Tolosa&Co merkatarien elkarteak Braderie eguna antolatu du datorren larunbaterako, martxoaren 14rako. Ekimenaren bidez, Tolosako merkataritza txikia kalera aterako da eta 50 saltoki inguruk parte hartuko dute, beren produktuak dendaren atarian edo herriko hainbat gunetan jarriz.
Ekimena aurkezteko prentsaurrekoa egin dute gaur Tolosako Trianguloa plazan saltoki txikietako ordezkariek. Bertan azaldu dutenez, «larunbatean, martxoaren 14ean, Tolosako saltoki txikien eguna ospatuko dugu, Braderie». Merkatariek nabarmendu dute dendek kalera aterako dituztela «denboraldiko azken beherapenak», eta herritarrek «deskontu bereziez gozatzeko aukera paregabea» izango dutela.
Aurten 50 saltoki inguruk hartuko dute parte ekimenean, eta antolatzaileen esanetan, «bakoitzak bere dendaren atarira aterako ditu produktuak eta batzuk Trianguloa plazan kokatuta ere egongo dira».
Braderie eguna ez da soilik erosketetarako izango. Antolatzaileek azaldu dutenez, «aurtengo Braderieren egitaraua berrikuntzaz betea dator», eta egun osoan zehar jarduera ugari prestatu dituzte herritarrentzat.
Triangulo plazan, adibidez, sariak irabazteko aukera egongo da goizean: «martxoaren 2tik 14ra Tolosa&Co-ko dendetan egindako 10 euroko erosketen tiketak aurkeztuta, erruletan sariak irabazi ahal izango dira». Gainera, ohiko tren txutxua ere ibiliko da herrian zehar egun osoan.
Familiei eta haurrei begira ere hainbat ekintza antolatu dituzte. Goizean puzgarriak eta aurpegi margolaria egongo dira Trianguloan, eta haurrek erraldoi eta buruhandien mundua ezagutzeko tailer berezi bat ere izango dute Kultur Etxean.
Arratsaldean, berriz, erraldoi eta buruhandien konpartsak kaleak girotuko ditu, eta eguna bingo musikatuarekin amaituko da Euskal Herria plazan.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, «ekimenez betetako eguna antolatu dugu, etorri eta gozatu Tolosako saltoki txikiekin batera».
Egitaraua:
-
11:00–14:00: Sariak irabazteko erruleta Trianguloa plazan. Martxoaren 2tik 14ra Tolosa&Co-ko dendetan egindako gutxienez 10 euroko erosketen tiketekin parte hartu ahal izango da.
-
Goiz osoan, puzgarriak eta aurpegi margolaria Trianguloa plazan haurrentzat.
-
Egun osoan, tren txutxua herrian zehar.
-
11:00: Erraldoi eta buruhandien tailerra (5–9 urte bitarteko haurrentzat) Kultur Etxean. Parte hartzeko izena eman behar da aurrez.
-
17:00: Erraldoi eta buruhandien konpartsaren irteera Emeterio Arrese plazatik, herrian zehar kalejira eginez.
-
20:00: Bingo musikatuaren saioa Euskal Herria plazan (eguraldi txarra eginez gero, Zerkausian).