Apustu zirraragarria Tolosako zezen-plazan bizitakoa. Ibai Soroa arribetarrak eta Xabier Zaldua zumarragarrak euren indarrak neurtu dituzte aizkora apustuan. Hamar kanaerdiko eta lau oinbiko ebakitzea izan da egitekoa, eta Zaldua izan da azkarrena lanak burutzen, 40.59ko denborarekin. Soroak 41.58ko denboran bukatu ditu lanak.
Lehen enborrean Zaldua aurretik izan bada ere, bigarrenean Soroak aurrea hartu dio, eta ia apustu osoan aurretik joan da. Hain justu, lan erdiak eginda, ia 40 segundoko aldea ateratzen zion arribetarrak zumarragarrari. Baina, lanak amaitzeko hiru oinbiko falta zirenean parean jarri dira bi aizkolariak. Une horretan, 33.58 segundo igaroak ziren apustua hasi zenetik.
Hortik aurrera, Zalduak abantaila hartu du eta pixkana aldea handituz joan da. Hamabigarren oinbikoa 36.16ko denborarekin amaitu du, eta soroak 36.52ko denbora behar izan du. Hamahirugarrena, hau da, azken aurrenekoa, 38.42ko denborarekin amaitu du Zalduak, eta Soroak 52 segundo gehiago behar izan du. Azken oinbikoan aldea are eta handiagoa izan da. 40.59ko denborarekin amaitu du Zalduak, eta Soroak ia minutua bat gehiago behar izan du, 41.58.
Zirrara, beraz, azken unera arte izan da Tolosako zezen-plazan, eta hori nabaritu da bertaratu diren herri kirol zaleengan.
Eskarmentuak irabazi du gaztetasunaren aurrean. Eta, jokoan jarri dituzten 4.000 euroak Zalduarentzat izango dira.