ez deitzea, begirada berri bat nahi dutelako eta beste argazkilari batzuekin proba egitea hobesten dutelako. Gu ere modu horretara sartu izan gara proiektu berrietan. 

Euskal Herrira etorri ginenean, lehen urteetan hemen ez genuen bezerorik, eta urte gogorrak pasatu ditugu. Ate joka aritzen zara, baina ez dizute deitzen, ezezaguna zarelako. Asko pentsatzen dute zu hautatu aurretik. Bost urte daramatzagu hemen bizitzen, eta lan handia egin dugu; gelditu gabe aritu gara. Batzuetan, pentsatzen duzu ez duela ezertarako balio, baina deitzen dizutenean, poz handia sentitzen duzu. Une honetan, oso gustura ari gara lanean.

Zer da zailena zure ofiziotik?

Bezeroak lortu eta mantentzea. Lanik ez duzun momentuetan aurrera egitea ere oso deserosoa da. Behin bezeroak lortzen dituzunean, proiektu bakoitza erronka bat izaten da; behin ere ez dago proiektu errazik. Inoiz ez dakizu zer gertatu daitekeen, eta askotan izaten ditugu aurreikusi gabeko arazoak. Behin, modelo batekin argazki saioa egin behar genuenean, aurpegia erreta azaldu zen, tratamendu baten ondorioz, eta ez zuen aurrez abisatu. Sorpresa bat izan zen, argiztapena moldatzen aritu behar izan genuelako.

Zenbat eragiten du elkarbizitza eta lana pertsona berarekin partekatzeak?

Asko, ez duzulako erabat deskonektatzen. Onerako edo txarrerako izan daiteke, nekagarria ala energia-pizgarria, alegia.

Bezero oso garrantzitsuak dituzue. Zeintzuk dira nabarmenenak?

Batela enpresaren Tanta euritakoa izan zen lehen proiektua. Bestetik, Basque Culinary Center-entzat Mamia proiektua egin genuen, Tolosako Chroma etxearekin elkarlanean. Duela gutxi, SKFK etxearekin hasi gara; talde jatorra da, eta proiektu interesgarriak dituzte.

Nazioarteko enpresentzat ere egiten dituzue argazkiak.

Escorpion etxearekin ari gara lanean. Lehenago, Desigual, Loewe, Mango, Stradivarius eta Inditex enpresentzat egin izan ditugu argazkiak, baita Italiako Marina Rinaldirentzat ere. Nabarmentzeko beste bezero bat C&A izan zen; koronabirusaren pandemia baino lehen aritu ginen haiekin lanean.

Aukera izango duzue sektore, pertsona eta leku berriak ezagutzeko.

Bai, eta hori oso aberasgarria da. 

Zein izan da inoiz egin dizueten eskaintzarik handiena?

Desigual eta C&A aipatuko nituzke, baina lehena ezusteko handiagoa izan zen. Proiektu txiki batekin hasi ginen, eta azkenean nazioarteko kanpaina bilakatu zen, asko gustatu zitzaielako. Lanean hasi eta berehala izan zen. Orduan ez geunden prest tamaina handiko proiektu baterako, argazkilari laguntzaile aritzen ginelako. Bestalde, C&A enpresarekin bidaia luzeak egin genituen, Shangaira (Txina) besteak beste.

Baduzu anekdotarik zure ofizioarekin?

Denetik pasatu izan zait; ohikoena, agian, argazki saio bat modu batera egitea pentsatu eta azken unean erabat aldatu behar izatea. Gogoan dut Mamia proiektua egin genuenean Michelin izarreko zenbait jatetxetara joan ginela argazkiak egitera, eta haietan bazkaltzen amaitu genuela.

Motzean

 

Argazki bat? Desigual etxearentzat, berez, proiektu txiki baterako egin genuen argazkia, gerora kanpainako irudi bilakatu zena. Ez da nire gustukoena, baina bai esanguratsuena.

Argazkilari bat? Asko daude oso onak: Bruce Weber, Helmut Newton... 
Zaila da bat aukeratzea.

Nori gustatuko litzaizuke argazki saio bat egitea? Ez daukat pertsona bat buruan. Lehen esan bezala, erronkak gustatzen zaizkit. SKFK etxerako azken saiora etorri zirenak, adibidez, ez ziren modeloak, eta oso gustura aritu ginen. Ez da beharrezkoa ospetsua izatea argazkiak egiteko.

Tolosako txokorik onena argazkiak egiteko? Txoko asko daude: Zumardihaundia, San Blas auzoko arkupeak...

Betiko postala kenduta, Tolosa argazki batean jaso nahiko bazenu… Argazki gehiegi egin dira Tolosan. Alde Zaharreko edozein txoko izan daiteke, Euskal Herria plazako arkupeak ere bai.

Argazkilari batek kameraz gain zer izan behar du ondoan? Gaur egun, ordenagailua [Barreak]. Berez ez du zerbait fisikoa behar; ikuspegi orokorra behar du.

Zer da argazki bat? Gaur egun, argazkiz inbadituta gaude. Argazki bat ikuspuntu bat da. Zuk eta nik gauza beraren bi argazki oso desberdin egin ditzakegu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!