Inauterien ondorena 26

Roberto Zubietarentzat II. Antxon Maderas Saria

Ataria 2026ko martxoaren 9a

200 eurorekin saritu dute izkingile gaztea; bestalde, inork ez zuen lortu bigantxetako bati hark adarrean zeraman lazoa kentzea, eta aurreratu dute datorren urterako proba eskuragarriagoa eta erakargarriagoa egiteko asmoa dutela.

Tolosako Kabila elkarteak banatu du II. Antxon Maderas Saria. Inauterietako Asteartita eguneko Pattar zezenean lan onena egiten duen izkingilea saritzen dute, Antxon Elosegi ekintzaile eta inauterizale tolosarraren memoria eta ondarea gogoratzeko helburuarekin. Joan den ostegunean egin zuten ekitaldia elkartearen egoitzan. Roberto Zubietarentzat izan da sari nagusia. Ikuskizunean lan onena egiteagatik 200 eurorekin saritu dute izkingile gaztea.

Aurten, berrikuntza bat izan da lehiaketan. Bigantxetako bati hark adarrean eraman zuen lazoa kentzen zionak saria eramango zuen. Hala ere, inork ez zuen kentzea lortu. Antolakuntzak aitortu du «elementu txikia» zela, adarretik ateratzeko «zaila», eta horrek erronka zaildu zuela. Hori dela eta, aurreratu dute datorren urterako proba eskuragarriagoa eta erakargarriagoa egiteko asmoa dutela. Antolakuntzak, ordea, Enaitz Tardiori eman zion erronkaren saria –iberiar hanka–, saiakera handiena egiteagatik. Azken saria Jokin Jauregirentzat izan zen; ardo sorta bat jaso zuen.

Sari banaketa ekitaldian parte hartu zuten epaimahaiak, izkingile gazteek –tartean, iazko irabazle Iñigo Goikoetxeak, Lastur ganadutegiko ordezkariek, zenbait txarangetako kideek, Kabilako bazkideek eta Tolosako Udaleko ordezkariek. Ondoren, topa egin zuten Elosegiren alde.

Antolakuntzak nabarmendu du Pattar zezenak urtez urte gero eta ikusle gehiago erakartzen dituela, bereziki familiak. «Hala ere, hondarrera salto egiten duten parte-hartzaile ausartak gutxi dira oraindik». Antolatzaileen ustez, horrelako ekimenek balio dezakete parte-hartzea sustatzeko eta konfiantza indartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!