Elkartasuna zabaltzeko mugimenduan

Ataria 2026ko martxoaren 7a

Herrikide ikastetxea Elkartasun Kanpainan murgilduta dago egunotan, eta gaur Elkartasun urratsak ekimena egin du.

Herrikide ikastetxearen Elkartasun Kanpainak bi aste iraungo ditu: martxoaren 4an hasi ziren eta ostirala arte izango dira. Ekintza nabarmenetako bat gaur egin duten Elkartasun Urratsak da. «Herrira begira egiten dugu, eta dirua jasotzeko beste ekintza bat da», esan du Amaia Manzisidor Pastoraltza taldeko kideak eta irakasleak. San Frantzisko pasealekuan dagoen ikastetxearen inguruan korrika edo oinez aritu dira goizean, 500 metroko ibilbide batean, ikasleak zein beraien familietako kideak. «Bere dortsala du bakoitzak eta horrela egiten du bere ekarpena kanpainari». Bestalde, bi postu jarri dituzte ahatetxoekin: bat, arrantzarena, sariak lortzeko, eta bestea, ahate bereziak erosteko.

Jasotako dirua hezkuntzari lotutako proiektuetara, bereziki alfabetatzearekin zerikusia dutenak, bideratuko dute. «Gure gazteei transmititzen diegu hemen zorte handia dugula hezkuntza jasotzen dugulako, baina munduko beste herrialde batzuetan kosta egiten dela alfabetatzea eta hezkuntza mundura salto egitea, eta bi proiektu horiek bultzatu nahi ditugu mundu guztian berdintasun hori lortzeko», zehaztu du Manzisidorrek. 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!